Festetan ere, sasoi betean

Erredakzioa 2024ko abu. 17a, 09:00

Kirolari bat pisua jaurtitzen.

Azkoitiarrek sasoi betean amaitzen dituzte Andre Maria festak. Aurtengo abuztuaren 18an, XXII. eta XXI. edizioak beteko dituzte Xeye atletismo taldeak antolatzen dituen Miliak eta Atletismo Erakustaldiak. Atletismo modalitate bereziak ezagutzeko aukera izango dute herritarrek berriro ere, eta aldaketa txiki bat ere izango du aurtengo Miliak: ibilbide berria estreinatuko dute.

Atletismoa festen egitarauaren baitan aurkitzen bada gaur egun, Jose Antonio Zulaikaren "errua" dela esan daiteke. "Hura izan zen andremarietan atletismoak bere lekua izan behar zuela esan zuena. Hala, lehendabiziko urte hartan txapelketa moduko bat antolatu genuen; txapeldunen arteko milia. Gipuzkoako eta Nafarroako talde onenek parte hartu zuten, herriko taldeekin batera. Urte hari jarraipena emanez, bigarrengoan atletismo erakustaldia sartzea erabaki zen, gorako jauzia eta pisu jaurtiketa modalitateekin", agertu du Xeye atletismo taldeko lehendakari den Joseba Agirrek.

Urtez urte indarra hartzen joan da atletismo saioa. Miliak, adibidez, XXII. edizioa beteko du aurten, eta erakustaldiak, XXI. edizioa. Erakustaldiak iaz bete zituen 20 urte, eta urteurren berezia ospatzeko Gari Garmendia pisu jaurtitzailea ekarri zuen Xeye taldeak. Garmendia harri-jasotzaile gisa hasi da, eta 100 kiloko harria hogei alditan jaso zuen iaz Azkoitian, erakustaldi moduan.

Hala ere, denborarekin formatuan aldaketak izan dira. Erakustaldiak, adibidez, aldaketa gutxi izan ditu, urte batean luzera jauzia egin zuten, baina gorako jauzia eta pisu jaurtiketa modalitateekin mantendu da. Miliak, aldiz, aldaketa ugari izan ditu, ibilbideari dagokionez. Aurten, adibidez, ibilbide berria estreinatuko du: "Bi ibilbide desberdin izan ditu Miliak urte hauetan, baina aurten, hirugarrena estreinatuko dugu. Izan ere, trafikoa moztu beharra izaten dela eta, aldaketa egiteko eskaera izan dugu. Hala, aurtengo ibilbidea eliza atarian hasiko da eta Santa Klara parean bukatu, 400 metroko luzera izango du. Bi joan-etorri egin beharko dituzte korrikalariek, 1.600 metro eginez. Probatzea erabaki dugu; ikusleentzat hobea izango dela uste dugu, korrikalariak gehiagotan ikusteko aukera izango dutelako. Ea ondo joaten den!".

Denei zabalik

Parte hartzaileei dagokienez, gehienak gipuzkoarrak izaten dira. "Baditugu pertsonalki ezagutzen ditugun entrenatzaileak, eta haiek entrenatzen dituzten edota ezagutzen dituzten kirolariak ere etortzen dira: Madrildik eta Valentziatik, adibidez". Parte hartzea, ordea, edozein modalitatetan, Milian ere, irekia da. "Nahi duten denek parte har dezakete, baita herrikoek ere, eta saiatzen gara horiek zirikatzen. Jai giroan baiezkoa ematen dute batzuek, baina eguna iristean ez dira ausartzen", dio Agirrek.

Eskualdean atletismorako instalakuntza egokirik ez izateak eragina baduela uste du Agirrek: "Gertuen ditugun pistak edo entrenatzeko instalazioak Zumarragan eta Elgoibarren ditugu. Horrek eragiten du eskualdean modalitate berezi horietako kirolaririk ez izatea; izan ere, oso proba teknikoak dira, eta gutxieneko baldintza batzuk betetzen dituzten azpiegiturarik ez badago, zaila da kirol horiek egiten hastea".

Atletismoa festetako azken egunerako uztea, agian, ez da herritarrak parte hartzera animatzeko modurik onena: "Ez dugu maila handiko probarik nahi, guk giroa nahi dugu, baina ez da erraza festa egun guztien ondoren horrelako zerbaitetan hastea. Pisu jaurtiketan, adibidez, zazpi kiloko bola izaten da; seiko esne kaxa baino pisutsuagoa. Hori jaurtitzea ez da erraza, are gehiago metro askotara. Teknika ere behar da. Umeak bai animatzen dira, 10-12 urte bitartekoak, eta batik bat, korrika egitera", adierazi du.

Hala ere, Xeyeko lehendakariaren hitzetan, atletismoa erakusteko balio izaten du egunak: "Korrikalari ugari daude Azkoitian eta Azpeitian, baina beste modalitateak zaila da kalean ikustea. Pisu jaurtiketako kirolariek, adibidez, ez dute ohiko gorpuzkera izaten: handiagoak eta indartsuagoak izaten dira. Hori guztia ikustea aberasgarria da".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide