Gaurdanik eraiki biharko Azkoitia

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2024ko abe. 9a, 12:23

Azkoitia, Balda plazatik. (Filsmuri)

Azkoitiko Udalbatzak abenduko bilkuran hasiera emango dio Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berriaren prozesuari. Konplexutasun handiko prozesua izango da. Izan ere, hurrengo hamarkadetan Azkoitia nolako herria izatea nahi den erabakiko du.

Azkoitiko udalbatzak abenduko bilkuran hasiera emango dio Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berriaren prozesuari. Konplexutasun handiko prozesua izango da. Izan ere, hurrengo hamarkadetan Azkoitia nolako herria izatea nahi dugun erabakiko dugu. HAPOa udalerriak etorkizunean izango duen antolamendua zehazteko oinarrizko tresna da. Udalerriko lurzoruen erabilera arautzeko balio du, etxebizitza, ingurune naturala, jarduera ekonomikoa. Herri proiektu bat definitzen du.

Tamalez, 2006an onartu eta zaharkituta dagoen herri eredua, lege berriei egokitzea besterik ez da Udal Gobernuaren asmoa.

2006ko herri ereduak ez die erantzuten etorkizuneko Azkoitiaren beharrei.

Azkoitiko hirigintzako Arau Lagungarriak onartu zirenetik 22 urte pasatu dira. 22 urte horietan, bi krisi ekonomiko eta pandemia bat bizitzea egokitu zaigu, hori gutxi balitz klima larrialdiaren eragina gero eta agerikoagoa da eta aldaketa sakonen hauen aurrean hurrengo urteetan gure herriak eraldaketa ekonomiko eta sozial handia izan du.

2006ko arau lagungarrietan 14.786 biztanletara iristeko aurreikuspena egiten zen, 1.859 etxebizitza gehiago eraikitzea zen asmoa, beti ere %60 libre %40 Babes Ofizialeko Etxebizitzak (BOE-VPO) helburuarekin. Errealitatea bestelakoa da. 22 urteetan, 1.859 etxebizitza eraikitzeko aurreikuspenetik 744 inguru eraiki dira eta 11.936 biztanlera heldu gara.

Datu hauek ondorioztatzen dute 2006ko aurreikuspenak handiegiak izateaz gain, helburu garbi bat zutela: etxebizitzak eraikitzea, beti ere interes konkretu batzuen mesedetara.

Ekipamenduak eraikuntzari lotuta.

Ekipamenduei dagokienez, herriaren bilakaera etxebizitzen eraikuntzara baldintzatu da, inongo garapen plangintzarik gabe. Hori gutxi balitz, jarritako helburuak ez dira bete, erabilera eta garapenari dagokienez.

  1. Hezkuntza ekipamenduari dagokionez, Urola ikastola dugu kudeaketa honen adibiderik garbiena. Ikastolaren eraikuntza Altamirako urbanizazioaren bigarren fasearen eraikuntzaren arabera baldintzatu zen, ez herriaren momentuko beharretara. Oraindik eraikinaren zati bat falta da eraikitzeko. Jaurlaritzaren esku-hartzea ezinbestekoa izan zen eraikin hori egin ahal izateko, umeak barrakoietan eduki eta gero.
  2. Kirol ekipamenduari dagokionez, eraiki den instalazio bakarra kanpoko igerilekuak izan dira, 2006an jarri ziren helburuei muzin eginda. Urte guztiko erabilera edukiko zuen eraikina proposatzen zen, eta bukaeran, hiru hilabeteko erabilera duen eraikina daukagu, 15 urtetan inongo konponbiderik eman gabe.
  3. Osasun eta ongizate ekipamenduak. Plangintza falta agerikoa da. 2006. urtean anbulatorioa txiki geldituta zela ondorioztatzen zen, ez da inongo azterketarik egin alternatiba edo konponbiderik bilatzeko. Danobat eremuan eraiki beharreko etxebizitzei lotutako azpiegitura baten menpe utzi zen, eta eraikita ere, ez da inongo urratsik eman zentzu horretan.
  4. 2006n ere etxebizitza tutelatuak herrigunera jaistea aipatzen zen, baina gai honekin ere ez da gutxieneko azterketarik egin.
  5. Kultur ekipamenduei dagokienez, gabezia handia zegoen 2006ko arau lagungarrietan, eta horrelakoa izan da egindako kudeaketa guztia.

Interes pribatuen mesedetara egindako herri eredua

22 urteren bueltan, Azkoitiko herria 2006az geroztik geldialdi egoera batean dago, eta herri bezala atzera gelditzen ari gara. Herria planeamendu urbanistiko batetara hipotekatuta dago, eta inbertsio estrategikoetarako dirua ez ezik, urtero likidezia arazoekin gaude. Hori da azken urteetan gure herriak pairatu duen geraldiaren eta zerbitzuen degradazioaren arrazoi nagusiena. Arduradun politikoen lehentasunei gehituta.  Adibide garbiena, Txalon-Errekako errepidean gastatu ditugun 3.800.000 euroak dira, diru hori ez da espaloiak edo errepideak konpontzera bideratu, edota igerilekuen handitzera.

Eraikitzeko orduan etxebizitza libreak lehenetsi dira, babestuetako etxebizitzen kaltetan. Ez bakarrik eraiki diren etxebizitza kopuruari dagokionez, horiek sustatu eta eraikitzeko ordena zein lehentasunei dagokienez ere bai. Lehenengo aukera beti librea izan da, beharren gehiengoa etxebizitza librearekin asebetez eta gero publikoa sustatuz. Eraikitzeko eredua oso konkretua izan da, eta txaletak eta urbanizazioak lehenetsi dira. Horrek zuzenean eragiten dio herriaren izaera eta biztanleen mugimendu fluxuei, kotxearen erabilera lehenetsiz eta herriaren barne bizitza desagerraraziz.

Herri eredu berria behar dugu

Udalak hasiko duen HAPO berriaren prozesuan aukera paregabea ikusten dugu herriko egoeraren diagnostiko sakona egiteko, eta guztion artean etorkizuneko Azkoitia birpentsatzeko. Azkenengo urteetan sortu diren behar berrienaz hausnartu, etorkizuneko erronkak eta herriko arazo sakonei nola aurre egin pentsatzeko. Urgentziazko lana da, eta aukera paregabea dugula berresten dugu.

Argi esan nahi dugu: 2006ko eredua legeztatu baino, gaur egungo errealitatera ekarri beharra dago. Herri bizia, nortasunarekin eta euskalduna izan dadin.

Azkoitiko EH Bildu erronka horri ekiteko prest dago, eta datozen hilabeteotan, publikoki egingo ditugu diagnostiko eta proposamen ezberdinak. Horrekin batera ere, herritarrei gonbita luzatu nahi diegu udalak irekiko duen parte hartze prozesura gehitzeko.

Guztion aukera eta ardura da, amesten dugun Azkoitia marraztu eta adostea.

Gogotsu gaude, beraz lanera!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide