Jai giro betean murgilduko da Azkoitia bihartik aurrera. San Andres jaiak tarteko, askotariko ekintzak egingo dituzte herrian egun horren atariko asteburuan. Bihar, herri lasterketa eta helduen danborrada izango dira, eta igandean, baserritarren azoka, ehoziri erakusketa eta dantzak.
Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton elkartearen eskutik jokatuko dute zapatuan 19. Herri Lasterketa. 350 lagunek eman dute izena biharko, eta horiek guztiek plazan izango dute irteera eta helmuga. Guztira, hamar kilometroko ohiko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek. Nolanahi ere, antolatzaileek boluntarioei dei egin diete bidegurutzeak zaintzen laguntzeko. Lagundu nahi duten herritarrek 15:00-15:30 bitartean herriko plazara agertu beharko dute. 22:00etan, berriz, helduen danborrada egingo dute. Iaz bezala, hamabi taldetan banatuta ariko dira danbor eta barrika jotzaileak; 500 lagun inguruk parte hartuko dute danbor festan.
Igandean, bestalde, baserritarren azoka, ehoziri erakusketa eta dantzak izango dira ikusgai herrian. 11:00etatik aurrera, Zumeta, Santa Kutz, Etxearreta, Zabaleta, Berastegi, Balentzixa, Lizagasar eta Santa Klara baserriek azoka egingo dute. Baserritarren azokaz gain, Bizilore eskola aktiboak doako talo tailerra eskainiko du plazan, 10:00etatik 14:00etara. Kontzejupean, berriz, ehoziri erakusketa egingo dute.
11:00etan, bestalde, Bizkargi eskolako musikariak eta dantzariak kalera aterako dira. Gaztanenea jauregitik abiatuta egingo dute kalejira Alde Zaharrean zehar, Txalkor taldeko txistulariek lagunduta. 12:30ean, ostera, plaza dantzak izango dira Goiko Losan, Alaken taldeak girotuta.
Xirri-xarro ikuskizuna
Sanandresen atariko asteburua borobiltzeko, Sahatsa dantza taldeak, Iraurgi abesbatzak eta Azkoitiko Musika Bandak sanandresetarako bi urtez behin sortzen duten musika eta dantza ikuskizuna aurkeztuko dute igandean, 19:00etan, Baztartxon. Juan Luis Lizabe Sahatsa taldeko kideak azaldu du udaberrian landu zituztela ikuskizunaren eskema eta gidoia, baina prestaketa lanak uda hasieran hasi zituztela. Obra, pieza eta lan desberdinetatik abiatutako ikuskizuna taularatuko dute.
Moldaketa edo aldaketa txikiak behar izan dituzten antzinako errepertorioetako "pieza politak" berreskuratu dituzte iganderako, baina sorkuntza berriak ere txertatu dituzte ikuskizunean, "askotariko ikuskizuna" sortuz. Hala eman du ikuskizunaren berri Lizabek: "Pirinioetako Erronkari, Aezkoa eta Orbaizeta ibarretako paisaia ederretatik sortuko ditugu hango biztanleen jotak, ttun-ttunak eta amodioak. Erromesek Orreagako Ama Birjinari egindako bisita ere irudikatuko dugu. Unanuko Mamoxarroak, berriz, Katola deituriko antzinako maskarekin agertuko dira oholtzan, eta horiek beldurra zabalduko dute herritarrengan. Hango haurrak urrundik saiatuko dira maskaradunei errieta egiten Mamoxarro Xirri-xarro abestuz". Dena den, maskaradunek euskal inauteriei bide ematea lortuko dute, eta landa eremuan inspiratutako lanak eta ohiturak erakutsiko dituzte orduan. Lehen zatia amaitzeko, Sahatsak, Iraurgik eta musika bandak "konposizio azkarra eta ikusgarria" eskainiko dute.
Ikuskizunaren bigarren zatia, berriz, bere "dotoreziagatik" eta euskal konpositore klasikoei, garaikideei zein musika barrokoari eskainitako tarteagatik nabarmenduko da, baita "trebetasun handiko" dantzariengatik ere. Hainbat lan eskainiko dituzte horiei guztiei keinua egiteko. Ikuskizuna herriko hiru kultur taldeek interpretatutako "obra handi batekin" itxiko dute.
Egitaraua
Hona hemen biharko eta etzirako antolatutako ekintzak:
Bihar, zapatua
- 16:30. Raka Maraton taldeak antolatutako 19. Azkoitiko Herri Lasterketa, herriko kaleetan.
- 22:00. Helduen danborrada, herriko kaleetan.
Etzi, igandea
- 10:00-14:00. Bizilore eskola aktiboaren talo tailerra, plazan.
- 11:00. Baserritarren azoka eta ehoziri erakusketa, plazan.
- 11:00. Bizkargi eskolako musikarien eta dantzarien kalejira, Txalkor taldeko txistulariek lagunduta.
- 12:30. Plaza dantzak Goiko Losan, Alaken taldeak girotuta.
- 19:00. Xirri-xarro ikuskizunaren emanaldia, Baztartxo antzokian.