Irailaren 14tik aurrera izena emateko aukera izango da Ademgiren aldeko V. Lasterketa Solidario Inklusiboan

Nerea Uranga 2024ko ira. 12a, 12:44

Ttipi-Ttapa atletismo taldekoak, ADEMGI elkarteko ordezkaria, Kirol zinegotzia eta Marea Urdinako ordezkaria, atzo aurtengo lasterketaren aurkezpenean. (Nerea Uranga)

Irailaren 28rako antolatu du lasterketa solidarioa eta inklusiboa Azkoitiko Ttipi-Ttapa atletismo taldeak. Aurtengoa Ademgi Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkartearen alde egingo dute, eta izen ematetik lortutako dirua elkarte horri bideratuko diote. Egun guztiko egitaraua prestatu dute, tartean, haurrentzako hiru lasterketa eta gainontzekoentzako beste bat. Izena emateko mahaia zapatutik (irailak 14) aurrera jarriko dute eliz atarian, eta Internetez Azkoitiko Udalaren webgunean jarriko duten loturaren bidez egin ahal izango da.

Azkoitiko Ttipi-Ttapa atletismo taldeak bi urtez behin antolatzen duen lasterketa solidarioa eta inklusiboa irailaren 28an egingo dute Ademgi Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkartearen alde. Beraz, herritarren izen ematearen bidez bildutako diru guztia esklerosi anizkoitza duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten dutenei bideratuko diete. Atzo aurkeztu zuten irailaren 28rako egitaraua, baita izen ematearen nondik norakoak ere, Maialen Elorza Ttipi-Ttapako kideak eta Ademgi elkarteko Gema Rodriguezek.

Elorzak gogoratu zuen bederatzi urte pasatu direla lehen lasterketa solidarioa eta inklusiboa antolatu zutenetik, eta orduan esan bezala, bi urtetik behin antolatzeko ohiturari jarraituko diotela. "Bosgarren lasterketa solidarioa eta inklusiboa da aurtengoa, eta gure asmoa da kirola eginez egun eder bat pasatzea eta era berean laguntza pixka bat ematea. Aurten probaren izen ematetik bildutako dirua esklerosi anizkoitza eta beste gaixotasun neurologiko batzuk dituzten pertsonei eta beraien senideei bizi kalitatea hobetzen laguntzen dion Ademgi elkartearentzako izango da", adierazi zuen Ttipi-Ttapakoak.

Ademgi elkarteko Gema Rodriguezek haiekin gogoratzeagatik eskerrak eman zizkien Ttipi-Ttapa elkartekoei eta "azkoitiar guztiei". Elkarteak bai esklerosi anizkoitza jasaten duten pertsonen eta bai beren senideen bizi kalitateagatik lan egiten duela nabarmendu zuen Rodriguezek: "Gaixotasun kronikoa, neurologikoa eta degeneratiboa da. Gorputzeko mielina –gure nerbio guztiak babesten dituen geruza– erasotzen du. Mila aurpegiko gaixotasuna deitzen zaio, ez ditugulako bi kasu berdin; segun eta zer nerbio erasotzen duen sintomatologia bat edo bestea izaten delako. Horrek oso zaila egiten du gaixotasunaren garapena aurreikustea, eta ezinbestekoa da gaixotasuna duen pertsonari abordaia multidiziplinar bat eskaintzea, bere egoera eta behar guztiak jasotzeko". Elkarteak gaixotasuna ezagutarazteko eta sentsibilizaziorako kanpainak egiten ditu, eta horrez gainera, gaixoentzako birgaitze edo errehabilitazio integraleko zerbitzuak ditu. "Horretarako, Ademgiren zentroan talde multidiziplinar bat (bi fisioterapeuta, logopeda, gizarte langilea, psikologoa eta auxiliarra) dugu, eta terapia desberdinak egiten ditugu: psikologikoak, fisikoak, kognitiboak, logopedikoak, autonomia pertsonala lantzeko eta sustatzekoak eta gizarte lan zerbitzuak", azaldu zuen Ademgi elkartekoak.

Elkartearentzako lasterketa solidario-inklusiboan eta era horretako ekintzetan parte hartzea oso garrantzitsua dela esan du Rodriguezek: "Ademgi diru laguntzetatik bizi da eta ezinbestekoa du dirua lortzea zerbitzuen finantzazioa lortzeko. Beraz, horrelako ekintzak egiteko aukerak izatea oso garrantzitsua da guretzako, bai dirua lortzeko, baina baita gaixotasuna ezagutzera emateko ere".

Igor Isuskiza Azkoitiko Kirol zinegotziak Ttipi-Ttapa atletismo taldea eskertu eta zoriondu zuen, "kirola eta elkartasuna uztartzeagatik". Egiten duten lana "txalotzekoa" dela nabarmendu zuen Isuskizak, eta lasterketa solidario-inklusiboan parte hartzera animatu zituen herritar guztiak.

Izen ematearen xehetasunak

Ekarpen ekonomikoa egiteko gonbidapena herriko denda, taberna eta enpresetakoei egin diete Ttipi-Ttapakoek, eta herritarrek berea egin dezaten lasterketa solidariorako izen emateak biltzen hasiko dira datorren larunbatetik (irailak 14) aurrera. Haurren lasterketetan izena emateko bi aukera egongo dira: dortsala eta txapa 3 eurotan erosi ahalko dituzte edota 10 euro ordainduta dortsala, txapa eta kamiseta. Helduen lasterketaren kasuan, antxintxika edota oinez egin ahal izango da lau kilometroko ibilbidea. Kasu horretan, aurrez  izena ematen dutenek 12 euro ordaindu beharko dituzte dortsala eta kamiseta, eta egunean bertan 15 euro. "Kamisetak ez ditugu bakarrik salduko, kamiseta eta dortsala batera hartu beharko dira. Era horretan, lasterketaren bukaeran egingo den zozketan parte hartzeko aukera izango dute ekarpena egiten dutenek. Zozketako opariak jasotzeko plazan bertan egon behar da zozketaren unean", azaldu zuen aurkezpenean Ttipi-Ttapako kideak. Atletismo taldearen txapak ere salduko dituzte euro batean, eta itsulapikoak jarriko dituzte nahi dutenek ekarpenak egiteko.

Aurrez aurre kalean jarriko dituzten mahaietan edota Internetez Azkoitiko Udalaren webgunean eman ahalko da lasterketako izena aurretik. Izena emateko mahaia larunbat honetan (irailak 14) eta hilaren 21ean jarriko dute eliz atarian (euria eginez gero, Portaleburu aretoaren aurrean–, 11:00etatik 13:30era. Irailaren 16an, 18an, 23an eta 25ean —astelehenetan eta asteazkenetan—, berriz, 17:30etik 19:30era jarriko dute mahaia izena emateko.

Horrelako egun bat antolatzeko boluntarioen beharra ere izaten dela adierazi zuen Elorzak, eta boluntario jardutera animatzen diren herritarrak izena emateko mahaietara jotzeko azaldu zuen: "Beti behar izaten da jendea bidegurutzeak zaintzeko, ibilbidean egoteko...".

Irailak 28, larunbata

- 10:00etik 16:00ak arte. Dortsal banaketa, Kontzejupean.
- 11:00. Haurrentzako jolasak plazan, Marea Urdinaren eskutik.
- 12:00. Trikitilarien kalejira.
- 16:30. DJarekin animazioa.
- 17:00. Haurren lasterketak hasiko dira, plazatik: HHko haurrek 400 metroko ibilbidea izango dute; LH 1, 2 eta 3 mailakoek 800 metrokoa; eta LH 4, 5, 6 mailakoek 1.200 metrokoa.
- 18:00. Helduen lasterketa. Hasiera plazatik. 4 kilometroko ibilbidea.
- 19:00. Zozketa eta opari banaketa.

Aurreko edizioak

2015ean antolatu zuen lehen lasterketa solidarioa eta inklusiboa Ttipi-Ttapa atletismo taldeak, eta aurtengoa bosgarrena izango dute. Aurreko lau edizioetako datuak eman zituen atzoko aurkezpenean Elorzak:

  • 2015ean bularreko minbiziaren aurka antolatu zuten, eta 1.154 pertsonek eman zuten izena. Kattalin elkarteari 9.500 euro eman zizkioten.
  • 2017an, haurren minbiziaren aurkakoa izan zen. Denera, 1.180 pertsonek eman zuten izena, eta Aspanogiko piratei 11.500 euro ematea lortu zuten Ttipi-Ttapakoek.
  • Hirugarren lasterketa inklusibitatearen alde egin zuten, eta Marea Urdinaren alde 1.350 pertsonek eman zuten izena lasterketan, eta 12.000 bildu zituzten Marea Urdinakoentzat.
  •  2022an parkinson gaixotasunaren aurka egin zuten lasterketa, 1.150 pertsonek eman zuten izena, eta Biodonostiarentzat 12.500 euro lortu zituzten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide