Erregina gazteak atera dira hibernazio lekutik eta hasi dira lanean, liztor beltzaren erreinu berriak han-hemenka eraikitzeari ekin diote. Urkome Urola Kostako landa garapenerako udal elkarteak ere hasi du aurtengo liztor beltzaren habien suntsiketarako kanpaina; 2016. urtetik ditu urtero kanpainak eginda, eta azken hiru urteetan liztor beltzaren edota asiarraren berrehun habitik gora atzeman eta suntsitu dituzte.
Asian du jatorria liztor beltzak Vespa Velutina, gorputz beltza du eta hankak horiak. Tamaina handikoa da, baina Europako liztorra baino txikiagoa edota meheagoa. "2006an etorri zen Asiako liztorra Kantauri itsasaldera. Asiatik Bordelera [Akitania Berria, Frantzia] iritsi zen, kiwien karga zuen itsasontzi batean. Nonbait itsasontzian habia eginda zuen liztor beltzak eta handik hedatu zen. Euskal Herrira ongi egokitu da, nahiko ur eta jateko aurkitu duelako eta tenperatura aldetik hotz handirik egiten ez duelako", azaldu du liztor beltzaren habiak tratatzen eta suntsitzen lan egiten duen Oier Alberdik.
Jatunak eta ugalkorrak
Zergatik da liztor beltza arerio? Zergatik egiten da espezie horren kontra? Bertako betiko liztorraren aldean asko jaten duelako eta erreprodukzio gaitasun askoz handiagoa duelako egiten dira intsektu espezie horren kontrako kanpainak, Alberdik kontatu duenez. "Liztor beltza asko ugaritu da. Plagatzat hartzen da gaur egun, gure ingurugiroan nahiz ekosisteman kalteak eragiten dituelako. Intsektuak, fruituak, haragia eta arraina jaten ditu, eta intsektuak jaterakoan, proteina asko erleetatik lortzen ditu. Guk erlategiak kaxetan jartzen ditugu, eta, ondorioz, horiek supermerkatuak dira liztor beltzarentzat. Asiako liztorra gai da bi-hiru egunetan erlategi batekin bukatzeko".
Horregatik, liztor beltzaren erreginak lanean hasi orduko hasten dute haien kontrako kanpaina. Urtebeteko bizitza izaten dute erreginek; azaroa-abendua aldera sortzen dira, eta hurrengo udaberrira arte hibernatu egiten dute zuloren batean, teila azpiren batean... Hiru bat hilabetez gordelekuan egon ondoren, apirilean edota maiatzean kanpora atera eta habi txiki bat egiten dute, "teniseko pilota baten tamainakoa".
Aurreneko habi txiki hori erreginak berak bakarrik egiten du, eta bertan izaten ditu lehen bi-hiru errunaldiak. "Garai horretan, eguna jatekoaren bila kanpoan igaroko du erreginak eta ilundutakoan sartuko da habira. Bere alabak lanean jarriko ditu, eta haiek habia handitzen hasiko dira. Ekain aldera, langile horiek guztiek kolonia hazteko beste habi bat egingo dute eta erregina hara pasatuko da. Behin habi handian sartzen denean, erreginak kumeak eduki eta eduki jarduten du, eta denbora gehiena habi barruan pasatuko du", kontatu du prozesua Alberdik.
Udazkena da arrak eta erregina berriak jaiotzeko garaia. Arrek erregina berriak ernalduko dituzte, eta erregina berriak hibernatzeko gordeleku bila joango dira; erregina zaharra, berriz, hil egingo da.
Liztor beltzen bizitzeko toki gustukoenak "gizakiak ere gogoko" dituenak direla esan du Alberdik: "Guk gizakiok zer bilatzen dugu bizitzeko? Jatekoa eta ura dituen tokia, eta liztorrek berdin. Asiako liztorrek Euskal Herrian nahiko jateko eta edateko aurkitzen dute, eta erlategiak gertu badaude, are hobeto!".
Erleentzat erasoa
Erlategiak liztor beltzarentzat pagotxa direnaren jakitun da Igor Odriozola Atristain zestoarra. Erleak dituzte Odriozolak eta familiakoek Zestoan, Beizaman, Azpeitian eta Azkoitian. Ekoitzitako eztia bertan saltzen dute. "Eskaintza baino eskaera handiagoa da", dio.
Erlategien egoera larria da, "gutxitzen eta galtzen" ari direla dio erlezainak, ez dutela nahikoa babes. "Garai batean, baserri guztietan egoten ziren erleak, eta orain gutxira arte baziren hamar edo hogei erlauntza zituzten baserriak. Azkenaldian, ordea, asko dira erleak kentzen ari direnak, edota kentzen baino gehiago, liztorrek hiltzen dituztelako erlerik gabe gelditzen ari direnak. Urte gutxian desagertu dira erlezainak, ia ez da batere gelditzen eskualdean".
Erleak ingurugiroarentzat garrantzitsuak dira, "beharrezkoa den polinizazio lana" egiten dutelako. "Beste intsektu batzuek ere egiten dute lan hori, baina %90 erleek egiten dute", Odriozolaren arabera.
Erlategietan liztor beltzaren erasoari aurre egiteko hainbat erreminta erabiltzen ditu Odriozolak, baina egun eskura dituztenak ez dira nahikoa haren ustez. "Uztaila-abuztua aldera milaka eta milaka liztorren erasoa izaten da, eta horri aurre egitea oso zaila da". Udaberrian erreginak harrapatzeko tranpak jartzen dituzte: "Erregina bat harrapatuz gero, liztor familia bat gutxiago". Harpa elektrikoa edota erlauntzaren sarreran jartzeko sareak ere erabiltzen dituzte liztor beltzari kontra egiteko. "Behin iraila-urrian oso zaila da erlauntzak bizirik mantentzea", dio. Egungo egoera ikusita, dagokion erakundeak "gaia serioago" hartu beharko lukeela uste du erlezainak: "Azkenean, naturari osotasunean egiten dio kalte liztor beltzak, bai polinizazio ikuspegitik, bai ehunka intsektu mota jaten dituelako ere. Txoriek eta saguzarrek jateko gutxiago daukate horrela, eta ekosisteman alterazio bat eragiten du horrek".
Liztor beltzaren habiak deusezteko, espezie horren jokabidea ezagutu eta hainbat ikastaro egin behar dira. Edozeinek liztor beltzaren habi bati aurre egitea arriskutsua izan daiteke, Alberdik kontatu duenez. "Erregina arriskuan ikusten badute, antolatuta erasotzen dute liztorrek". Horregatik, liztorraren habiren bat ikusitakoan herriko udaletxera deitu behar da, udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren aplikazio bat aktibatzeko. Era horretan, Alberdik habia suntsitzeko abisua jasotzen du berehala.