Alipio Ruanok irabazi du aurtengo Inazio Iriarte Margo Lehiaketa

Aitziber Arzallus 2024ko abu. 18a, 10:24

Azkoitia 700. urteurrenaren harira, Inazio Iriarte Margo Lehiaketaren 40 urteko historia biltzen duen liburua ondu du Juan Mari Arrizabalagak, eta margo lehiaketako sari banaketaren ostean aurkeztu dute lan mardula.

Andremarietako egitarauaren barruan, Inazio Iriarte Margo Lehiaketaren 41. edizioa jokatu zuten atzo, eta lehiaketara aurkeztu zituzten hamasei lanen artean onena Castro Urdialesko (Espainia) Alipio Ruanorena izan zela ebatzi zuen epaimahaiak. Bigarren saria Leioako (Bizkaia) Jose Reyesek irabazi zuen, eta hirugarrena, Esteban Oroz eibartarrak. Irabazleak 1.200 euroko diru saria jaso zuen, bigarrenak 900 eurokoa, eta hirugarrenak 450 eurokoa. Lanak Portaleburu erakusketa aretoan ikusgai egongo dira abuztuaren 31tik irailaren 8ra bitartean.

Margo lehiaketako sariak banatu ostean, Juan Mari Arrizabalagak lehiaketaren 40 urteko historia bilduz ondu duen liburua herritarren aurrean aurkeztu zuten. Azkoitiko Kultur Elkarteak sortu zuen lehiaketa, eta urtez urte jatorri ezberdinetako paisajistek hartu ohi dute parte. "Egin diren 40 edizioetan lan piktoriko ugari sortu dira, mila inguru, eta gaia beti Azkoitia izaten da. Koadro horiek benetako altxorrak dira herriarentzat, artistikoki bere parajerik interesgarrienak islatzeaz gain, herriaren bilakaera jasotzen dutelako", adierazi zuen liburuaren egileak.

Azkoitia 700. urteurrenaren harira argitaratu dute liburua. Arrizabalagak lehiaketan epaimahaikide gisa parte hartu izan du, eta lehiaketaren historia biltzen duten dokumentuak eta irudiak gordetzen joan da. Ahalegin eta dedikazio handiarekin, koadroen argazkien artxibo handi bat sortu du, baita lanean ari diren margolarien bapateko argazkiena, eta jardueraren garapenean sortzen den anektotario osoarena ere. Arrizabalagaren esanetan, artxibo horretatik sortu da liburua, "non 40 urtez saritutako koadro guztiak, 117 alegia, eta saritu gabeko 250 koadro interesgarrienak biltzen diren". Baita artistak pintatzen ari diren bitartean zuzenean hartutako irudiak ere.

Margolanen argazkiez gain, Arrizabalagak irakurlea lehiaketaren eta pinturaren testuinguruan kokatzeko artikulu zabal bat argitaratu du liburuan, eta Azkoitiko Kultur Elkarteko kide eta zinegotzia den Juan Bautista Mendizabalen idatzi bat ere jasotzen da, lehiaketaren sorrera eta bilakaera azalduz. "Duela 43 urte, lehiaketa martxan jartzea abentura handi bat izan zen. Nork sinestu behar zuen gaur arte iraungo zuela? Gazte batzuen ametsak egi bihurtu ziren Pintura Lehiaketa eta Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketa martxan jarrita. Eta Juan Mari Arrizabalagaren lan handiari esker, lehiaketaren historia gordeta geratu da betirako", adierazi zuen Mendizabalek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide