Azaroaren 25a

Udalak emakumeen aurkako indarkeria matxistaren "diskurtso ukatzaileetan" jarri du arreta

Andoni Elduaien 2024ko aza. 25a, 16:35

Azkoitiko udaletxea. (Andoni Elduaien)

Udalak "gaitzespen irmoa" adierazi du indarkeria matxista guztien aurrean, eta beste zenbait konpromisorekin batera, gainerako erakundeekin, mugimendu feministarekin eta gizarte osoarekin "modu koordinatuan lan egiten jarraitzeko asmoa" berretsi du. EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren babesarekin onartu dute testua; izan ere, Azkoitia Bai ez da batu ekimenera, halako adierazpenak "antzuak" izan ohi direla iritzita.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko eguna dela eta, Azkoitiko Udalak Azaroaren 25ari lotutako adierazpena kaleratu du. EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren babesarekin onartu dute testua, eta "gaitzespen irmoa" adierazi du indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean, eta beste erakunde batzuekin, mugimendu feministarekin eta gizarte osoarekin "modu koordinatuan lan egiten jarraitzeko konpromisoa" berretsi du. Ordea, Azkoitia Bai ez da batu ekimenera. Herri plataformak gogor gaitzetsi ditu indarkeria matxista kasuak, baina udalak kolektiboki onartu ohi dituen mozioak eta adierazpenak "antzuak" dira haientzat, eta horregatik ez dute adierazpenarekin bat egin. 

Aurten, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren "diskurtso ukatzaileetan" jarri nahi izan du arreta udalak. Erakundearen esanetan, "ultraeskuinak aurrera" egin dezan "Europako eta munduko testuinguru batek bultzatuta" sortzen dira gisa horretako diskurtsoak. "Emakumeen eta haien inguruaren aurkako indarkeria ezereztu egiten du emakumeen eskubideetan izandako aurrerapenen aurreko erreakzio horrek". Nolanahi ere, udalaren esanetan "haratago" doa kontua; berdintasunari eta indarkeria matxistari dagokienez, lege aldaketengatik "biktimak gizonak" direnaren ustea ere sustatzen dute mezu horiek.

Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartearen alde gero eta sentsibilizazio nahiz kontzientzia kolektibo handiagoa egon arren, "joera neomatxista hazten" ari da udalaren esanetan, bereziki mutil zein gizon gazteengan eta adin ertainekoetan. Gainera, hazkundea, batez ere, "eremu digitalean" ari da gauzatzen. "Manosfera deitu zaion eremuan, mezu misoginoak eta berdintasunaren aurkako mezuak daude. Horien arabera, indarkeriak generorik ez duela, asmakizun ideologikoa dela eta berdintasun politikak urrunegi iritsi direla bezalako mezuak jasotzen ari dira gazteak".

Udalaren arabera, egungo gizarteak "egiturazko arazoa" du, eta hori emakumeek jasandako indarkeria matxista datuek erakusten dute. "Negazionismoa arazo globala da, eta Nazio Batuek ere alarma piztu dute berdintasunaren aurkako mehatxu gero eta handiagoez eta misoginiaren normalizazioaz ohartarazteko, batik bat, hedabide digitaletan", adierazi du udalak idatzian.

Azaroaren 25aren harira kaleratu duen adierazpenean, gainera, honako konpromiso hauek hartu ditu erakundeak:

  • Batetik, emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edota ezerezten duen edozein erreakzio matxistaren aurrean euste horma kolektiboa aktibatzea; eta bestetik, mezu ukatzaileak indargabetzeko eta tokiko bizitzan barneratzeko, tokiko eragile guztiekin halakoak sortzeko lan egitea: partaidetza mahaiak, zurrumurru misoginoei eta mezu ukatzaileei aurre egiteko tokiko sareak, komunikazio bateratuak eta erantzun publiko nahiz kolektiboko protokoloak.
  • Gazteei zuzendutako sentsibilizazio neurriak hartzea, batez ere mutilei zuzendutakoak, egunero jasotzen dituzten mezu misoginoak, emakumeen aurkako mezu bortitzak eta berdintasunaren aurkakoak desaktibatzeko, batik bat, bitarteko digitalen bidez.
  • Eskola komunitateari zuzendutako hezkuntza eta prestakuntza prozesuak indartzea, indarkeria matxistaren aurrean mezu eta jarrera ukatzaile horiei aurre egiteko eta desaktibatzeko.
  • Hezkuntza sailarekin hitz egiteko bideak erabiltzea, eskola curriculumean jarrera ukatzaileetan eta jarrera matxisten normalizazioan esku-hartzea indartzeko. Gure eskumenaren kanpo dago.
  • Berdinsarearen eta beste sareen bidez, udalerriek sarean ekiteko aukera indartzea, negazionismoari aktiboki aurre egiteko eta udalerriek indarkeria matxistaren aurka kolektiboki borrokatzeko egiten duten apustua berresteko.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, udalak herrian antolatu diren ekitaldietan parte hartzera animatu ditu herritarrak, emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien aurrean gaitzespena "modu aktiboan" adierazteko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide