San Jose egoitzan bizi duten egoera salatu eta horren berri eman nahi du Urola Erdiko Itaiak. Azken urteotan, egoitzako langileek beren lan baldintzak okertzen nola joan diren ikusi behar izan dute: ratio altuak, lanaldi partzialen kopuru handia, lan karga handia, denbora gutxiegi eginbeharrak behar bezala gauzatzeko, estresa, presioa... Horrek guztiak, nola ez, zuzenean eragiten du zerbitzuaren kalitatean, eta beraz, egoitzako langileen ongizatean. Egoitzako langileek adineko pertsonak zaintzeko eduki dezaketen borondateaz harago, zerbitzuen kalitatea, eta, beraz, adinekoen ongizate maila diruak ezartzen baditu, zaintzari guztiz kentzen zaio gizatasuna.
Ohar honen bitartez, ordea, lanaldi partzialen kopuru handiari heldu nahi genioke zehazki. Izan ere, gaur-gaurkoz, egoitzako adinekoez arduratzen diren langileen ehuneko handiena lanaldi partzialean dago. Hori gutxi ez, eta pasa den urtean hasitako obrak aitzakiatzat hartuta, lanaldi osoko bi langileri lanaldia murriztu zieten, gerora lanaldi osora pasatzeko bermerik gabe. Hori dela eta, datorren astelehenean, urriaren 28an, epaiketa izango dute Donostian. Obrak hasi zirenetik dabiltza egoitzako langileak lanpostu horiek itzultzeko borrokan, eta Itaiatik beharrezkoa ikusi dugu egoera salatzea epaiketaren atarian. Izan ere, lanaldi partzialek eragin zuzena dute langileon bizi mailan, hilabete amaierara iristeko beste lan batzuekin uztartzera kondenatzen gaituztelako. Ez da kasualitatea horrelako lanetan gehienbat emakumeak aritzea, emakume langileok bigarren mailako subjektu baikara enpresarien begietan.
San Jose egoitzan gertatzen ari dena ez da kasu isolatua; orokorrean, zaintza sektorea bizitzen ari den kaskartzearen beste adibide bat gehiago bezala ulertzen dugu. Izan ere, sektorearen pribatizazioa geroz eta agerikoagoa da: 2022an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoitzen %75 pribatua zen. Ordea, titulartasun publikoa zutenen artean ere batzuek kudeaketa pribatua zeukaten. Hain justu, horixe da Azkoitiko egoitzaren kasua: Gipuzkoako Foru Aldundiarena da egoitza, baina Biharko Gipuzkoa enpresaren kudeaketapean dago. Zerbitzuaren oinarriak etekin ekonomikoak definitzen dituen momentutik, lan baldintzak, eta, beraz, zerbitzuaren kalitatea okertzen dira.
Horregatik, testu honen bitartez, San Jose egoitzako egoeraren erantzuleak seinalatu nahi genituzke, hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Biharko Gipuzkoa. Argi dugu egoera ez dutela beren borondatez aldatuko. Kontrara, zaintza sektorearen kaskartze orokortuaren aurrean antolatzea eta borrokatzea dagokigu. Itaiatik horretan jarraituko dugu, eta San Jose egoitzako egoera salatzen eta borrokatzen lagun dezaten dei egin diegu herritar guztiei.
Lan baldintzen okertzearen aurrean, antolatu eta borrokatu!