Ilunbeko lau urtean behingo zita (edo oraingo honetan bezala, bost urtekoa) oso garrantzitsua izan ohi da bertsozaleontzat, ez baitira askotan ikusten 6.000 entzule inguru bertsoen inguruan bilduta. Hala ere, gazi-gozotik ere izaten du egun horrek, txapelketako saioz betetako udazkenari amaiera ematen baitio. Dena den, espero zen gogoz eta irrikaz azaldu ginen zezen plazara.
Bertsolari guztiak ez dira helburu berarekin joaten finalera; batzuk emaitzaren bila doazen bitartean, besteentzat finalean egotea bera da saria. Aurtengoan, norbere espektatibak hasieratik ikusi dira nabarmen. Izan ere, saioarekin hasteko ohikoa izaten den zortziko handiaren ariketaren ordez, aurten lehenengoz neurri librean utzi dituzte bertsolariak. Ariketa horretan egin dituzten hautuek mahai gainean jarri ditu bakoitzaren asmoak. Hain zuzen ere, gehienek, libre izanda ere, zortziko handian egin dute bertsoaldia, lehiarako aukerak arriskatu gabe eta pauso guztiak zuzen eginez. Halere, aukera kontserbadore horretatik urrundu diren bakarrak bi gazteenak izan dira, Andoni Rekondo eta Aner Peritz, Langile baten semea doinuarekin abestu baitute. Doinu horrek, irregularra bezain jostaria izaki, freskotasun handia eman dio saioari hasieratik. Aipagarria iruditzen zait gazteek erakutsi zuten ausardia, galtzeko ezer ez edukitzeak eragindakoa.
Freskotasunak freskotasun, gaurkotasunarekiko lotutako diskurtsoek ere lekua izan dute finalean. Gai askoren artean, nabarmenena gaur egungo euskararen erabilera izan da, zenbait bertsolarik izan dutelako hizpide. Esaterako, Peritz eta Oihana Iguaran zerbitzu publikoetan euskarafobiak duen lekuaz aritu dira, gainera, noka eginez. Bestalde, Eneritz Artetxek, soziolingustikako ikerlari baten rola hartuta, hizkuntzaren beheranzko egoeraren aurrean eragiteko aldarria egin du. Buruz burukoan ere, azkenaldian jendeak Euskal Herriarekiko duen atxikimendu txikiagoaz jarri dituzte kantuan Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi. Gaiak ezkortasun kutsua izan arren, esperantzarako deiadarra egin dute, ezer ez baitago oraindik galduta, eta Ilunben elkartu ginen jendetza horren adierazgarri izan zen.
Azkenean, txapela buruz aldatu da, Martinek saio bikain baten ostean lortu baitu janztea. Bakarrak irabazi arren, zortziek egin dute harro egoteko moduko saioa finalean, baita txapelketa ere, fase guztiak kontuan hartuta. Beriziki Peritz eta Artetxe eskualdeko ordezkariek, Rekondorekin batera, besteek baino bide luzeagoa egin behar izan dute, udaberriko sailkapen fasetik hasita. Meritu handia izan dute, bide luze horrek eragiten duen nekeari eutsi eta txapelketa oso ona egin dutelako, hasieratik bukaerara. Orain guztiz merezitako atsedena hartzeko aukera izango dute, eta ea aukera dugun, txapelketaz harago, plazan ere euren bertsoez gozatzeko.