"Festa inklusiboagoen alde" zenbait neurri hartu ditu udalak

Intza Trula 2024ko abu. 13a, 11:00

Herritarrak plazan, 2023ko andremarietako txupinazoan. (Aitziber Arzallus)

"Guztiek jaiez eta antolatzen diren jarduerez gozatzeko aukera izan dezaten" zenbait gune egokituko ditu udalak txupinazoaren zein kontzertuen garaian. Horrez gainera, musikarik gabeko ordua ezarri du barraketan.

Ordu gutxi batzuk besterik ez dira falta aurtengo Andre Maria jaiei hasiera emateko, eta horren aurrean, Azkoitiko Udalak "festa inklusiboagoen alde" hartutako zenbait neurriren berri eman du, "guztiek jaiez eta antolatzen diren jarduerez gozatzeko aukera izan dezaten".

Hori hala, bihar, asteazkena, txupinazoaren garaian herriko plazako eszenatokiaren ondoan gune egokitua jarriko dute, Duchenne giharretako distrofia duten haurren familiek hala eskatuta. "Loiolako aterpetxean udalekuak egiten ari diren hamasei familia dira, eta ez dute txupinazoa galdu nahi", dio udalak. Halaber, behar bereziak dituzten pertsonek Kultur Etxeko bigarren solairua eta bertako terraza erabili ahal izango dituzte txupinazoaz zein herriko plazan eskainiko diren kontzertuez "erosotasunez" gozatzeko. Marea Urdinarekin elkarlanean, bi pertsona egongo dira han, behar duten guztiei laguntza eskaintzeko.

Udalak jakitera eman duenez, ekitaldiak hasi baino hogei minutu lehenago zabalduko dituzte ateak –11:40ean txupinazoa ikusteko eta 22:40ean kontzertuez gozatzeko–. Txupinazoa zein musika emanaldiak gune horietatik ikusteko ez da beharrezkoa aurretik izena ematea.

Barraketan, musikarik gabeko ordua

Txupinazoaz zein kontzertuez gozatzeko guneez gain, abuztuaren 14tik 18ra bitartean ordu isila izango da barraketan: 18:00etatik 19:00etara bitartean ez dute musikarik jarriko bertan, hain zuzen. Neurri honekin, zarata ondo jasaten ez duten pertsonek "ahalik eta modurik erosoenean eta egokituenean" ibiltzeko aukera izan dezaten lortu nahi du udalak. 

Halaber, aniztasun funtzionala duten pertsonek ez dute ilararik egin beharko barraketan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide