Festetako egitarauan, beste arlo gehienetan gertatzen den bezala, ekitaldiak gehitzen edo kentzen joan dira urteetan zehar. Horrela joaten dira herriko festak izaera hartzen.
Hala, poliki-poliki, hainbat ekitaldi ohitura edo tradizio bilakatzen dira. Hori gertatu da Azkoitian Andre Maria eguneko –abuztuak 15– eta San Roke eguneko –abuztuak 16– bi ekintzarekin; Musika Banda alkatearen etxera joatea da bat, eta bestea, udal korporazioak aurreskua dantzatzea plazan.
Baina nondik datoz? Zergatik mantendu dira?
Alkatearen bila haren etxera joatearen ohitura ez da oso zaharra: data zehatzik jakin ezin den arren, demokrazia garaiko lehenbiziko alkatearekin eman zioten ohiturari hasiera, baita jarraipena ere: Roman Suduperekin, hain zuzen ere. "1979. urteaz ari gara. Sudupe zen alkatea, eta Joxe Mari Larrañaga Xague zinegotzia. Haren ideia izan litekeela dirudi. Garaiko pentsamoldeak oinarri hartuta, eta alkatearen emazteak asko sufritzen zuela eta, emakumearen papera eskertzeko hasi ziren egiten etxera bisita", azaldu du Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko kronista ofizialak eta Ondare zinegotziak.
Ordudanik, jarraipena izan du alkatearen bila joatearen ekintzak; Andre Maria egunean, dianaren ondoren, Musika Banda alkatearen etxera joan ohi da, lore sorta batekin. Alkateak, berriz, mokadua ematen die bandako kideei. "Ekitaldiak detaile desberdinak izan ditu, baina urtez urte mantentzen joan den zerbait izan da", gaineratu du Mendizabalek.
Ohitura horrek, ordea, izan ditu hainbat salbuespen: adibidez, Pello Bastarrika alkatea Azpeitian bizi zenez, ez zioten egin bisitarik. Beste salbuespenak emakume alkateekin egin dira: "Demokrazia garaiko Nere Zubizarreta, Urrategi Alberdi eta gaur egungo Ana Azkoitia alkateen kasuetan, bikotekideei eman izan zaie lore sorta. Garaiak aldatu egin dira, ez dago duela 45 urteko pentsamolderik gizartean, eta ondo dago garai berrietara egokitzea", adierazi du Mendizabalek.
Agurra eta 'errefreskoa'
Bestalde, San Roke eguneko tradizio garrantzitsuenetakoak udalbatzak plazan egiten duen dantza eta errefreskoa eskaintzearena dira. Azken horren historia bereziki aspaldikoa da: XVII. mendekoa. Garai hartan, Azkoitiko festak abuztuaren 15ean bakarrik ospatzen ziren, baina garaiko Aita Santuak herri guztiek bi jai egun behar zituztela erabaki zuen: bi patroi, emakumezkoa eta gizonezkoa.
"Azkoitian zozketa egin zen hainbat aukeraren artean, eta San Roke atera zen. Gauza da San Roke abuztuaren 16an ospatzen dela, eta garai hartarako, egunak bazuen dagoeneko festa ukitu bat: abuztuaren 14ko eta 15eko ekitaldi erlijiosoen ondoren, ekintza zibilak egiten ziren; alardea, adibidez. Alardea egiten zen herriari armak erakusteko, eta horren ondoren, garaian esaten zen bezala, errefreskoa eskaintzen zitzaien gudariei. Errefreskoa gaur egun mantentzen den zerbait da", dio Mendizabalek.
Alarde hura, ordea, poliki-poliki galtzen joan zen, eta mantendu zen eguneko ekintza bakarra aurreskua izan zen, prozesioarekin batera. "Izan ere, Azkoitian bazen aspaldian San Sebastian ermita bat, San Rokerekin partekatua, Mendikote bezala ezaguna den gunean. Prozesioa Mendikotetik barrena egiten zuten, eta Ipar kalekoek –gaur egun Aizkibel kalea dena– egiten zuten dantza. Aizkibel kale inguruan zegoenez Umore Ona elkartea, bertako kideek hartu zuten egunaren ardura", azaldu du kronistak.
Umore Ona elkarteko adinekoak zeregin hori uzten joan ziren, eta gazteek, haien lekukoa hartu zuten arren, dantza egin nahi ez zutela eta, Sahatsa taldeari eskatu zioten. "Hala ere, errefreskoa--ren ardurarekin jarraitu zuten. Errefresko hori beti izan da txakolina edo ardo txuria, eta Bitter Cinzano".
Horrekin batera egiten du udalbatzak dantza plazan. Tradizio edo ohitura hori 1989an berreskuratu zuen udalak, On Anastasio Albisu herriko seme izendatu zuenean. "Ekitaldi hura borobiltzeko, Ikerfolkeko Juan Antonio Urbeltzekin egon ginen, eta hark esandako moduan egin genuen emanaldia. Ordutik, berdin jarraitzen du. Izan ere, horren aurretik udalbatza udaletxeko balkoian egoten zen ikusten", adierazi du Mendizabalek.
Hala, dantzan hasi zen lehendabiziko alkatea Ramon Unanue izan zen. Ondoren, Asier Aranbarri alkatea izan zen zinegotziak ere dantzan jarri zituena. "Ekitaldi ederra izaten da, baina, esan beharra dago emanaldiari distira berezia Sahatsa dantza taldeak ematen diola...", amaitu du Mendizabalek.