Azkoitiarren doinuak

Joxan Mendizabalen euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2025ko urt. 1a, 09:00

Joxan Mendizabal dantzaria.

Sahatsako dantzaria eta Tata danborrada elkarteko zein Azkoitia 700 batzordeko kidea da Joxan Mendizabal, eta hura da Azkoitiarren doinuak ataleko 47. protagonista. Azkoitia Gukak hala eskatuta, bost euskal kanta hautatu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • San Joan Zortzikoa (Herrikoia)

"San Joan bezpera, ekainaren 23a, oso hunkigarria izan ohi da niretzat, Sahatsa dantza taldeko kidea naizenez, suaren inguruan dantzatu ohi baitut gau horretan. Azkoitiar gisa oso une hunkigarria izaten da Balda plazan San Joan Zortzikoaren doinuarekin suaren inguruan dantzatzea. Niretzat urteko gau zirraragarrienetako bat da eta asko gozatzen dut, ohore handia da herriaren aurrean dantzatzea".

  • Ilargi berriak (Neomak)

"Trikitia beti entzun izan da nire etxean, batez ere amaren familiaren aldetik. Txiki-txikitatik trikitia dantzatu izan dut eta doinu horiek oso barneratuta ditut, baina Neomak taldea atera zenean, trikitiaren munduan zerbait falta zitzaidala konturatu nintzen, hots, instrumenturen bat jotzea. Musika talde honetako kideek beti defendatu izan dute panderoak gure historian izan duen garrantzia, esku soinuaren etorrerarekin bigarren mailara pasa baitzen. Horregatik guztiagatik erabaki nuen panderoa jotzen hastea, nire aitonak ere jotzen baitzuen. Gainera, orain, horrelako musika taldeekin panderoari merezi duen lekua ematen ari zaiola uste dut. Ilargi Berriak abestia panderoa jotzen hasteko bultzada izan zen, eta oso gustuko dut euskal soinu tradizionalekin eta beste musika genero batzuekin egiten duten nahasketa".

  • Azkoitiri (Laja eta Landakanda)

"Lehen esan dudan bezala, asko gustatzen zait trikitia, eta txikitatik bizi izan dut horrela. Niretzat, Laja eta Landakanda trikitiaren eta Azkoitiaren erreferente dira eta izango dira beti. Gainera, aurten, Azkoitia 700 dela eta, urtarrilaren 4an trikitilariok eman genion hasiera urteurrenari Laja eta Landakandaren Azkoitiri abestia joz herriko plazan. Une oso berezia izan zen, omenaldi ederra beraientzat eta Azkoitiko trikitilari guztientzat. Abesti horrek beti gogorarazten dit zein diren nire sustraiak".

  • San Sebastian Martxa (Raimundo Sarriegi)

"Txikitatik gustatu izan zait danborrada. Gaur egun, Azkoitiko Tata danborrada elkarteko kidea naiz eta Txintxarri konpainiarekin zuzendari gisa ateratzen naiz sanandresetan. Donostian ere ateratzen naiz danborradan Antiguako Itxaspe kultur elkartearekin, danborra jotzen dut San Sebastian egunean, urtarrilaren 20an. Niretzat, ordea, momentu berezia izan zen 2023an nire taldeko arduradunetako batek proposatu zidanean gure konpainia (Itxaspe) ordezkatzeko banderaren jaitsiera ekitaldian. Horrela, Unión Artesanarekin danborra jotzeko aukera izan nuen Donostiako Konstituzio plazan, eta ilusio handia egin zidan. Plaza jendez gainezka zegoen gauerdiko hamabietan, eta oso hunkigarria eta zirraragarria izan zen plaza horretan San Sebastian martxa danborrekin jotzea, atzean udal banda eta Donostiako Orfeoia zeuden bitartean. Bizitzan ahaztuko ez zaidan une bat, ia hitzekin azaldu ezin dena oholtza horretan bizitzen dena martxa jotzerakoan".

  • Ardiak bezala (Betizu taldea)

"9 urte nituela, Betizu telebista saioko Egin Kantu! lehiaketan parte hartu nuen, Azkoitiko plazan grabatu zen saioan. Telebistako programa hori nire belaunaldiko jende askok ikusten genuen, eta ilusio handia egin zidan bertan parte hartzeko hautatua izateak. Une batean, musika eskolako koruan abestetik telebistan abestera igaro nintzen. Bi abesti kantatzea egokitu zitzaizkidan, Wham! Taldearen Festa Bat (Wake Me Up Before You Go-Go abestiaren euskarazko bertsioa) eta Betizu taldearen Ardiak Bezala. Abesti horiek garai hura gogorarazten didate eta nostalgia handiz oroitzen ditut, nire familia nahiz ikastolako lagun guztiak etorri ziren ikustera plazara. Ia hemezortzi urte igaro diren arren, bada oraindik kantu horiek gogoratzen dituenik.

Aurten, gainera, Miramonen grabatu zen Betizu taldearen topaketan izan nintzen, eta polita izan zen guk txikitan entzuten genituen abesti horiek berriro entzutea eta Egin Kantu! saioko lantalde bera ikustea (aurkezlea, musika-ekoizlea…)".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide