Azkoitiarren doinuak

Ixabel Jauregiren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2025ko urt. 8a, 09:00

Ixabel Jauregi.

Euskaltzalea, Erniarraitz bertsozale elkarteko kidea, Caritaseko kidea... modu askotara deskriba daiteke Ixabel Jauregi, eta hura da Azkoitiarren doinuak ataleko 48. protagonista. Azkoitia Gukak hala eskatuta, bost euskal kanta hautatu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  •  Izar polisariar bat ( Eñaut Elorrieta eta Olaia Inziarte)

"Sahara ez dagoela salgai aldarrikatu dugu azkenengoz Kontzekupean, azaroaren 21eko Isilune Zirkularrean. Saharar Askapenerako Mugimendu Nazionalak dirau hainbat urtetan izar hori izaten, askatasunaren ametsa egia bihur dadin. Lurralderik gabeko herriari zor zaio autodeterminaziorako eskubidea berrestea, momentu honetan epaiak, Mendebaldeko Saharako baliabideei buruzko edozein merkataritza-akordio, saharar, herriaren oniritzirik gabe, legez kanpokoa dela ebatzi duenean. Argia urratzen ari dela sinets dezakegu".

  • Euri tanta banintz (Joxan Ormazabal eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots)

"Joxan Ormazabal etorri izan zen ikastolara, bizpahiru aldiz, ikasleekin irakurri genuen bere liburuaz eta lanaz hitz egitera. Gertukoa zen, eta xehetasun txikietan oinarritzen zen bere sormen lana garatzean. Horren adibide kantu labur eta paregabea, haur txikienentzat primerakoa".

  • Euskal Herrian euskaraz (Oskorri)

"Xabier Amurizaren mezua, batez ere zati hau: 'Ez al dakizu euskara dela/euskaldun egiten gaituena?/Zer Euskal Herri litzake bere hizkuntza ere galtzen duena'. Ea uzten diguten euskaraz bizitzen, eta geu ere ez gaitezen odol galduak izan".

  • Haurtxo haurtxoa izu egin lo (Olatz Zugasti)

"Mixel Labegeriek eta Piarres Lartzabalek Francoren diktadurapean sortua. Sehaska kanta goxoa, aitarekiko maitasunez betea mezu garbiarekin eta haurra ondo zaindua eta babestua izango dela ziurtatzen duena. Gaurkotasunez josia, XXI. mendean ere zenbat umezurtz, gurasorik gabe, gerrarengatik edo migratzeko beharrarengatik. Herrian bertan, seme-alabei kantatu ezin dieten zenbat ama".

  • Mundurat eman ninduzun (Benito Lertxundi)

"Xalbadorrek 1976an Xenpelar saria irabazi zuen Ene ama zenari bertso sortarekin. Sorta osoa Odolaren mintzoa liburuan dago. Olerkiaren gailurra ukitu zuen bertsolariak bere amaren irudia goraipatzean: nola amak erakutsitako mintzairan ari zaion, erditzearen minak, esker ona nola azaltzen dion, zenbat sufriarazi zion, amaren heriotzaz gogoratuta hausnarketa... eta bukatzeko, zera dio: 'Jaunak zure gai kausi nazala heriotzeko orduan/ itzal gabeko ama semegoz goza gaitezen zeruan'".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide