Etzi, larunbata, Jose Maria Piris (San Vicente de Alcantara, Espainia, 1966-Azkoitia, 1980) zena omenduko dute bere jaioterrian. San Vicente de Alcantarako Udalak eta Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak Piris "oroitzeko eta omentzeko" ekitaldia egingo dute 10:30ean hasita, hango Joaquin Sama parkean, Pirisen familiaren etxetik oso gertu, hain justu.
Omenaldian parte hartuko dute Extremadurako nahiz hango eskualdeetako ordezkari publikoek eta Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteko kideek. Ekitaldi instituzionala egingo dute aurrena, eta ondoren, Piris zenaren omenezko monumentu bat inauguratuko dute.
1980. urteko martxoaren 29an hil zen Piris Azkoitiko Floreaga auzoan, 13 urte zituela. Larunbatero bezala, futbol partida bat jokatzetik Floreaga auzoan zuten etxera zihoan haren lagun Fernando Garciarekin (Zamora, Espainia, 1968) batera, azken horren aitarekin eta beste mutiko batekin batera. Floreagan dagoen Atanotarren plazara iristean, hiru haurrak autotik irten ziren, eta Garciaren aita autoa aparkatzen hasi zen. Pirisek lurrean zegoen pakete bati ostikoa jo zion; ETAk auzoan bizi zen guardia zibil baten autoaren azpian jarritako bonba paketea zen, haren autoa martxan jartzean askatu eta lurrean gelditu zen paketea, hain zuzen. Pirisi lehertu zitzaion bonba hura, eta eztandaren ondorioz, unean bertan hil zen; Garcia, berriz, larri zauritu zen.
Bigarren omenaldi publikoa
ETAren bonba batek hildako aurreneko umea izan zen orduan Piris. Erakunde publikoek 2022an egin zieten aurrenekoz omenaldia Piris zein Garcia sendiei Azkoitian, gertaera hura jazo zenetik 42 urtera. Eusko Jaurlaritzak, Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak eta Azkoitiko Udalak egin zuten bat deialdiarekin.
Hasiera batean, 2020an ziren Piris omentzekoa, orduan bete baitziren ezbeharretik 40 urte; pandemia dela eta, ordea, bi urtez atzeratu behar izan zuten memoria ekitaldia. 2022ko apirilaren 2an egin zieten azkenean aitortza, Pirisen oroimenez Floreaga auzoan jarrita dagoen monolitoaren ondoan.