Ana Azkoitia: "Elkarteko kide izateak aukera emango digu turismo kudeaketa norabidez aldatzeko"

Andoni Elduaien 2025ko urt. 13a, 15:04

Azkoitia alkatea, eskuinetik laugarrena, elkartearen fundazio ekitaldian. (Udala)

Loiolatik Manresara (Katalunia) arteko ibilbidean dauden 60 bat udalerrik Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkartea sortu zuten herenegun, zapatua. Udalerri horien artean dago Azkoitiko Udala, eta Ana Azkoitia alkateak Montserrateko monasterioan egindako ekitaldian parte hartu zuen. Sortu berri duten udalerrien arteko elkarteak "erakargarri turistikoak sustatzeko" balioko duela uste du Azkoitiko alkateak.

Joan den zapatuan aurkeztu zuten Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkartea, Montserrateko monasterioan (Katalunia). Ignaziotar Bidea osatzen duten lurraldeetako "erakargarri turistikoak sustatzea" eta horien "potentziala optimizatzea" helburu duen elkartea da sortu dutena, Ana Azkoitia herriko alkatearen esanetan. Guztira, elkartera batu diren 60 udalerritako ordezkariek parte hartu zuten herenegun egindako fundazio bileran, tartean herriko alkateak. "Topaketa benetan interesgarria eta aberasgarria izan zen. Alkateak eta zinegotziak elkartu ginen, eta guztioi eragiten diguten gai askoren inguruko iritziak trukatzeko balio izan zigun", azaldu du Azkoitiak.

Alkateak nabarmendu du Euskadik hamar urte daramatzala Eusko Jaurlaritzaren eskutik Ignaziotar Bidea sustatzen. "Gure kasuan, Iraurgi Berritzen eskualdeko garapen agentziaren bitartez ari gara lanean, goitik beherako begiradarekin, esparru autonomikoan diseinatutako eta sustatutako jarduerak ezartzen zein gauzatzen lagunduz. Elkarte berri horretako kide izateak aukera emango digu turismo-kudeaketa norabidez aldatzeko, begirada aldatzeko, eta oinarritik lanean hasteko, guk geuk geure beharretatik abiatuta, diseinatu eta sustatu ditugun jarduerak gauzatuz".

Elkarteak, guztira, zazpi batzordekide izango ditu, eta herriko alkatea izango da horietako bat; Marc Aloy Manresako (Katalunia) alkatea izango da elkarteko presidentea eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea presidente ordea. Hain justu, Ignaziotar bideak zeharkatzen dituen 650 kilometroetan dauden herriak batzeko, Manresako Udalak egin duen trakzio lana nabarmendu zuen Azkoitiak; izan ere, hango ordezkariek Azkoitira bisita egin zuten 2023ko azaroan. "Indarrak batzeko ideia izugarri gustatu zitzaigun, eta bilera hark ekarri gaitu honaino, udalerrien elkarte hau sortzera. Elkartera atxiki gara Ignaziotar Bidearen sustapenean eta bidearekin lotura duten beste arlo guztietan modu aktiboan laguntzeko eta gure ekarpena konpromiso irmoarekin egiteko". Aloy elkarteko presidenteak, berriz, balioan jarri zuen "udalerrien indarra eta determinazioa", baita "elkarrekin lanean aritzeko erakunde bat errealitate bihurtzeko gaitasuna" ere.

Sortu berri duten elkartearen helburua da aterkipe berean biltzea 90 udalerri inguru. Orain arte, 60 udalerriren atxikimendua jaso du, baina elkarteak udalen kopurua handitzeko lanean jarraituko du datozen hilabeteetan. Azkoitiko Udalarekin batera, Arabako eta Gipuzkoako zenbait udalerri batu dira elkartera, hala nola Asparrena, Kanpezu, Bilar, Kripan, Biasteri, La Puebla de Labarca zein Zalduondo (Araba), eta Azpeitia, Legazpi, Urretxu nahiz Zumarraga (Gipuzkoa).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide