2023-2027 agintaldiaren erdian, Azkoitiko EAJk Txalonerrekaren eraldaketa –azken urteetako hirigintza operazio esanguratsuena– eta zaintza arloan emandako aurrerapausoak nabarmendu ditu, lehen biurtekoa probetxugarria eta eraginkorra izan dela adieraziz.
Alderdi jeltzaleak aginte-makila hartu zuenetik, Ana Azkoitia Urteaga buru dela, Txalonerrekaren transformazioarekin batera, herritarrak Floreagako bigarren igogailuaren estreinaldiaren, eta hirugarrena jartzeko lanen lekuko izan dira. Halaber, eguneko zentro berria herrigunean ireki da, eta San Jose egoitzako Psikogeriatria Unitatea bere osotasunean eraberritzen ari dira, zainketa eredu berrirantz bidean.
Uri Buru Batzarrak adierazi du EAJ buru duen udal gobernua lanean ari dela apartamentu tutelatuentzat kokalekurik onena bilatzeko, eta neurri batean, horrek zaintzaren zirkulua edo ibilbidea itxiko lukeela: norbere etxea, eguneko zentroa, egoitza edo Psikogeriatria Unitatea. Udala lanean ari da, era berean, adin nagusiko pertsonei zuzendutako gizarte zentro bat eraiki ahal izateko. Proiektu horretan ere garrantzitsua da ahalik eta babes eta adostasunik zabalena bilatzea, eta Plaza Ondo jubilatuen elkartearekin, eta beste hainbat eragileekin, eskutik joatea, udal gobernua egiten ari den moduan.
Zaintzari lotuta, San Jose egoitzaren irisgarritasuna hobetzea garrantzitsua dela ikusten dugu. Beti defendatu dugu igogailua jartzea, eta horri eutsiko diogu. Gaur egun, egoiliarren mendekotasun maila oso handia da, zorionez, aurretik beste zerbitzu eta baliabide batzuk dituztelako. Testuinguru horretan, familiak dira zentrora hurbiltzeko erraztasunak behar dituztenak. EH Bildu eta Azkoitia Bai izan dira proiektuaren aurka agertu direnak, eta egoiliarren familiei zergatia azaldu beharko liekete.
Herrian irisgarritasunaren argazkirik hoberena Floreaga auzoak eskaintzen du, bertako hiru igogailuekin. San Martinen jartzea aurreikusten den igogailua egiteko proiektua ere bideratuta dago, lizitazioa martxan baitago.
Herriko gune zailenetako irisgarritasuna hobetzearekin batera, EAJk Txalonerreka eraldatzearen aldeko apustua egin du beti, eta hori ikus daiteke jada. Errepide berriak, Malkorbidek, udalerriaren fisionomia aldatu du, eta garrantzitsua da, besteak beste, jarduketak lotura estua duelako epe laburrean eta ertainean eraikiko den etxebizitza babestuen sustapenarekin. Ildo horretan, EAJk kritika gogorra egin dio Azkoitia Bairi, udalaren, Azkoitia Lantzenen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza hitzarmena luzatzearen aurka agertu delako, etxebizitza publikoen eraikuntza oztopatuz; hori logika guztien antipodetan dago. EH Bilduren abstentzioak ere zer pentsatua ematen du herriari begira bi taldeek etxebizitzaren defentsa sutsua egiten dutenean, baina praktikan, kontraesanak daude hor.
Lurpeko aparkalekuak
Egindakoaz gain, EAJk ez du alde batera uzten egiteke dagoena. Gure kezketako bat aparkalekuen arazoari irtenbidea ematea da. Zentzu horretan, udal gobernutik, Joseba jatetxearen aurrean dagoen aparkaleku eremuaren azpian lurpeko aparkalekuak eraikitzearen alde egingo dugu. Irtenbiderik onena da, Plazaberri eta Kale Nagusia oinezkoentzat egin aurretik, aparkalekuen arazoari konponbidea eman behar zaiolako. Ez da egun batetik bestera ikus daitekeen obra, baina udal gobernutik proiektu hau mugitzen hasiko gara.