Azkoitia Baik etxebizitza publikoaz duen politika, EAJren atzoko ekarpenari erantzunez

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2025ko uzt. 23a, 11:03

Azkoitia Bai herri plataformak Azkoitiko EAJk atzo hedabide honetan egindako ekarpenari erantzun dio. Herri plataformak etxebizitza publikoaren inguruan udalbatzarretan egin diren bozketak ekarri ditu gogora kronologikoki. 

EAJ-PNVk Gukan egindako adierazpenetan kritikak jaso ditugu. Zerbait ondo egiten ari garen seinale da, gurekin asko ari dira-eta kezkatzen aspalditxoan:

"EAJk kritika gogorra egin dio Azkoitia Bairi, udalaren, Azkoitia Lantzenen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza hitzarmena luzatzearen aurka agertu delako, etxebizitza publikoen eraikuntza oztopatuz; hori logika guztien antipodetan dago", azaldu zuen EAJ-PNVk atzo egindako bere ekarpenean.

Paragrafo hori irakurri ondoren, badirudi Azkoitia Bai etxebizitza publikoak egitearen aurka dagoela. Badakizue gure taldeak udalbatzarretako boto denak arrazoitzen dituela, eta ondoren, gainera, argitaratu, herritar orok gure iritzia zehatz-mehatz ezagutu dezan. Hona hemen Azkoitia Baik gai horri buruz kronologikoki esandakoak eta bozkatutakoak.

2023ko maiatzeko udal osoko bilkura:

"Guk aurretik ere esan genuen guretzat Txalonerrekako eta Intsaustiko batetik besterako aldaketa horretan, babestuak pribatuen aurretik egitean legokeela garrantzia".

Beraz, nahiko garbi dago Azkoitia Baik etxebizitza publikoen eraikuntza lehenesten duela. Gainera, etxebizitza babestuak pribatuen aurretik eraikiko balira, guk eskatu bezala, ez genituzke 850.000 euro aurreratu beharko. Kasualitatea dela iruditzen zaizue pribatuak babestuen aurretik egitea? Eta hori gauzatzeko Azkoitiko EAJ-PNVk herritarron 850.000 euro erabiltzea.

2025eko martxoko udalbatzarra:

"Dena denbora kontua da, obra behar den bezala egiteko ez dago horma berri horren beharrik, baina Muno eta Jaurlaritza ez direlako koordinatzen, azkoitiarrok 850.000 euro aurreratuko ditugu".

2025eko apirileko udalbatzarra:

"2020an ezezkoa eman genion hitzarmen honi eta gaur ere boto berdina aurreikusten dugu. Dagoeneko herria ohartuko zen, Azkoitia Lantzenen kontuetan joaten zaizkigula aurrekontuko inbertsio gehienak. 6 milioi euro gastatuko ditu udalak Txalonerrekan egin den bidean eta Altamirara begira ezker aldean dagoen 10.1 deituriko eremu hori hiritartzeko –aurreko udalbatzarrean Jaurlaritzari aurreratzea onartu zenituzten 850.000 euroak kontutan hartu gabe–. Ordea, oraindik eskuineko alde guztia faltako litzateke, 10.2 eremua. Hitzarmen hori luzatzea onartuko bagenu, Jaurlaritzari hirugarren bloke ilara egitea bururatzen zaionean, guk baimena eman beharko genioke eta hiritartze lanak egin, noski, berriro ere aurrekontuko kantitate handi bat hor gastatuz.

Gu, Azkoitia Lantzenetik kanpo, inbertsioetako beste lehentasun batzuk aztertzeko prest gaituzue, herria 2008tik asko aldatu baita. Orduan hartutako erabakiak, beharbada, ez dira gaur egungo herri antolaketarako egokienak izango.

2025eko apirileko udalbatzarrean egindako bigarren hitzartzea:

"Adibide bezala: herriko erdigunea zaharkitzen ari zaigu, eraikin batzuk erortzeko zorian daude eta ez diogu erantzun egokirik ematen. 2025eko aurrekontuak aztertzen hasi ginen lehen batzordera eraman genuen Azkoitia tentsio handiko eremu gisa deklaratzeko partida proposamena; onartu, onartu zen, baina ez dugu aurrerapausorik ikusten. Herriko elkarteentzat lokal egokiak bideratu beharko genituzke, egoitzan, oraindik Unitate Psikogeriatrikora bideratu ez diren egoiliarrak herri erdira ekarriz, asko hobetuko lukete-eta beraien bizi kalitatea... Alegia, Azkoitia Lantzenetik kanpo badago hainbat ekimen polit egitea. Hitzarmen hori sinatzeak berdin jarraitzea dakar. Gure ustez, zer herri mota nahi dugun hausnartu beharko genuke aurretik denon artean, herritarren partaidetzarekin, noski, eta ondoren hartu, hartu beharreko erabakiak".

Hau da Azkoitia Bairen politika, ez zaitzatela engainatu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide