Azkoitia Gukak bere web orrian ondorengo hau azaltzen du: “San Martinen lurpeko parking publiko bat eraikitzeari uko egin dio Ana Azkoitia alkateak”. Antzeko informazioa eman dute beste hedabide batzuek ere. San Martingo aparkalekuen komisioaren iritziz hori horrela da, baina ez da izan Ana bakarrik. Pentsatzen dugu EAJren aldeko zinegotziek ere babestuko zutela, eta ikusi dugu beste taldeetako zinegotziek ere ez dutela ezer egin horren aurka, hitz onak eta babesa adierazi auzotarrei, baina besterik ez.
Nolabait, uler daiteke EAJren jarrera, auzotarren planteamendua babestea alderdi bereko zerrendan zegoen aurreko alkateak hartutako erabakiaren aurka joatea litzatekeelako.
Baina beste taldeek zertan babesten dituzte beraien jarrerak?
1.- Dagoeneko aspaldi eman zela obra lizentzia, eta ezin dela aldatu? Duela gutxi, sustatzaileak aldaketa eskatu zuen, eta onartu egin zitzaion. Herritarrek eskatutakoan ez zaie onartu.
2.- Aparkalekuak erosteko udalak diru laguntzak ematea herritarrei? Horrekin ontzat ematen da herritarren eskuetan uzten dela aparkalekua egin edo ez. Ez dituzte irakurri Planeamendu Bereziak?
3.- Hiru (udala, eraikitzailea eta herritarren batzordea) aldeen arteko bilera egitea adostasun batera iristeko? Bilera honek ezertarako balio dezake aipatu ditugun lehen bi aldeen artean sortu bazuten arazoa eta alkatetza une oro batzordearen aurrean itxi bada aparkaleku horri buruzko akordio bat bilatzeko?
Alkateak, bere aldetik, zehaztu du plan bereziak ez direla udalarentzako konpromisoa, eraiki daitekeen gehiena jasotzen dutela bakarrik. Alkateak ezin du ukatu plan berezietan oro har egingo diren obrak sartzen direla (etxebizitza kopurua, lurpeko solairuak, espaloiak, argia, ura, gasa, hustubideak eta aparkaleku instalazioak), bai eta eraikitzailearen eta udalaren artean adostutako eraikuntza eta ekonomia erantzukizunak ere. Eta inguruko bizilagunen aparkaleku beharrak asetzeko bigarren soto bat sartzen badute proiektuan, eraikitzeko izango da, bestela ez baitu inolako zentzurik aipatzeak.
Arazoa udalaren eta eraikitzailearen artean sortu zutela esaten dugu, konbentzituak gaudelako aurreko alkateak eraikitzaile berriarekin hartutako akordioaren ondorioz datorrela dena, azken horrek baldintza bat jar zezakeelako, alegia, bigarren soto bat eraikitzearen kostua bere kontura ez izatea. Hori baldin bazen arrazoia, eztabaida asko saihets genitzakeen; baina ziurrenik gainerako alderdiek ez zuten onartuko eraikitzailea izatea baldintzak inposatuko zituena. Eta hori ez bazen arrazoia, zaila da ulertzea, alkateak aitortzen duen bezala herriko beste auzoetan arazo berbera pairatzen dutenean, hemen kosturik gabe arazoa konpontzeko aukeraren aurrean udalak amore ematea.
Udalak herriko etxeetan banatzen duen aldizkarian alkateak koherentzia goraipatzen du jokabidetzat. Guri iruditzen zaigu koherentzia gutxi dagoela eraikitzaile baten eskakizunak lehenestea, herritarren beharrak bete beharraren aurrean. Baliteke gu kalean gaudelako izatea, eta ez ditugulako ikusten udaletxe baten barruan dauden zailtasunak. Edo baliteke alkatea udaletxearen barruan egotea eta kalean gaudenon zailtasunak bere neurrian ez baloratzea.
Guk aparkaleku on batzuk galdu ditugu, baina zuek, denok, sinesgarritasuna galdu duzue.
Eskerrak eman nahi dizkiegu bizilagunei emandako babesagatik, eta sentitzen dugu ezer lortu ez izana.