Sidenorren lan hitzarmenaren negoziazioak "blokeatuta" jarraitzen duela salatu dute

Andoni Elduaien 2025ko urt. 31a, 19:22

Herriko plazara atera dira beste behin beraien aldarriak zabaltzera. (Andoni Elduaien)

ELA eta LAB sindikatuek deituta dozenaka lagun elkartu dira herriko plazan, enpresak Azkoitiko lantegian ezarrita duen aldi baterako lan erregulazio espedientearen egoera eta lan hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzeko. Akordiorik lortu ezean, "Azkoitiko herriarentzat ere arazoa" sor daitekeela uste dute.

ELA eta LAB sindikatuek deituta, Sidenorreko langileei babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute gaur, ostirala, Sidenorren ERTErik ez, hitzarmen duin bat bai lelopean. Dozenaka langile eta herritar bildu dira herriko plazan, haiei elkartasuna adierazteko. Bereziki, bi kontu salatzera eta gizarteratzera atera dira gaur kalera: batetik, Sidenorrek Azkoitiko lantegian ezarrita duen aldi baterako lan erregulazio espedientea indargabetzea eskatu dute, eta bestetik, lan hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatu.

Iazko apirilean sinatu zuten aldi baterako lan erregulazio espedientea Azkoitiko lantegian, CCOO, UGT eta USO sindikatuek eta enpresako zuzendaritzak hura indarrean jartzeko akordioa erdietsi eta gero, Azkoitiko lantegia eta Reinosakoa (Kantabria) uztartu zituen. Espediente hura "tranpa" eginda onartu zutela adierazi dute sindikatuetako kideek. "Espediente hori egiterakoan, Reinosako [Espainia] lantegiarekin egin zuen bat enpresak, eta erabaki horren eraginez, ELA eta LAB sindikatuek Azkoitian duten gehiengoa galdu zuten", azaldu dute. Ordutik, Azkoitiko 312 langilek —2024ko abenduko datua da— lan erregulazio espedientean jarraitzen dute, eta batez beste, %21eko espedientea ezarri zaie horiei. Reinosan, berriz, aldi baterakoi lan erregulazio espedienterik ez dute ezarri oraindik orain.

Sindikatuek diote hori Azkoitian "lan hitzarmen bat izateak" eragin duela. Ordea, 2023ko abenduan iraungi zen hitzarmena, eta akordio berriaren negoziaziorako plataforma bateratua aurkeztu zuten ELA eta LAB sindikatuek. "Hasita gaude negoziaketetan. Guztira, sei bilera egin ditugu, baina ez dugu ezer aurreratu; dena blokeatuta dago, enpresak ez baitu ezer aurkeztu". Are gehiago, adierazi dute ez abenduan, ez urtarrilean enpresa eta plataforma bateratua ez direla elkartu ere egin. "Aldi baterako lan erregulazio espedientea dugu, lan hitzarmen bat dugulako. Enpresa inposatzera ohituta dago, eta ez negoziatzera", salatu dute.

Galdutakoa berreskuratzea helburu

Nolanahi ere, langileek "gerran" jarraituko dutela nabarmendu dute. "Hitzarmenaren alde borroka egingo dugu, azken hamar urte hauetan lan baldintzak erabat okertu zaizkigu eta. 2014. urtean genituen soldata berdinekin jarraitzen dugu egun, lan ordu gehiago egiten ditugu, eta, oro har, gure bizi kalitatea asko jaitsi da. Azken finean, gure gatazka hori da: gure lan baldintzak hobetzea eskatzen dugu", azaldu dute.

Sindikatuetako ordezkariek gaurko elkarretaratzean nabarmendu dute, lan hitzarmen berria egiterakoan "gauza bat eta bakarra" ari direla eskatzen: azken hamar urte hauetan galdutakoa berreskuratzea. "Enpresak asko kendu digu azken urte hauetan guztietan, eta hori pixkanaka berreskuratzea da eskatzen duguna; guri, behintzat, hori justua dela iruditzen zaigu. Ordea, batetik, enpresak dio eskatzen duguna lekuz kanpo dagoela edota neurriz kanpokoa dela, eta bestetik, bi sindikatuek eratu duten plataformarekin ezin duela negoziatu".

Eskaera eta salaketa horiek egiteaz gain, bi sindikatuetako ordezkariek Sidenorreko langileek bizi duten egoera gizarteratzeko beharra sentitu dute, eta horregatik atera dira azken hilabeteetan behin baino gehiagotan kalera. "Guretzat arazoa den bezala, Azkoitiko herriarentzat ere arazoa sor daiteke; herriko jende asko dago lanean bertan, eta herriko zein inguruko enpresa askok egiten dute lan Sidenorrentzat. Egoera txar bat suertatzea inorentzat ez da ona, ezta herriko jendearentzat ere". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide