Pentsio sistemaren egonkortasuna

Itsulapikoan, arrakala?

Andoni Elduaien 2025ko mar. 31a, 17:00

Adineko bi pertsona. (Artxiboa)

Gizartearen zahartzeak zuzenean eragiten du pentsio sistema publikoaren egonkortasunean, are gehiago, gero eta herri gehiagotan pentsiodunen kopurua langileena baino handiagoa dela jakinda. Urola Kosta eskualdeko 11 herritatik hirutan dute egoera hori: Aian, Errezilen eta Orion. Desoreka horren zenbakiak eta arrazoiak bildu ditu Gukak erreportaje honetan. 

Biztanleria zahartzen ari da poliki-poliki. Demografiaren egungo egoera erakutsiko lukeen piramidea gero eta zabalagoa da adinez nagusitzen ari direnaren aldean, eta, aldiz, estua da irudia gazteenen artean. Inor ez du harrituko datu horrek, gauza jakina baita dagoeneko, baina horrek zuzen-zuzen eragin dezake pentsio sistema publikoan. Urola Kosta eskualdeko langileek kutxa bat eta bakarrera egiten dute beren ekarpena, baina zer emango luke kutxa horrek, kudeaketa eskualde mailakoa balitz? Eta zer gertatuko litzateke pentsioa herriz herri banatuko balitz?

Banaketa sisteman oinarritzen den pentsio sistema dago egun indarrean Euskal Herrian: pentsio mota hori jaso ahal izateko, lana egiteko adina izan duten bitartean Gizarte Segurantzan kotizatzen aritu direnena, hain zuzen. Langile batek bere lan bizitzan egindako ekarpenaren eta langile horren enpresak langile horrekiko egin duen ekarpenaren arabera kalkulatzen da pentsio mota hori jasotzen duen herritarraren prestazioaren zenbatekoa.

Gizarte Segurantzak joan den urtarrilaren 1ean emandako datuen arabera, Gipuzkoan 192.698 herritarrek jaso zuten pentsioa, eta horietatik 18.237 izan ziren Urola Kostan banatutakoak, alegia, Gipuzkoa osoko %9,46. Ordea, eskualdeko herritarrek jasotzen duten pentsioa Gipuzkoako zenbatekoaren azpitik dago. Gipuzkoan, 1.592 eurokoa da pentsioa, eta 1.507,15 eurokoa da Urola Kostan. Berriki Aspagi saria jaso duen Mari Jose Aranguren (Urrestilla, 1969) Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendari nagusia eta Deustuko Unibertsitateko katedraduna da, eta hark azaldu du ez dagoela "efektu bat eta bakarra" eskualdeko pentsioa Gipuzkoakoa baino baxuagoa izatea eragiteko.

Lan sektorearen eragina

Abonatutako mila pentsiotik gorako Gipuzkoako herrietan, Legazpi da batez besteko pentsio altuena duen herria. Erdira jota, 1.762 euro jasotzen dituzte han bizi diren pentsiodunek. Kopuru horretatik ez dago oso urrun eskualdean pentsioaren zenbateko handiena duen herria: 1.704 euroko batez besteko pentsioa dute Zumaian. Azkoitia da bigarrena, 1.644 euroko pentsioarekin, eta hirugarrena Zarautz, 1.641 eurokoarekin.

Pentsioaren zenbatekoari erreparatzeko garaian, lan sektoreak "zerikusi zuzena" duela nabarmendu du Arangurenek; izan ere, hark dio hiriburuetan kontzentratzen direla zerbitzu gehienak, eta, aldiz, industria sektorea eskualdeetara sakabanatzen dela. Zumaiaren kasua izan du hizpide hasteko. "Ekoizpen handiena duten sektoreak dira industria eta ezagutzan oinarritutako zerbitzuak. Gipuzkoa oso lurralde industriala da, eta izan liteke metalaren sektoreak pisua izatea Zumaian. Dena den, posible da egun han bizi diren pertsonek, herrian bertan lan egin beharrean, inguruko herrietako industria enpresetan lan egin izana edo lanera hiriburuetara jotzea. Zumaian bizi direnak ari badira lanera Donostia aldera-edo joaten, batetik, haientzat hara joatea irisgarriagoa delako, eta bestetik, inguruko herriren batean duten jarduera ekonomikoa industriakoa, metalekoa edo zerbitzuren batekoa delako, horrek eragina izan dezake", azpimarratu du.

Mari Jose Aranguren (Orkestra)

Zerrendaren beste aldean daude, ordea, Getaria (1.258 euro), Errezil (1.270 euro) edota Aia (1.369 euro). Hiru herrietako bizilagunak lehen sektoretik bizi izanak lotura eduki dezakeela uste du Arangurenek. "Halako herrietan, askotan, kotizatu ez duen jendea dago, eta hala, baldintza oso desberdinak dituzte. Ez zaio behar bezalako baliorik eman, esaterako, landa eremuan egiten den lanari. Sarri, gainera, gure kulturako familia askoren bigarren jarduera izan da. Baserritar askok industrian egiten zuten lana, eta etxera edo baserrira itzulitakoan, nekazaritzan edo abeltzaintzan jardun behar izaten zuten". Azken urteetan, sektore horrek "profesionalizatzera" egin duela dio, baina aurreko urte askotan ez dela horrela izan. "Horregatik dira eremu horietan bizi diren pentsiodunen baldintzak okerragoak. Hiru herri horietan nabaria da horren eragina".

Hiru herri, desorekan

Iazko abendu amaierako datuen arabera, Urola Kostan 25.884 langile zauden Gizarte Segurantzan afiliatuta. Pentsiodunen zenbatekoarekin alderatuta, pentsa liteke nahikoa langile daudela, baina eskualdeko zenbait herritan ez da horrela; Aian, Errezilen eta Orion kasurako. Hiru herri horietan afiliatutako langileen kopurua pentsiodunena baino baxuagoa da gaur-gaurkoz. Errezilen, esaterako, 111 langile daude eta 157 pentsiodun. Bestela esanda, pentsiodun bakoitzeko 0,71 langile daude. Antzeko egoera dute Aian eta Orion ere; Aian, 346 langile eta 430 pentsiodun daude, 0,8 langile pentsiodun bakoitzeko; Orion, berriz, 1.265 langile eta 1.364 pentsiodun daude, 0,92 langile pentsiodun bakoitzeko.

Arangurenen arabera, hiru herri horietan pentsiodun gehiago egotearen arrazoiak asko izan daitezke. Posible da lana egiteko adinean dauden pertsonen ehunekoa handiagoa izanda ere, jarduera tasa baxuagoa izatea. Esate baterako, 16 eta 25 urte bitartekoen portzentaje handi bat ikasten ari bada, lanean ari direnen kopurua baxuagoa izango da. Edota, era berean, posible da lan egiteko adinean daudenen artean atzerritar gehiago egotea eta horiei lana aurkitzea gehiago kostatzea. Hari horri eutsita, urrestildarrak nabarmendu du bi faktore horiek hartu behar direla aintzat. "Batetik, lan egiteko adinean dauden pertsonen portzentajea zenbatekoa den eta horien bilakaera zein den jakin behar da. Eta, bestetik, adin tarte horretatik zenbat dauden lanean eta zenbat ez". Arangurenentzat "zaila" da arrazoi nagusia zein den jakitea.

Eskualdeko datuak. (Guka)

Zahartzearen albo ondorioak

Gizartearen zahartzearen eraginez, pentsio sistema publikoa "tenkatzen" ari da Arangurenen esanetan; izan ere, lanean dauden pertsona kopurua pentsiodunena baino txikiagoa da kasu askotan, edota oraindik txikiagoa ez izan arren, jaisten doa urtez urte. Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak kaleratutako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lehiakortasunari Buruzko 2024ko Txostenak jasotako datuaren arabera, 70eko hamarkadan 64 urtetik gorako herritarren ehunekoa %8koa zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur egun, %25ekoa da adinekoen kopurua, eta etorkizunean herena izango dela aurreikusten du, esaterako, Eustatek.

Arrazoi hori tarteko, Gizarte Segurantzako kutxa komunera egiten den ekarpenaren portzentajea "aldatzen" ari da. "Gizartearen zahartzea eragin handia ari da edukitzen pentsioetan. Jaiotza tasa txikia da, eta bizi itxaropena altuagoa da zorionez. Ordea, bi arrazoi horiek adinekoen ehunekoa handiagoa izatea dakarte, eta pentsio sisteman tentsioa sortzen du horrek", dio Arangurenek.

Tenkatutako korda horren aurrean, Suediak eta Danimarkak, esaterako, pentsio sistema hibridoetara jo dutela adierazi du hark. "Banaketa sistemari eusten diote, alegia, egun lanean ari direnen ekarpenekin abonatzen dituzte pentsioak, baina, era berean, pentsiodunak ekarpen propioak hasi dira egiten, dirua aurrezten, alegia". Espainiako Estatuko sistemak publikoki hautu hori egin ez badu ere, herritarrek inbertsio mota pribatu horietara "gero eta gehiago" jotzen dutela dio urrestildarrak. "Gerora izango den pentsio mailak gaur-gaurkoz ziurgabetasuna sortzen du, eta horregatik, pertsona askok pentsio fondoetan inbertitzen dute".

Zahartzearen aurrean zer egin da orain galdera. Arangurenek garbi ditu zein izan daitezkeen bideak: batetik, "atzerriko herritar gehiago jasotzea" izan liteke bideetako bat, normalean atzerritik datorren jendearen profila lana egiteko adina dutenena dela baitio hark; beste irtenbidea litzateke jaiotza tasa haztea. Arangurenek, baina, lana egiteko adinean daudenen jarduera tasa handitzean egin du enfasi berezia. "Tasa horiek handitzeko bideetako bat izan daiteke erretiroa hartuta dutenen ehunekoa jaistea, horretarako bideak malgutuz; esaterako, ordu batzuetan lan egiteko aukera eskainiz. Ondo legoke erretiroa hartzearen edo ez hartzearen artean hirugarren aukera bat eskaintzea, baita emakumeen lan merkaturatzea indartzea ere, zaintza arloan edota etxeko lanetan parekatzea sustatuz. Badaude jarrai daitezkeen hainbat estrategia".

Inklusioa, bideetako bat

Orkestrak inklusioa du motor herritarren lehiakortasuna eta ongizatea lortzeko bidean, eta institutuak hiru arlo jorratzen ditu horri lotuta: emakumeen eta gizonen arteko inklusioa, adin desberdinetako pertsonen arteko inklusioa eta Euskal Herrian edo atzerrian jaiotako pertsonen artekoa. Oro har, inklusioaren terminoa gizartean "zerbitzuetarako sarbidea" bezala ulertzen dela dio Arangurenek, baina Orkestrak parte hartzearekin erkatzen du. "Adin desberdinetako gizon-emakumeek, jatorria dena dela, parte hartzeko aukera izan beharko lukete lanean edo gizarteko askotariko egitasmoetan. Formakuntzarik ez duten pertsonen kasuan, programa egokiak sortu beharko lirateke. Lanean hasteko zailtasunak dituztenen kasuan, berriz, burokrazia erraztu beharko litzateke, paperak-eta baldintza egokietan edukitzea erraztuz".

Arangurenek uste du pertsonen parte hartzeak erraztuko lukeela pentsio sistema publikoak bizi duen tentsioa apaltzea. "Pertsona guztiak sartuko bagenitu lan mundurako aukeran, horien parte hartzea ahalbidetuko genuke, lehiakortasuna hobetuz eta ongizate sistema mantentzeko dagoen tentsioa txikituz. Enpresak-eta ari dira ikusten beraien lantegietan gero eta aniztasun handiagoa dutela; jatorri desberdinetako jendea dute, erlijio, pentsaera, sexu nahiz adin desberdinetako langileak...". Urrestildarrarentzat "aniztasunaren kudeaketan” dago egun “erronka", ondo kudeatuz gero, gizartera "berrikuntzak, lehiakortasuna eta ongizatea" ekarriko dituela sinesten baitu hark. "Ahalegin bat egin beharko genuke, eta atzerritik datozenei bertakoekin harremanetan jartzeko aukera eman. Horrek lagunduko du gizarte kohesionatu bat sortzen".

Helduak, sustapen lanean

Inklusio edo parte hartze horren alde lanean dihardu Helduak Adi! elkarteak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako adineko pertsonen gizarte mailako parte hartzea sustatzeko plan baten alde lanean dihardu egun sare horrek. Hain justu, sare horretako presidentea da Antonio Campos (Orio, 1942). Adineko biztanleen hazkunde "ikaragarria" bezain "ikusgarria" abiapuntu hartuta ekin zion bere jardunari Helduak Adi! taldeak. Camposek dio kopuruaren hazkundea "agerikoa" dela zifretan, baina baita "kolektiboaren izateko moduan" ere. "Orain arteko kontakizun hegemonikoak kokatu egin du adinekoen kolektiboa. Esan izan da adinekoak pertsona ahulak direla, arreta behar dutela, ulermen nahiz mugikortasun arazoak dituztela eta aisialdirako zein plazererako aukera oso mugatuak dituztela. Funtsean, esan izan da adinekoak ez direla emankorrak, eta mendekotasuna duten pertsonetan espezializatutako erakunderen batean amaitu behar dutela. Zerbitzuak, laguntza eta zaintza behar dituen kolektibo bat bezala aurkeztu izan da orain arte", adierazi du sareko presidenteak.

Antonio Campos. (Artxiboa)

Dena den, harentzat "oso bestelakoa" da adinekoen egungo ikuspegia. "Gure bizitzaren zati garrantzitsuenetako bat aurretik dugu adinekook. Bizi itxaropen handiagoa dute gaurko adinekoek, eta osasun nahiz bizi baldintza hobeak izan ohi dituzte". Adinekoena "talde heterogeneoa" dela iritzita, hainbat esparrutan gizarteari "esperientziaren balioa" eskaintzen diotela dio, eta balio hori ezin dela alferrik galtzen utzi. "Giza kapital gisa, ezin daiteke inola ere esperientziaren balioa xahutu".

Adinekoek "subjektu aktiboa, erantzunkidea eta protagonista" izan nahi dutela dio, gainera. "Inork ezin die oztopatu adinekoei bizitzaren aro hori osotasunean bizi nahi izatea. Gizartean dauden erronka berriei aurre eginez, ezinbestekoa da kolektiboa bereiztera edo diskriminatzera egiten duen adinaren balio hori desmitifikatzea", esan du. Horretarako sortu zuten Helduak Adi! sarea. Hala dio Camposek: "Gure taldeak adinekoen ondoan egon nahi du, bizitzako azken etapan laguntzen saiatu. Pertsona bakoitzak bere bizi proiektua egiteko gaitasuna izan behar du, intentsitatez bizitzeko aukera izan behar du, zerbait jasoz eta zerbait emanez. Eta horretarako, ezinbestekoa da prestatzea nahiz formatzea". Hain justu, prestakuntza horren diseinua da, gaur egun, Helduak Adi! sareak duen helburuetako bat.

Oriotarraren esanetan, adinekoak kolektibo gisa aritzea da orain erronka; adinekoek helburu komunen inguruan bat egitea garrantzitsua dela dio hark. "Interesgarria litzateke gure elkartearen lanarekin gizarte mailako elkarteetan eragitea. Parte hartzea proposatzen dugu, horrek onurak besterik ez dakartza eta. Zoriontsu izateko, ez dago besteengatik zerbait egitea baino ezer hoberik", adierazi du.

Kolektiboki parte hartzeko moduetako bat izan daiteke belaunaldi arteko pertsonen arteko kooperazioa. Camposek belaunaldiartekotasuna hitza erabili du horretarako; alegia, adinekoak eta gazteak elkar elikatzearen alde egin du Helduak Adi! sareko kideak. Oriotarrak pertsona guztien "potentziala garatzeko eta aprobetxatzeko bitarteko bat" bezala ulertzen du termino hori. "Aukera bat da elkarrengandik ikasteko, eta, aldi berean, parte hartzea nahiz elkartasuna bezalako balioak sustatzen ditu. Belaunaldiartekotasunak onurak eragiten ditu adineko pertsonengan, baita gazteengan ere".

Gizartearen zahartzea, pentsio sistema publikoa, itsulapikoaren egoera... aztertu ditu Gukak erreportaje honetan. Arangurenek etorkizuneko pentsioak orekatzeko zenbait gako eman ditu; Camposek, bestalde, oreka hori bilatzeko adinekoen parte hartzea sustatzearen garrantzia azpimarratu du. Adinekoak eta pentsioak hizpide hartzean, sarri-askotan ekonomiari eta diru kontuei erreparatzen zaie soilik, baina patrikako zuloa baino handiagoa izan daiteke gizarteak kolektibo horrekiko duen zorra. Itsulapikoan al dago, beraz, arrakala?

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide