Juan Mari Arrizabalagak liburu batean jaso du Inazio Iriarte margo lehiaketaren historia

Iraia Oteiza 2024ko abu. 3a, 09:30

Ana Azkoitia alkatea, Juan Mari Arrizabalaga eta Juan Bautista Mendizabal liburu ondu berria eskuetan dutela. (Azkoitiko Udala)

Liburua abuztuaren 17an aurkeztuko dute, 19:30ean, Portaleburu erakusketa aretoan. 41. Inazio Iriarte margo lehiaketako sari banaketa ekitaldiarekin batera egingo dute aurkezpena ere.

Juan Mari Arrizabalagak Inazio Iriarte margo lehiaketaren inguruko liburua ondu du, 40 urteko ibilbidea eta historia jasoaz. Azkoitiko Kultur elkarteak sortu zuen lehiaketa, eta orduz geroztik urtero jatorri ezberdinetako paisajistek hartu dute parte bertan. Arrizabalagak lehiaketan epaimahaikide gisa parte hartu izan du, eta lehiaketaren historia biltzen duten dokumentuak eta irudiak gordetzen joan da urte hauetan guztietan. "Egin diren 40 edizioetan lan piktoriko ugari sortu dira, mila inguru, eta gaia beti Azkoitia izan da. Koadro horiek benetako altxorrak dira herriarentzat, artistikoki bere parajerik interesgarrienak islatzeaz gain, herriaren bilakaera jasotzen dutelako", adierazi du hark. Azkoitia 700. urteurrenaren harira argitaratu dute liburua.

"Ahalegin eta dedikazio handiarekin", koadroen argazkien artxibo handi bat sortu du Arrizabalagak, eta horri jarraituz osatu du liburua, 40 urtean sarituak izan diren koadro guztiak —117, guztira— zein saritu gabeko beste 250 koadro "interesgarrienen" irudiak liburuan txertatuz. Halaber, hainbat artistak margotu bitartean zuzenean hartutako irudiak ere erabili ditu liburua ontzeko.

Argazkiez gain, Arrizabalagak irakurlea lehiaketaren eta pinturaren testuinguruan kokatzeko artikulu zabal bat argitaratu du liburuan, eta Azkoitiko Kultur elkarteko kide eta zinegotzia den Juan Bautista Mendizabalen idatzi bat ere jaso du bertan, lehiaketaren sorrera eta bilakaera azalduz. "Duela 41 urte lehiaketa martxan jartzea abentura handi bat izan zen. Nork sinetsi behar zuen gaur arte iraungo zuela? Gazte batzuen ametsak egi bihurtu ziren orduan, eta orain, Juan Mari Arrizabalagaren lan handiari esker, lehiaketaren historia gordeta geratu da betirako", adierazi du Mendizabalek. 

Inazio Iriarte, "Azkoitiak bere historia osoan eman duen margolaririk baliotsuena” ere gogoratu nahi izan du Arrizabalagak: "Juan Bautista Mendizabalek Sevillako Unibertsitateko Arte Historialari Enrique Valdiviesoren laguntza bikaina lortu du. Bere artikuluak —Matilde Fernandez Rojas Barroko Hispaniarreko Artearen beste espezialista handi batekin lankidetzan eginak— Iriarteren bizitza eta lanaren inguruko arte balorazioa eskaintzen du, eta zalantzarik gabe, liburua aberasten du".

Liburuaren aurkezpen ofiziala abuztuaren 17an egingo da, 19:30ean, Portaleburu eraskusketa aretoan, 41. Inazio Iriarte margo lehiaketako sari banaketa ekitaldiarekin batera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide