Montserrat Gonzalez Brancolini: "Azkoitian ohartu naiz gauza txikiek handiek baino gehiago balio dutela"

Erredakzioa 2024ko abu. 12a, 09:00

Montserrat Gonzalez Brancolini.

Katalunian jaioa, Parisera joan zen bizitzera gaztetan Montserrat Gonzalez Brancolini. Han ezagutu zuen gaur egun senarra duen Antxon Elorza bilbotarra, Azkoitiko familia zuena. 2001. urteaz geroztik bizi da Azkoitian, eta aurten, 90 urte bete dituenez, udalaren aitortza jasoko du abuztuaren 17ko bazkarian, beste 33 herritarrekin batera.

Katalunian jaioa, Frantzian bizitakoa... Nola amaitu duzu Azkoitian?

Senarrarengatik. Bera, izatez, Bilbokoa da, baina gero Frantziara joan zen, eta han ezagutu genuen elkar. Bilbotarra izanagatik, familia du Azkoitian, eta urtero-urtero etortzen ginen bisitan. Gero, adinean aurrera egin genuen heinean, Azkoitian bizitzeko gogoa piztu zitzaion senarrari. Hasiera batean ez nintzen Azkoitira etortzearen oso aldekoa, pertsona oso helduak bakarrik ikusten nituen kalean, eta... Orain barre egiten dugu, pasiera egitera irteten garenean helduak gu garelako!

Eta noiz eman zenuten pausoa?

Parisen etxe txiki batean bizi ginen; izan ere, han bi aukera daude: diru asko duzu, edo hiritik kanpora joan behar zara. 2000. urtean hemengo higiezinen agentzia batera joan ginen, eta pisu bat bazutela jakinarazi ziguten. Joateko eta ikusteko esan ziguten. Hala egin genuen, eta etxean sartzean, bertako argia eta San Martingo ikuspegiak ikustean, bertan geldituko ginela esan nion senarrari.

Asko kostatu al zitzaizun Azkoitiko bizimodura ohitzea? Nolakoak dira azkoitiarrak?

Ez asko. Oso moldagarria naiz, ogiaren orearen gisan. Eta oso gustura bizi naiz Azkoitian. Bertako jendea oso itxia da, baina horrek ez ninduen gehiegi harritu, Katalunian ere horrelakoak direlako, eta Frantzian ere bai. Horregatik ez zitzaidan axola jendea itxia izatea. Hala ere, gaur egun esan dezaket egin ditudala lagunak, benetako lagunak. Senarrak, gainera, familia ezagutu du, eta uste zuena baino gehiago dira. Oso erraza izan da dena.

Eta euskaraz, zer moduz moldatzen zara? Kanpotik datozenentzat ikasteko zaila den hizkuntza dela diote.

Nik katalana hitz egiten dut, gaztelania ere bai, frantsesa, italiera pixka bat... baina euskararekin ezin izan dut. Katalana eta frantsesa oso antzekoak dira, baina euskara beste mundu bat da. Ez dut ulertzea lortu izenondoen eta aditzen kokapena, adibidez. Behin gertatu zitzaidan gauza batekin ohartu nintzen ezin izango nuela euskara ikasi: kalean nindoala, emakume batek senarra non zegoen galdetu zidan; nik erantzun nion "etxean" zela [euskara batuan], eta bere erantzuna "a, etxin" izan zen [azkoitiarrez]. Zur eta lur geratu nintzen. Azkoitian horrela esaten zela esan zidan. Egia da, agian, gehiago saiatu izan banintz lortuko nuela euskara ikastea, baina oso azkarra edo gaztea izan behar duzu horretarako, eta ni zaharregi harrapatu ninduen.

Andremarietako festetan udalak omenduko dituenetako bat izango zara. Gogoz al zaude?

Jakinekoa zen, urtero egiten baitute 90 urtekoen omenaldia, baina, hala ere, gustura hartu dut albistea. Zain-zain nago. Bazkaltzera joango naiz, jendea ikusi, saltsan egon... Ziur oso ondo pasatuko dugula denok.

90 urte eta arrosa baino freskoago zaude. Zein da sekretua, sekreturik bada?

Bada sekretu bat: irekita egotea, harkorra izatea. Gauza politekin eta sutsuekin harkorra naiz, eta hori aparteko arma dela esango nuke. Aurrez esan bezala, oso moldagarria naiz. Parisen, adibidez, estimulu artistiko ugari nituen: antzerkia, musika, erakusketak... Neure margolanen erakusketak ere egin nituen. Orain, ordea, gauzak bereizten ikasi dut, balio dutenen eta balio ez dutenen artean. Hemen, Azkoitian, ohartu naiz gauza txikiek handiek baino gehiago balio dutela. Goizean jaiki, leihoa zabaldu eta San Martin ikustea, zeruaren koloreak preziatzea... hori guztia ikaragarria da. Horrek guztiak bizirik mantentzen nau.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide