Ekiola Urretxu energia kooperatibaren informazio saioa eskainiko du udalak asteartean

Ane Olaizola 2024ko aza. 7a, 15:22

Azkoitia, Luqui eta Telleria, gaur, Urretxun eraikiko dituzten eguzki plaken lurretan. (Azkoitiko Udala)

Urretxuko Sasietako Garbigunearen ondoko lurretan eraikiko dituzte eguzki panelak, eta alkateek eremua bisitatu dute gaur. Herritarrak kooperatibako bazkide egin eta proiektuan parte hartzera animatu ditu udalak.

Azkoitiko Udalak Ekiola Urretxu energia kooperatibarekin lankidetza hitzarmena hastea onartu zuen udalbatzak irailean, eta modu horretara, erakundea eguzki-energiaren kooperatibako bazkide laguntzaile bihurtuko da. Azkoitiko Udala ez ezik, Ezkio-Itsasoko zein Antzuolakoak ere batu dira Urretxukoak sustatutako proiektura, eta erakunde horiek Mondragon Taldeko Krean kooperatibarekin eta Energiaren Euskal Erakundearekin osatzen dute Ekiola Urretxu. Hain zuzen, Ana Azkoitia herriko alkateak, Jon Luqui Urretxukoak eta Joseba Telleria Ezkio-Itsasokoak eguzki plakak eraikiko dituzten tokia bisitatu dute gaur.

Urretxuko Sasietako Garbigunearen ondoko lurretan eraikiko dituzte eguzki panelak, eta udalak adierazi duenez, lanak hastear daude. Bertan, 1,3 hektareako eremuan 2.100 panel inguru jarriko dituzte, eta bakoitzak 595 Wko potentzia izango du.

Azkoitia 25 kilometroko erradioan egonik, herritarrek Urretxu Ekiolako bazkide egiteko aukera izango dute, eta horiek instalazioaren jabetzaren zati bat eskuratuko dute kapital-ekarpen baten truke. Era berean, bazkideek unean uneko prezioaren araberako aurrezkoak lortu ahal izango dituzte.

Herritarrek beharrezko informazioa izan dezaten, udalak proiektuari buruzko informazio saioa eskainiko du datorren asteartean, hilaren 12an, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan, 18:30ean. Hara joan nahi duenak, gainera, argindarraren faktura eraman dezake bilerara, bazkide egitearen kostua, amortizazioa eta aurrezkiaren inguruko estimazioa jakin ahal izateko. Horrez gain, informazio saioaren ostean bulego bat ere egokituko dute Ekiola Urretxu kooperatibaren inguruko informazioa ematen segitzeko.

"Trantsizio energetikoaren bidean", udalak kooperatiban parte hartzera animatu ditu herritarrak, teknologia fotovoltaikoa erabiliz elektrizitatea sortzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide