XVIII. mendeko zalduntxoen jantziak, danborradako zalduntxoentzat

Mailo Oiarzabal 2024ko aza. 16a, 16:48

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eskutik osatu eta aurkeztu ditu Zalduntxoak taldeak gaur zortziko danborradan estreinatuko dituen jantziak, elkartearen Intsausti jauregiko egoitzan.

Xabier Munibe Peñafloridako kondearen eta haren garaikide aristokraten "jaietako jantzietan" oinarritutako arropak, horiexek estreinatuko dituzte gaur zortzi, azaroaren 23an, Azkoitiko helduen danborradan, Zalduntxoak taldekoek.

Taldearen izenetik izanera, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin elkarlanean prestatu dituzte jantziok, elkarteak Azkoitia 700 egitasmoari egindako ekarpen gisara; eta elkartearen egoitzan, Intsausti jauregian, aurkeztu dituzte gaur eguerdian, ikusmina piztu duen ekitaldian. Amelia Baldeon presidenteak, Juan Bautista Mendizabalek eta Valen Moñuxek –jantzien diseinuan aholkulari lanak egin dituenak– ordezkatu dute Euskalerriaren Adiskideen Elkartea gaurko aurkezpenean; haiekin batera hartu dute hitza Sonia Vazquez Kultura zinegotziak eta Marta Arregi danborrada taldeko zuzendariak. Arregi danborradan jantziko duen soineko ikusgarria soinean zuela eseri da mahaian; miresmen murmurioekin hartu dituzte zuzendaria eta harekin batera gelan sartu diren banderaduna eta kantinerak, horiek ere danborradako beren arropekin jantzita.

Zalduntxoen oinordekoen ekarpena

Zalduntxoak taldeak hirugarren urtea izango du aurtengoa sanandresetako danborradan; festa osatzen duten gainerako talde gehienek egin izan duten bezala, lehen bi urteetan behin-behineko jantziekin desfilatu zuten, eta hirugarrenerako, udalaren diru laguntza bermatu ondoren, behin betiko arropak aukeratzea eta prestatzea tokatu zaie.

Udalarena ez ezik, Euskalerriko Adiskideen Elkartearen laguntza ere izan du, ordea, taldeak. Elkartea bera sortu zuten Peñafloridako kondeak, Narrosko markesak eta Manuel Ignacio Altunak osatu zuten Azkoitiko Zalduntxoak hirukoaren izena hartu zuen taldeak hasieratik izan zuen hartu-emana Intsausti jauregian egoitza duen elkartearekin, eta jantzi berria egitearen prozesuak estuago bihurtu du harreman hori

Duela 257 urte, Bergaran Errege Mintegia sortzeko Azkoitia utzi zuenean, Intsausti jauregia itxi eta alde egin aurretik festa handia ospatu zuen Munibek, "karnabalak", Baldeonek eta Mendizabalek gaur gogora ekarri dutenez. Peñafloridako kondearen izaeraren alderdi hori kontuan hartuta, haren garaiko euskal aristokraten jaiegunetako edo festarako jantziak izan dira Zalduntxoak taldearen danborradarako trajeak diseinatzerakoan kontuan izan duten oinarria.

Frantzia ispilu

Moñuxek azaldu duenez, berak eman dizkie aholkuak, baina "erabakiak taldeak" hartu ditu. Bergarakoa da Moñux, beste askoren artean antzerki eta musika ikuskizunen eszenografo lanetan aritua da, eta Muniberen El borracho burlado operaren 250. urteurrenean jaioterrian ikuskizuna berreskuratu zutenean ere tartean izan zen. Hain zuzen ere, Muniberen opera taularatzeko XVIII. mendeko euskal aristokraziaren janzkera sakon aztertu behar izan zuela azaldu du gaur Moñuxek, eta orduan jasotakoa oso lagungarria izan zaio Azkoitiko danborradarako jantzien diseinua gidatzeko.

Azkoitiko Zalduntxoen eta garai hartako jauntxoen erreferentzia Frantzia eta hango estetika ziren, Moñuxen esanetan: jantzi koloretsuak, besteak beste, emakumeentzat zein gizonentzat, XIX. mendetik gaur egunera arte ez bezala. Zalduntxoen arropei dagokienez, danbor eta barrika jotzaile guztiek, gizon zein emakume, gizon jantziekin desfilatuko dute. XVIII. mendean galtza luzearik ez zen artean, Moñuxek azaldu duenez; horrenbestez, galtza motzak, galtzerdi zuriak, hebilladun oinetakoak, alkandora, txalekoa eta jaka jantziko dute danbor eta barrika jotzaileek, eta garaiko Frantzian "ikurra" zen hiru puntako kapela ere bai. Zuzendari nagusiak zein zuzendari txiki neskak, aldiz, emakume soinekoak jantziko dituzte; eta banderadunak eta kantinerek, berriz, Napoleonen garaiko militar jantzietan oinarritutako trajeak.

Gaurko aurkezpena borobiltzeko, eta gaur zortzirako motorrak berotzen hasteko, Zalduntxoak taldeko bosna danbor eta barrika jotzaile batu zaizkie zuzendari nagusiari, bi zuzendari txikiei, banderadunari eta kantinerei, Azkoitiko danborradako Gazteak eta Azkoitia piezak jotzeko, aurkezpen ekitaldiko gela berean. Bukatzeko, argazkien txanda izan da, Intsausti barruan zein atarian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide