San Andres egunean postuak jarriko dituzten eragileek hainbat neurri inklusibo hartu dituzte

Andoni Elduaien 2024ko aza. 26a, 12:38

Udaleko eta herri eragileetako ordezkariak, udaletxean. (Marea Urdina)

Herriko eragileek zapatuan plazan jarriko dituzten txosnetarako hainbat neurri inklusibo hartu dituzte. Besteak beste, aniztasun funtzionala dutenentzako lehentasunezko eremua izendatuko dute, postuetako menuak piktograma bidez erakutsiko dituzte, eta zaratarik gabeko nahiz kontzertuetarako gune bana egokituko dituzte.

Azkoitian batzuk egunak eta besteak orduak zenbatzen ariko dira honezkero zapatuan ospatuko duten San Andres egunerako. Marea Urdina elkarteko kideak ere prest dira "inklusioaren eta irisgarritasunaren eredu" bihurtu diren festetarako; izan ere, aurten, San Andres egunean plazaren bueltan txosnak jartzen dituzten eragile guztiek inklusiora bideratutako hainbat neurri hartuko dituzte.

Herriko eragileek txosnetarako hartu dituzten neurrien artean daude, besteak beste, aniztasun funtzionala dutenentzako lehentasunezko eremua izendatzea, postuetako menuak piktograma bidez erakustea, zaratarik gabeko gunea edo gune lasaia egokitzea eta kontzertuetarako gune egokitua zehaztea. Hala, plazako postuetara joaten diren parte hartzaile guztiek bermatuta izango dute, beraien gaitasun fisikoak, kognitiboak edota sentsorialak edozein izanik, ospakizunetan "osotasunean" parte hartu ahal izatea. "Hartutako ekimenek aniztasunaren eta partaide guztien ongizatearen aldeko konpromisoa erakusten dute", azaldu dute Marea Urdina elkartekoek.

Adierazi dute, halaber, neurri horiek ez dutela soilik behar bereziak dituzten pertsonen esperientzia hobetzen, guztiena baizik. "Parte hartzaile guztien artean errespetu, enpatia eta elkarlana sustatzen duten giroa sortzen dute neurriok; espazio eskuragarriak eta lagunkoiak sortzea ez ezik, elkarbizitza eta elkartruke solidarioaren garrantzia nabarmentzen dute, eta kultura inklusibo bat sortzen laguntzen du". Halako neurriak "jaiaren nortasunaren zati" bilakatzen ari Marea Urdinakoen esanetan. "Antolatzaileen konpromisoak erakusten du aniztasunaren eta eskuragarritasunaren aldeko bidea zein den, jaia guztiok parte har dezakegun espazio bihurtuz, elkar errespetatuz eta inklusioan oinarritutako giro bat sortuz".

Lehentasuna eta piktogramak

Zapatuan plazan jarriko dituzten postuek lehentasunezko eremu bat izango dute aniztasun funtzionala duten pertsonentzat, eskaera egiteko orduan horiek lehentasuna izan dezaten. "Ondo markatuta egongo da eremua, eta bertan sartzeko, parte hartzaileek lehentasun txartela aurkeztu beharko dute". Hain justu, udaletxeko Gizarte Zerbitzuetan egin beharko da egiaztagiri txartelaren eskaera. Ordea, neurri horrekin komunitate osoari eskatu nahi diote eremu horiek errespetatzeko, "bizikidetza eta elkartruke solidarioa sustatuz".

Bestalde, txosnetako menuak piktogramen bidez ere erakutsiko dituzte, "gastronomiarako irisgarritasunari garrantzia" emanez. Marea Urdinak adierazi du postuetan irudiak jarriko dituztela aniztasun funtzional kognitiboa edo irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonekin pentsatuta. "Piktogramen bidez platerak eta menuen aukerak erraz ulertzeko aukera izango dute. Gainera, irisgarritasuna hobetzen die beste oztopo linguistikoengatik, ulermenagatik edota beste zailtasun batzuengatik menua ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonei". Egokitzapen horiek "pertsonen autonomia hobetu" egiten dute elkarteko kideen arabera, eta festetan "modu inklusiboan parte hartzea" ahalbidetzen dute.

Egokitutako gune desberdinak

Postuetako musikagatik, kontzertuengatik eta jendetzaren giroagatik, sanandresetan ere "zarata maila altuak" egon ohi dira Marea Urdinakoek arabera, eta horren aurrean, batetik, zaratarik gabeko eremua edo lasai egoteko gunea egokituko dute Portaleburu erakusketa aretoan. Lehentasun txartela duten pertsonek erabili ahalko dute gune hori, 12:00etatik 15:30era bitartean.

Zaratarekin zailtasunak dituzten pertsonentzat, hala nola espektro autistaren trastornoak edo sentsibilitate sentsoriala duten pertsonentzat egokituko dute gunea. Jendetzatik eta zaratatik urrun, "giro lasaia" eskainiko du eremu horrek, eta "atseden hartzeko eta erlaxatzeko aukera" emango du. "Arnasa behar dutenek, baina jaietan beraien erritmora parte hartzen segitu nahi dutenek, sentsorialki egokitutako espazioan atseden hartu ahalko dute".

Bestetik, Oihan Vega DJak emango du zapatuan kontzertua plazan, eta aniztasun funtzionala duten pertsonek haren emanaldia Kultur Etxetik jarraitzeko aukera izango dute. Ordea, udaletxeko Kultura sailera deitu (943-85 71 70) edo kultu@azkoitia.eus idatzi beharko da aurrez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide