Euskaraldia 2025

'Belarriprest'-ak erdigunera Azkoitiko Euskaraldiaren hamaikakoan

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 14a, 15:16

Aurtengo Euskaraldiaren edizioko hamaikakoa, Euskara Mahaiko kideekin batera.

Azkoitiko Euskaraldiaren hamaikakoa osatuko duten herritar taldea aurkeztu zuten atzo Azoka Plazan. Talde anitza dela nabarmendu zuten antolatzaileek eta, aurtengoan, belarriprest-ek protagonismo berezia izan dezaten nahi dute, haien esfortzuak laguntzen baitu euskarak etorkizuna izan dezan.

Maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldia, baina Azkoitian prest daude jadanik euskararen aldeko ariketa sozial erraldoirako. Atzo, ostegunarekin, aurkeztu zuten hamaikakoa. Herrian ahobizi-ak nagusi diren arren, antolatzaileek belarriprest-ak jarri nahi izan dituzte erdigunean, herri euskaldunean belarriak zorrotz izateak meritu handia duela sinetsita.

Azoka plazara erdu zen atzo hamaikakoa osatzen duen taldea, Euskaraldirako atzera kontaketa hasi zuen aurkezpenera. Haiekin batera, ariketa kolektiboa prestatzeko ardura duen Euskara Mahaiko kideak izan ziren, baita Oihana Sudupe koordinatzailea ere. Hark adierazi zuenez, "herri anitza" da Azkoitia, eta halakoa da atzo aurkeztu zuten hamaikakoa ere. "Jatorri anitzetako herritarrak batu ditugu, baina guztiek badute zerbait komunean, euskara presente dute euren bizitzetan. Bakoitzak, ahal duen neurrian, euskara darama bere aho edo belarrian", nabarmendu zuen.

Euskaraldiaren aurtengo edizioan aitortza berezia egin nahi diete belarriprest-ei, "euren esfortzuari esker, gure gutxitutako hizkuntzak baduelako etorkizuna", Suduperen esanetan. "Azkoitia bezalako herri batean ahobizi asko gaude, baina belarriprest izateak badu bere meritua. Euskaldun jaio ez arren, euskaldun izateko bidean lehen pausoa izan ohi da hizkuntza entzutera ohitzea, eta gurea bezalako herri batean badu bere zailtasuna", agertu zuen Azkoitiko Euskaraldiko koordinatzaileak.

Euskaraz egitearen garrantzia

Hussain Tanveer-ek, adibidez, belarriprest txapa jantziko du maiatzaren 15etik 25era. Pakistanen jaioa da eta Azkoitian bizi da. Euskara ikasteari ekin zion, batetik, "jendearekin hitz egiteko eta lana bilatzeko" eta, bestetik, Euskal Herrian bizita, "inportantea" iruditzen zaiolako euskaraz hitz egitea.

Aldiz, ahobizi-ren rola jokatuko du Irati Lizarraldek. Bere ustez, Azkoitia herri euskalduna izan arren, herritarrek kontzientzia hartu beharko lukete, batez ere "Azkoitian dauden beste kultura batzuetako jendeak ere euskarara batu daitezen". Halaber, herritik ateratzerakoan ere "euskaraz hitz egiten jarraitzeak" duen garrantzia azpimarratu zuen.

Tanveer eta Lizarralderekin batera, honako azkoitiarrek osatzen dute Euskaraldiko hamaikakoa: Elias Marini (ahobizi), Inmane Foukai (belarriprest), Anjel Mari Arenas (ahobizi), Aitor Sorazu (ahobizi), Manjola Sila (belarriprest), Maite Lopez Las Heras (ahobizi), Gorka Larrañaga (ahobizi) eta Michele Abrego (belarriprest).

Aurkezpenaren amaieran, Oihana Sudupek gogoratu zuen bihar, larunbatez, hasiko dela Euskaraldian izena emateko epea, eta herritar oro parte hartzera gonbidatu zituen. "Aurtengo leloa Elkar mugituz egingo dugu da, eta hori da hemendik eta maiatzaren 15era egin behar duguna, elkar mugitu Euskaraldian parte hartzeko, elkarrekin euskaraz egin dezagun!"

Atzetik, gitarra hartu zuen Tomas Lizarazu Bulego taldeko kide eta hamaikakoaren partaideak, eta Azkoitiko musika taldeak Euskaraldirako egin duen kanta abestu zuen. Gure bihotzaren taupadak amaitzearekin batera, hasi zuten Azkoitian Euskaraldirako atzera kontaketa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide