Finalekoarekin "gustura" agertu da Artetxe

Aritz Mutiozabal 2024ko abe. 17a, 10:00

Eneritz Artetxe, larunbateko finalean. (Andre Bosch Alfaro/Irutxuloko Hitza)

Alaia Martinek irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Aner Peritz Euzkitze zarauztarra bosgarren sailkatu da, eta Eneritz Artetxe azkoitiarra, berriz, zortzigarren.

Zurekin sentitzen dugun maitasuna ez da Ilunben kabitzen, Aner! eta Haundixe ein den, Ene! Ilunbe toreatzie falta!. Donostia Arenako oholtzatik erraz bistaratzen ziren animo pankartetako bi ziren horiek, arrosa kolorez jantzitako harmaila transfeministarekin batera. Txalometroa irakiten zegoen larunbat arratsaldean, eta bertsozaleek sortu zuten olatuak tenperatura baretu beharrean, gehiago berotu zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finaleko giroa.

Alaia Martinek jantzi zuen txapela, Beñat Gaztelumendirekin buruz buru aritu ondoren. Oiartzuarra faboritoen artean zegoen askoren ahotan, txapelketa osoan egonkor eta maila onean aritu zelako. Buruz burukorako, aldiz, irekiagoa zegoen kiniela. Epaimahaikideek puntuazioak bildu bitartean, eserlekuz eserleku eta komunerako bidean entzuten ziren izenak: Gaztelumendi, Ane Labaka, Oihana Iguaran... Azkenean, 2015eko finala errepikatu zen, baina oraingoan, Martin izan zen garaile, 1099,5 punturekin; Gaztelumendik, 2015eko eta 2019ko txapeldunak, bigarren bukatu zuen, 45 puntu gutxiagorekin.

Aner Peritz Euzkitze zarauztarrak eta Eneritz Artetxe azkoitiarrak Gipuzkoako lehen finala jokatu zuten, eta lan oso txukuna eginez, bertsoaldi ederrak eskaini zituzten. Peritzek bosgarren postua eskuratu zuen, 617 puntu batuta, eta Artetxe zortzigarren sailkatu zen, 574,5 punturekin. "Zoratzen nengoen, ez nuen inondik inora ere espero. Ez zen nire helburuetan zegoen zerbait", pozarren agertu da Peritz. Artetxek, bere aldetik, azaldu du orain ari dela kontziente izaten zer-nolako oparia izan den finala bizitzea: "Gustura nago, eta plazer bat izan da oholtza gainean parte hartzaile izatea. Luxu handia izan da".

Lekua hartzen

Oso urduri iritsi zela aitortu du zarauztarrak, hainbeste jenderen –6.500 lagunen– aurrean inoiz kantatu gabea zelako. Artetxe lasai iritsi baldin bazen ere, berehala aldatu zitzaion aldartea: "Areto bete horretara sartu ginenean, sekulako inpresioa egin zidan, oilo ipurdia jartzerainokoa. Oholtzatik handitasun hori ikusteak momentu batean txiki sentiarazi ninduen". Euzkitzek dio "oso gustura" aritu zela, eta hori, neurri handi batean, taldeari esker izan zela. "Oso giro atsegina izan genuen. Ni berriena eta gazteena izanda, oso zaindua sentitu nintzen besteen partetik. Lehendik finalean aritu zirenek oso ongi hartu gintuzten, babesa emanez eta lasaitzeko hitzak esanez. Egia esan, pila bat eskertzen diet", nabarmendu du Peritzek.

Saioan zehar nahiko "eroso eta libre" sentitu zela onartu du zarauztarrak, eta txapelketatik atera duen ondorioa horixe bera izan da: "Finalaurrekoan eta finalean bertan sentitu naiz ondoen, inolako presiorik gabe. Horren barruan, lortu dut plazaren dimentsioak gain ez hartzea eta gustura aritzea". Agurreko bertsoak finalean "kokatzeko" balio izan ziola aditzera eman du Peritzek: "Bertso bat kantatu eta txalo egingo dizute. Hori horrela izango zela ohartuta, lasaitu egin nintzen".

Bertsolariak, larunbateko finalean. (Andre Bosch Alfaro/Irutxuloko Hitza)

 

Azkoitiarrak, aldiz, saioa "lotuta" hasi zuela adierazi du, eta kostatu egin zitzaiola bere "lekua aurkitzea". Arratsaldeak aurrera egin ahala, lasaitzen joan zen, eta "gozatzera" ere iritsi zela onartu du: "Azken finean, nahi nuen bakarra hori zen: Ilunbe handi hartan niretik emateko eta gozatzeko aukera izatea. Ez da izan txapelketan egin dudan saiorik onena, ezta gutxiagorik ere. Baina guztion artean saio txukun bat egin genuela esango nuke. Berriz entzun eta egin beharko ditugu geure irakurketak, baina gustura nago egindakoarekin. Eta gustura egin dudan txapelketarekin".

Lehen ariketako gaia ongi ulertu ez ote zuen errezeloa du Peritzek, baina "malabare" batzuk eginda, Rekondok eta biek hasiera ona egin zutela uste du. Zortziko txikia "ariketa onentsuen" moduan baloratu du, eta Iguaranekin eginiko hamarreko txikian, gaia serioa eta doinua tristea izanagatik, "elkarrekin noka egiteak ilusioa" egin ziola adierazi du. Bakarkako gaia ez zitzaiola gustatu esan du, "sorpresaz" harrapatu zuela eta "distiratzeko" ez zela erraza. "Hala ere, ariketa txukuna egin eta salbatu nuen, eta esan behar ziren gauza batzuk esan nituen".

Unai Gaztelumendik egindako irudi bana jaso zuten finalista guztiek. Haritz Etxeberria Ministro Erniarraitz elkarteko kideak eman zion Artetxeri. Peritzek, gainera, 25 urtez azpiko txapelketako bertsolari onenaren saria jaso zuen, Almen bertso eskolaren sortzaile Patxi Goikolearen eskutik.

Erlazionatuak

Txapelak jabe berria

Unai Muniain abe 17 Azkoitia

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide