Egun gutxi batzuk besterik ez dira falta askok eta askok egutegian gorriz borobilduta duten hitzordua iristeko: Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketak. 2022an estreinakoz egindako probak laugarren aldia izango du larunbat honetan -lasterketa motzaren bigarren edizioa izango da-, eta iaz bezala, aurten ere 65 kilometroko proba luzean eta 26 kilometroko proba motzean aterako dira lasterka Euskal Herriko nahiz atzerritik bertaratutako dozenaka korrikalari.
Proba luzean parte hartuko duten kirolarietako hiru dira Unai Zialtzeta (Azpeitia, 1992), Ihintza Urain (Azkoitia, 1995) eta Nerea Otaegi (Azpeitia, 2001). Motzean, aldiz, lehendabizikoz aterako dira Judith Andueza (Azkoitia, 1974) eta Irantzu Davila (Azkoitia, 2002) ama-alabak. Bi egunen faltan, guztiek adierazi dute jada «gogoz» daudela mendiko zapatilak soinean jarri eta 3.700 metroko eta 1.400 metroko desnibel positiboa duten lasterketetan parte hartzeko. Dena dela, urduritasun puntu bat nabaritzen dutela eta eguraldiaren iragarpenari ere erne daudela gehitu dute.
Gozatzea helburu
Zialtzetak eskualdeko bigarren denborarik onena lortu zuen joan den urteko proba luzean, eta adierazi du aurten ere «ondo prestatuta» iritsiko dela hitzordua. «Zazpi-zortzi hilabeteko prestaketaren ondoren, sasoi onean nagoela iruditzen zait, baina bestelako faktoreek ere eragiten dute, eta horien araberakoa ere izango da larunbateko emaitza», dio. Dena dela, iazko denborak buruan baditu ere, horiekin gehiegi ez duela itsutu nahi azaldu du Zialtzetak.
Gauza berbera adierazi dute Urain eta Otaegik ere. Biek batera egingo dute proba, eta horregatik, helburu berberak jarrita iritsi dira probaren atarira. «Gure helburua ondo bukatzea da, ez diogu horrenbeste begiratzen denborei». Aurtengoa elkarrekin egingo duten lehen aldia izanda ere, ez da bi korrikalarien lehen aldia izango proban. Urainek azaldu du istorioa: «Orain dela bi urte, Nereari 40 MLK probako dortsala tokatu zitzaion zozketa batean, baina azkenean niri oparitu zidan eta bakarrik irten nintzen. Iaz, aldiz, nik lesio bat nuen, eta bakarrik irten zen Nerea. Beraz, aurtengoa izango da elkarrekin egingo dugun lehen aldia».
Horrelako proba bat ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta bere prestaketa eskatzen du, elkarrizketatuek garbi utzi duten moduan. Otaegik eta Urainek azaldu dutenez, urtean zehar «antzeko probetan» izena ematen saiatu dira, eta entrenamendu luzeak ere elkarrekin egin dituzte. Zialtzetak ere azaldu du lasterketa nola prestatzen duen, baita proba bera nola antolatzen duen ere: «Mandubira arte nire denborei eusten saiatzen naiz, baina hortik aurrera, Izazpitik Azpeitira, korrika asko egin behar da, eta denborak lortzen saiatu. Xoxoteko igoera denok parekatsu egiten dugu, eta hor zaila da denbora galdu edo irabaztea», gehitu du. Prestaketaz gain, kirolari azpeitiarrak nabarmendu du egunean bertan «oso garrantzizkoak» direla jaki nahiz edatekoak, baita ibilbidean zehar indarrak kontrolatzea ere. Horixe bera diote Otaegik eta Urainek ere: «Oso garrantzitsua da psikologikoki ondo prestatzea, eta onartzea txakalaldia egongo dela. Kontua da bioi batera ez ematea!», diote barrez bi neskek.
Lehen aldiak
Andueza eta Davila ama-alaben kasuan, lehen 15 MLK proba izango da larunbatekoa, baita mendi lasterketa batean elkarrekin ateratzen diren aurreneko aldia ere. Dena dela, familiakideek kirolarekin duten harremana aspalditik dator, Anduezak azaldu duenez: «Beti egin izan dugu kirola etxean, batez ere bizikletan ibiltzen gara, baina mendira joateko ohitura ere badugu. Txantxetan hasi ginen ibilaldi horietan zati batzuk korrika egiten, eta azkenean begira, 15 MLK egingo dugu biok». Gozatzea dute familiakideek ere helburu, eta Davilak «zorte» moduan definitu du amarekin atera ahal izatea: «Ez da ohikoena amarekin ateratzea, eta berezia izango da. Hitz egingo dugu, elkarri isiltzeko ere esango diogu eta babestuko dugu elkar behar denean».
Aupa, aupa!
Etxe inguruko proba izanda, denak bat datoz larunbatekoa «berezia» izango dela esaterakoan. «Gertuko asko joaten dira proba ikustera, eta beste lasterketa batzuetan zure izena entzuten ez duzun moduan, ederra da kasu honetan behin eta berriz entzutea, indarra ematen baitu horrek», dio Zialtzetak. Urainek eta Otaegik ere antzeko zerbait esan dute: «Proba luzean emakume gutxi ateratzen gara, eta 'aupa, neskak!' entzuteak ilusioa egiten du».
Ama-alabek ere polita aurreikusten dute proba, eta hori etxean izateak «lasaitasuna» ematen diela adierazi dute: «Ezagutzen ditugu bazter hauek, eta horrek lagundu egiten duela iruditzen zaigu». Urainek ere halaxe adierazi du: «Askok diote amaierako Xoxoteko igoera dela proba osoko tarterik okerrena, baina aldi berean, gehien ezagutzen dugun lekua da, etxeko mendia, eta horrek erosotasuna ere ematen du». Esfortzuak esfortzu, helmuga zeharkatu ostean zer egingo duten ere garbi dute elkarrizketatuek: «Ondo bagaude, behintzat, trago eder bat hartu eta inguruaz nahiz giroaz disfrutatzen saiatuko gara konpainia ederrean».