Azaroari paso emateko egunak besterik ez dira falta. San Andres jaien egun nagusia heltzeko urriko azken egun hauek eta azaroko beste 30ek igaro beharko badute ere, herrian hasi dira festarako ekintzen prestaketekin. Ekintza horietako bat da sanandresetako helduen danborrada. Aurten, azaroaren 23an izango da, eta Tata danborrada elkarteak berrikuntzen nahiz entseguen berri eman du.
Aurtengo nobedade nagusien artean, abesti berri bat dago. Miguel Mari Azpiazu musikari azkoitiarrak konposatutako San Martin martxa joko dute aurrenekoz helduen danborradan. Andremarietan, txupinazoa bota ostean, plazan jo zuen Azkoitiko Musika Bandak Azpiazuren obra, eta orain, danborradarako egokitu du Tata elkarteak, egin beharreko moldaketak eginda. Plazetarako abestia izango dela jakinarazi du elkarteak.
Bestalde, dagoeneko bi urte osatu eta hirugarren aldiz danborradan parte hartuko duen Zalduntxuk taldeak jantzi berriak estreinatuko ditu. Horri lotuta, gainera, Tata elkartekoek jakinarazi dute arropen aurkezpen ekitaldia egingo dutela danborrada egin baino astebete lehenago, azaroaren 16an. Intsausti jauregian egingo dute aurkezpena, historikoki zalduntxoekin lotu izan den egoitzan. Halere, oraindik ez dute jakinarazi ekitaldia zer ordutan izango den.
Danborrada egunean izango da beste berrikuntzarik; izan ere, gauerdiko kanpaiak jotzearekin batera eta Azkoitia martxak lagunduta, herriko armarria daraman bandera igoko dute aurrenekoz udaletxean. Elkarte antolatzaileak adierazi du orain arte ez dela igo udaletxean banderarik danborradan. Haurren danborradan egin bezala, helduenean ere jasoko dute bandera, Azkoitia 700 ekimena baliatuta. Horrez gain, danborrada ireki ohi zuen zaldirik aurrerantzean ez dela izango jakinarazi dute. Animalien ongizatea babesteko legea dela eta hartu dute erabakia antolatzaileek.
Entseguak, azaroaren 4tik aurrera
Entseguen egutegiaren berri ere eman du Tata elkarteak. Azaroaren 4tik danborrada egunera arte dauden hiru asteetan hiruna entsegu hitzordu zehaztu dituzte. Astelehenetan eta asteazkenetan 20:00etatik 21:00etara egingo dituzte saioak Gurea pilotalekuan, eta larunbatetan, 11:00etatik 12:00etara.
Aurreko urtera arte, danbor eta barrika jotzaileek edozein entsegu egunetara joateko aukera zuten. Ordea, iaz bezala, aurten ere erabaki dute astelehenetako eta asteazkenetako entsegu egunak taldeka banatzea. Hori horrela, astelehenetan taldeen erdiek egingo dute entsegua, eta asteazkenetan, beste erdiek. Dena den, bi entsegu egun horietarako talde misto bat ere osatuko dute, taldeei izendatutako egunean entsegua egiteko aukerarik ez duten parte hartzaileentzat. Larunbatetan, berriz, nahi duten guztiek izango dute entseatzeko parada.
Hona hemen entseguen egutegia taldez talde:
- Azaroak 4, astelehena (20:00-21:00):
- Napoleon taldea, Ixkitturri, Xabier Munibe Ikastola, Txintxarri, Zalduntxoak, Belaño eta talde mistoa.
- Azaroak 6, asteazkena (20:00-21:00):
- Pilotarien taldea, Euskal presoen eskubideen alde taldea, Floreaga Ikastetxea, Aldapa, Belaño eta talde mistoa.
- Azaroak 9, larunbata (11:00-12:00):
- Edozein taldeko kideentzako entsegua.
- Azaroak 11, astelehena (20:00-21:00):
- Napoleon taldea, Ixkitturri, Xabier Munibe Ikastola, Txintxarri, Zalduntxoak, Belaño eta talde mistoa.
- Azaroak 13, asteazkena (20:00-21:00):
- Pilotarien taldea, Euskal presoen eskubideen alde taldea, Floreaga Ikastetxea, Aldapa, Belaño eta talde mistoa.
- Azaroak 16, larunbata (11:00-12:00):
- Edozein taldeko kideentzako entsegua.
- Azaroak 17, astelehena (20:00-21:00):
- Napoleon taldea, Ixkitturri, Xabier Munibe Ikastola, Txintxarri, Zalduntxoak, Belaño eta talde mistoa.
- Azaroak 19, asteazkena (20:00-21:00):
- Pilotarien taldea, Euskal presoen eskubideen alde taldea, Floreaga Ikastetxea, Aldapa, Belaño eta talde mistoa.
- Azaroak 23, larunbata (11:00-12:00):
- Edozein taldeko kideentzako entsegua.