Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta horren harira, elkarretaratzea egin dute eguerdian, Kontzejupean. Udaleko Berdintasun sailak deituta, erakundeko ordezkariak, langileak eta hainbat herritar elkartu dira han. Ana Azkoitia alkateak hartu du hitza elkarretaratzea egin aurretik, eta hark azaldu du indarkeria matxista dela, "tamalez", gizarteak egun sufritzen duen "gaitz latzenetako bat".
Alkateak adierazi du "ez dela urrutiko kontua" indarkeria matxistena. Aurten, urtarriletik azarora bitartean, udaleko Gizarte Zerbitzuek hamalau kasu berri artatu dituzte; gainera, horiei aurretik zetozen beste bost kasu gehitu behar zaizkie. Halaber, gaurko eguna alkatearentzat "garrantzitsua" den arren, indarkeria matxistari "urteko egun guztietan" egin behar zaio aurre. Aurten, bereziki, fokua ingurune digitalen mehatxuan jarri nahi izan dute. "Sare sozialetan bolo-bolo dabiltzan mezu misoginoak eta matxistak belarri guztietara iristen dira, horrek dakarren atzera pausoarekin. Ezin dugu horrelakorik irentsi. Hezkuntza, kontzientzia eta kritika behar ditugu emakumeenganako indarkeria ez bultzatzeko, hori ere indarkeria babesteko modu bat baita".
Udalak indarkeria jasan duten eta jasaten ari diren emakumeak izan ditu gogoan eguerdiko elkarretaratzea eginda. "Haiekin ditugu pentsamendua eta bihotza. Hausnarketarako gonbidapena da gaurkoa, eta horregatik, biktima izan direnei eta gaur egun direnei nahiz haien seme-alabei babesa eskaini eta bakarrik ez daudela adierazi nahi diegu. Izan daitezela gure hitzak eta ekintzak indarkeria matxista oro eteteko ahalmena", azaldu du Azkoitiak. Bost minutu inguruko isilunearen ondoren, Haritz Etxeberriak bertsoa abestu du, eta frontoian bildu direnek banan-banan kandelak piztu dituzte gero, indarkeria matxista jasan duten emakume guztiei elkartasun keinua eginez. Emakumeen aurkako indarkeriari ez zioen kartelaren aurrean utzi dituzte kandelak elkarretaratzean izan direnek.
Ekintza gehiago
Bestalde, Portaleburu erakusketa aretoan Ahalduntze ikastaroen barruan xilografia tailerretan parte hartzen ari diren emakumeen lanak erakutsiko dituzte. Astelehenetik igandera egongo da zabalik erakusketa; gaurtik ostiralera, 17:30etik 19:30era zabalduko dute aretoa, eta igandean, abenduaren 1ean, 12:00etatik 14:00etara. Ikastetxeetan, berriz, Asier Arizkorretak manosferari buruzko hitzaldiak eskainiko ditu, diskurtso misogino eta antifeministak sustatzen dituzten webguneez, blogez eta foroez, hain justu.
Arratsaldean ere izango dira Azaroaren 25ari lotutako ekintzak; izan ere, Urola Erdiko Itaiak 18:00etarako deitu du mobilizazioa. Herriko plazan egingo dute elkarretaratzea, Indarkeria matxistaren aurrean, sozialismoa eraiki lelopean.