Gogoa pauso eta pausoa bide, Udaltzaingo eredu berrian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2025ko mar. 7a, 18:13

Otsailaren 26an Azkoitiko ohiko udalbatzarrean eztabaida sortu zen, hutsik dagoen udaltzain postu bat betetzeko gaia lantzean. Ana Azkoitia alkateak EH Bilduk hil bereko 21ean erregistratutako eskaera gai zerrendatik kanpo uzteak ekarri zuen EAJko eta EH Bilduko bozeramaileen arteko tirabira.

Alkatearen esanetan, EH Bilduk "berandu" eta "akats formal" ugarirekin aurkeztu zuen eskaera, baina hori ez da horrela, proposamena denboraz eta formaz zuzen aurkeztu baitzen gure aldetik. Azkoitiko EH Bilduk aitortzen du aurkeztutako proposamena ez zegoela nahi bezala landuta, denbora falta medio. Izan ere, proposamen hura Zumaiako, Getariako eta Azpeitiko udalek Udaltzaingoaren eredu herrikoia indartzeko bi egun lehenago aurkeztu zuten Lan Eskaintza Publikoan oinarrituta zegoen, eta ezin izan zen garaiz egokitu Azkoitiko ohiko udalbatzarrerako. Horrek ez du esan nahi udaltzainen kontratazioaren beste eredu bat landu eta eztabaidatu ahal izateko oinarri sendorik ez zegoenik, aipaturiko hiru herrien artean gai hori ondo jorratuta egoteaz gain, aurrera egiteko berme osoa baitu. Beraz, Azkoitiko EH Bilduren ustez, EAJk gai honi eusteko duen borondate politikorik eza nagusitu zen azkenean, gai hau tratatzeko aukera ezin hobea galduz.     

Gaur egun, Arkautiko akademiak kudeatzen du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Udaltzaingoaren lan poltsa bakarra. Horrek Arkautitik bultzatzen diren planteamendu zentralizatzaileek udal bakoitzaren berezitasuna gutxiestea dakar, horiek segurtasunarekiko duten eskumen apurra saihestuz. Jarduera horrekin, udalerri bakoitzaren interesetatik urrun dagoen polizia eredua inposatzen da, zerbitzuaren kalitatearen eta herritarrekiko hurbileko harremanaren kaltetan. Hori horrela, kezkaz eta arduraz bizi dugu azken urteetan Arkautin gailentzen ari den polizia eredua, besteak beste, bertako fakzioen arteko tirabirak eta eskuin muturreko ideologiaren hedapena direlarik bertan identifikatzen diren arazoetako batzuk. Dirudienez, Jaurlaritzak duen uniformizazio patroiari jarraituz, udaltzainak ertzaindu nahi ditu, eta, hobe luke ertzainak udaltzaintzen hasiko balitz, horiek herritarrekin duten hurbiltasuna berenganatuz.      

Azkoitiko EH Bilduren ustez, Arkautiko sistema bateratuaren bidez kontratatu ordez, herriko udal gobernuari egokitu behar zaio udaltzainen prozesu selektiboen antolaketa eta erabakimena, herritarren beharren arabera udaltzain lantaldearen dimentsioa aztertu eta zerbitzu publiko kalitatezkoa eta aurrerakoia bermatuz. Ildo horretatik, hautaketa prozesuan, herriaren eta haren nortasunaren ezagutza eta, nola ez, euskararen erabilera baloratu beharko lirateke bereziki. Bestalde, enplegu eskaintza Udaltzaingoaren eredu herrikoi bateranzko bidean jarriko litzateke, lanpostuak betetzeaz gain, lan poltsa bat eratuz, aurrerantzean sor daitezkeen beharrei erantzuteko.      

Eta nolako Udaltzaingo eredua proposatzen du Azkoitiko EH Bilduk? Herritarrek gertu eta berea sentituko dutena, entzun, ulertu eta laguntzeko egongo dena une oro. Horretarako, herrian integratu behar du eta ematen duen zerbitzuak izaera komunitarioa izan behar du. Gainera, euskaraz komunikatzeko gaitasun egokia izatea ezinbestekoa da, azkoitiarrak, oro har, euskaraz komunikatzen garenez. Bestalde, segurtasun eredu zentralizatu eta zigortzailetik aldendu eta, prebentzioa, informazioa eta bitartekaritzan ikusten ditugu herritarren bizikidetza hobetzeko baliabiderik eraginkorrenak. Horren haritik, esan beharra dago, armak eramateko betebeharrari buruzko azken legeak ez duela asko laguntzen arlo honetan.            

Herritarrengandik hurbilen dagoen polizia da Udaltzaingoa, eta horrela izaten jarraitzeko, herria eta herritarrak balioan jartzen dituen eredu baten aldeko apustua egiten du Azkoitiko EH Bilduk. Gure ustez, Udaltzaingo ereduaren kontzeptu berria landu behar da, eta horretarako, sentsibilitate politiko desberdinen artean partekatu behar da gai honi buruzko hausnarketa, segurtasun eta zerbitzu publikoari buruzko akordio berriak bideratzeko. Gure aldetik, herritarren benetako beharretara egokitutako Udaltzaingo gizatiarrago baten eredua bultzatuko dugu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide