Urte hasieratik gaur arte egindako aurretiko lan, bilera eta hamaikakoen eratze eta aurkezpen guztien fruitua ikusiko da gaurtik aurrera. Izan ere, gaur hasi eta maiatzaren 25era bitartean egingo dute Euskaraldia Euskal Herrian, baita Azkoitian ere.
Herrian 1.435 pertsona daude Euskaraldian izena emanda: horietatik 1.311 ahobizi dira, eta gainontzeko 124 herritarrak, belarriprest. Norbanakoek ez ezik, Azkoitiko 30 entitatek ere parte hartuko dute euskara sustatzea helburu duen ariketa sozialean, baina antolatzaileek azpimarratu dute egitasmoak irauten duen bitartean ere eman daitekeela izena; hau da, horretarako eperik ez dagoela.
Parte hartzaileei dagozkien txapak banatzen aritu ostean, gaur emango diote hasiera Euskaraldirari. Azkoitian ez da egitasmoari ongietorria emateko ekitaldirik egingo, baina Euskara Mahaiak prestatu du bestelako ekintzarik datozen egunetarako: izan ere, Ana Goitiak Katana bakarrizketa saioa eskainiko du hurrengo ostiralean, hilaren 23an, Baztartxo antzokian (19:00), eta harako sarrerak eros daitezke dagoeneko, hemen.
Laugarrenez
Euskararen erabilera indartzea helburu duen ariketa soziala da Euskaraldia. 2018ko abenduan egin zuten lehendabizikoz hiztunen hizkuntza ohituretan eragiteko, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko eta denboran zehar errotzeko asmoz. Norberaren hizkuntza portaeren eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea ere bazuen helburu mugimendu hark. 2020an etorri zen bigarren aldia, COVID-19ak eragindako izurriteak baldintzatu zuena, eta handik bi urtera, 2022an, egin zuten hirugarren edizioa. Aurtengoa izango da Euskaraldiaren laugarren aldia, eta Elkar mugituz egingo dugu lelopean dator. Iazko urrian egindako aurkezpenean adierazi zuten bezala, "aktibazioan, mugimenduan, emozioetan eta batak bestearengan duen eraginean" jarriko du arreta ariketak. Aurreko edizioekin alderatuta, badu berrikuntza nagusi bat aurtengoak: Euskaraldiaren lehen hiru aldiak udazkenean egin zituzten; aurtengoa, aldiz, udaberrian izango da. Aldatuko ez dena ariketaren iraupena izango da: ekintzan izena eman duten belarriprest-ek eta ahobizi-ek 11 egunez beteko dituzte beren rolak.
Izan ere, Euskaraldiaren hasieratik definitutako bi rol horiek mantendu dituzte aurten ere. Ahobizi-ak euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten saiatuko dira une oro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakitenean lehen hitzak, beti, euskaraz egingo dituzte, eta horiek euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraituko dute. Belarriprest-ek, aldiz, euskara dakitenei eskatuko diete beraiekin euskaraz hitz egin dezatela. Azken batean, euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egitea da Euskaraldiak proposatzen duena.
Apirilaren hasieratik izan da ariketa sozialean izena emateko aukera, Euskaraldiaren webgunean nahiz herriz herri jarri dituzten postuetan. Lehendabizi, entitateek (saltokiak, tabernak, enpresa txikiak) izan zuten izena emateko aukera, eta, ondoren, norbanakoek. Aste honen hasierara arte bildutako datuen arabera, Urola Kosta eskualdeko herrietan 6.433 pertsonak eman dute izena Euskaraldian. Entitateei dagokienez, berriz, 454 enpresa txikik, tabernak eta saltokik egin dute bat ariketarekin. Denek ere gaurtik aurrera eraman ahal izango dituzte aukeratutako rolaren txapak paparrean. Txapa horri H hizkia ezartzen diotenek, gainera, hitanoaren erabilera areagotzeko ahalegina egingo dute.