Gaztelako Alfontso XI.a erregeak hiri gutuna eman zion Azkoitiko hiribilduari 1324ko urtarrilaren 4an, eta beraz, aurten 700 urte bete dira gertaera hartatik. 1324ko urtarrileko egun hark zazpi mendeko historiaren hasiera ezarri zuen, eta horrek markatu du, neurri handi batean, Azkoitian aurtengo urte erdiaren kultur agenda, data berezi hori oroitzeko ekitaldi ugari gauzatu baitituzte.
Programaren hasiera ofiziala sinbolismoz beteta egon zen. Hain justu, herriko eliza guztietako kanpaiek batera jo zuten urtarrilaren 4ko 20:00etan. Gainera, San Martin ermita argiztatu zuten, hiribilduaren sorreran jokatu zuen paper garrantzitsua gogoratzeko; izan ere, Azkoitia haren inguruan kokatu zen sorrerako urteetan. Hasiera sinboliko horrez gain, harrezkero, erakusketak eta organo kontzertuak ere izan dira herrian.
Era berean, askotariko kultur ekitaldiak antolatu dituzte urte osorako: kontzertuak, hitzaldiak... Indar handiko beste bi proiektu ere badituzte esku artean: bi liburu argitaratuko dituzte urtemugaren aitzakian. Batean, Azkoitiko Erdi Aroko eta XVI. mendeko historia jasoko dituzte; eta bestean, berriz, 40 urtez Azkoitiko andremarietan egin den margolan lehiaketara aurkeztutako lanak bildu dituzte. Gainera, XIII. mendetik XVI.era arteko Azkoitiko dokumentazioa transkribatzen ari dira, baita arkeologiari lotutako gaiak lantzen ere.
Ekitaldi garrantzitsuena
Urteurreneko ekitaldiak goreneko mailara, ordea, abuztuaren 14an iritsiko dira, andremarietako txupinazoarekin. Azkoitiko Udalak hala erabakita, aurtengo festei hasiera emango dien suziria urteurren bereziari eskainia izango da. "Azkoitia 700 guztiona da. Andre Maria jaiak ere guztionak dira. Horregatik, aurten txupinazoa herriak botatzea nahi dugu. Baina herritar guztiok ezin garenez udaletxeko balkoian elkartu, aurtengo festetako egitaraua hartu dugu jarraibide gisa, eta antolatutako ekintzetan, era batera edo bestera, modu aktiboan parte hartzen duten Azkoitiko taldeetako ordezkariak eta herritarrak gonbidatuko ditugu balkoira", azaldu du Azkoitiko Udalak.
Festak posible izan daitezen, herritarren parte hartzea ezinbestekoa da, eta denentzat ez bada ere, askorentzat parte hartze hori lan bilakatu ohi da. "Lana edo aisia tarteko, herritar askok parte hartzen dute festetako egitarauan, eta festa leherraraziko duen txupinazoko momentuan, talde eta pertsona horiek ordezkatuta egotea garrantzitsua da, denon artean egiten ditugulako festak, eta euren ekarpenik gabe, ezingo liratekeelako jaiak antolatu", gaineratu du udalak.
Modu horretan, abuztuaren 14ko eguerdian, Azkoitiko udaletxean izango dira aurtengo festetan parte hartuko duten eragile eta taldeetako kideak: txistulariak, erraldoiak eta buruhandiak eramaten dituztenak, boluntarioak, kirolariak, dantzariak eta abesbatzakoak, besteak beste.
Estreinaldi bat
Azkoitiko herriaren urteurren bereziaren omenezko txupinazoarekin batera, eta urteroko ohiturari jarraituz, Musika Bandak Ondo Pasau Andramaixek joko du, eta jarraian, Azkoitia abestuko dute Parrokiako Abesbatzak eta Iraurgi abesbatzak. Aurten, ordea, bada berrikuntza bat: Migel Mari Azpiazuk konposatutako San Martin obra estreinatuko dute festei hasiera emateko unean.
Gainera, inklusioa bultzatzeko bidean, Duchenne gaitza duten pertsonentzako gune bat egokituko du udalak plazan txupinazoaren unean. Horri lotuta, era berean, musikarik gabeko ordua izango da festetan barraketan; egunero, abuztuaren 14tik 18ra, 18:00etatik 19:00etara bitartean.