AIC Bizkaiko automozio enpresak bigarrenez antolatu du Bike Talent lehiaketa, eta Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketak bigarrenez jaso du saria.
Mugikortasun jasangarriko soluzio berriak garatzea asmo zuen iazko edizioak, eta orduko hura ideia lehiaketa izan zen. Parte hartzaileek erabilera anitzeko bizikleta elektrikoaren proiektu bat diseinatu behar izan zuten, eta Azkoitiko eskolako ikasleek sidekar moduko bizikleta inklusibo bat diseinatu zuten; aurtengo lehiaketaren funtsa, berriz, prototipoak fabrikatzea zen, eta iazko ideia hura gauzatu dute Izarraitzen amaitzear den ikasturtean: aniztasun funtzionala dutenentzat erabilgarria izan daitekeen egurrezko bizikleta bat sortu dute.
Azkoitiko Lanbide Heziketan eskaintzen dituzten ziklo desberdinek esku hartu dute bizikletaren fabrikazioan eta ekoizpenean, hala nola Arotzeria eta Altzarigintza, Informatika, Mekanika eta Gizarteratze zikloko ikasleek. Hain zuzen, azken horretako ikasleak Marea Urdina elkartearekin egon dira harremanetan, besteak beste, garraiobide inklusibo horrek izan beharreko ezaugarriak elkarrekin zehazteko. Ondoren, gainera, kontzientziazio kanpaina bat egin dute ikastetxean. Gainera, Izarraitzek azaldu du Informatikako beste hainbat ikasle bizikletari jarraipena egingo dion aplikazio bat sortzen ari direla.
Lan horri esker saritu du AIC enpresak bigarren aldiz Izarraitz Lanbide Heziketa, 2.000 eurorekin. Eskolako kideek azaldu dutenez, "gogobetetze handiz" jaso dute saria.