Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hurrengo fasean sartzear da, eta Eneritz Artetxek hilaren bukaeran izango du final-laurdenetako zita. Izan ere, zapatuan final zortzirenetako azken saioa izan zen Azpeitian eta hura bukatzean erabaki zen hurrengo fasean zein bertsolarik non eta noiz kantatuko duen. Azkoitiarra Irungo Ficoban ariko da urriaren 27an, igandez, Amaia Iturriozekin, Aner Peritz Euzkitzerekin, Eñaut Martikorenarekin, Iñaki Apalategirekin eta Oihana Iguaranekin batera.
Artetxek final zortzirenetako Hondarribiako saioa irabazita lortu zuen final laurdenetarako zuzeneko txartela, bere hitzetan "sorpresaz". Izan ere, bederatzi urte txapelketetan parte hartu gabe igaro ostean, "helburu handiegirik gabe" ekin zion lehiari. "Dena den, egia da bertso eskolan eta saioetan gustura ari naizela. Hondarribian sentsazio oso onekin bukatu nuen saioa, eta banekien aurrera egingo nuela. Dena den, sorpresa ederra izan zen saioa irabaztea".
Hark, gainera, txapelketa ez dela final zortzirenetan hasi argi utzi nahi izan du, hain zuzen ere, joan zen udaberrian sailkapen fasean aritu zirelako hainbat bertsolari, tartean Artetxe bera. "Badirudi orain hasi dela txapelketa, baina gu duela urtebete inguru hasi ginen prestatzen. Oraingoa, beraz, orain arteko lanaren jarraipena izan da". Azkoitiarrak dioenez, "gogoz" hartu dute bukatu berri den txapelketaren fasea ere, lehiaren bueltan sortzen dena ere "gustuko" dutelako.
Final-laurdenetako hitzordurako hiru asteren faltan, berriz ere "saio on bat" egin nahi lukeela azaldu du, "oholtzan egoten asmatu eta gai bakoitzari ahalik eta zuku gehien atera". Artetxek esan duenez, hori lortuz gero, "pozik" geratuko da: "Eta hortik aurrera datorrena besozabalik hartuko dugu".