Ekhia Larzabal eta Jon Ezeiza: "Asko gustatzen zaigu festetan sortzen den saltsa; eta saltsa non, gu han"

Erredakzioa 2024ko abu. 11a, 16:00

Ekhia Larzabal erdian, eta Jon Ezeiza, eskuinean.

Iaz hartu zuten Ekhia Larzabalek (Azkoitia, 1991) eta Jon Ezeizak (Azkoitia, 1998) erraldoien ardura. Modu naturalean gertatu dela adierazi dute, buruhandiekin hasi eta hurrengo pausoa erraldoietara salto egitea dela iritzita. Aurtengo festetarako prest daude dagoeneko.

Nola hasi zineten erraldoiak eramaten?

Ekhia Larzabal: Ia denei gertatzen zaien bezala, buruhandiekin hasi ginen. Azkenean, buruhandiak gustatuz gero, hurrengo pausoa erraldoietara salto egitea da.

Jon Ezeiza: Gustuko dugu saltsa, eta mundu horretan sartuta geunden, baina 18 urte bete artekoa izaten da buruhandien ardura. Inguruan genbiltzan, eta halakoetan, norbait falta izanez gero, gogoa eta ganora dituzula ikusten badute, parte hartzera animatzen zaituzte. Hala, bati erreleboa hartzen diozu egun batean, hurrengoan beste bati... eta, poliki-poliki, kide finko izaten amaitzen duzu.

"Grazia egiten du egoerak, ume txikien erreakzioek batik bat"

Iaz hartu zenuten ofizialki erreleboa. Zer moduz moldatu zineten?

E. L. : Dena berria zen... Egia da urte askotan irten garela, baina ikusten ez diren lan asko egin behar izaten dira, eta gu iaz arte, ez ginen horren jakitun. Ordura arte, hitzordua jartzen zutenean azaltzen ginen, erraldoiak hartzen genituen, herrian itzulia egiten genuen eta kito, amaituta. Inolako kezkarik gabe.

J. E. : Erraldoiak non egoten diren jakin, horiek muntatu, jantzi, arropak garbiak daudela ziurtatu... gauza asko dira, eta ez baduzu horren ardurarik, ez duzu imajinatzen hori dena dagoela egiteko.

E. L. : Erraldoien kontuez ez ezik, buruhandienez ere arduratu behar dugu. Gauza asko dira, eta lehen ordurako bertaratzen baginen, orain ordu erdi lehenago egon behar izaten dugu. Beste modu batera antolatu behar izan dugu, baina ondo moldatzen gara.

Urte askotan erraldoiak eramaten ibilitako Kinttelak bere ezagutza transmitituko zizuen, ezta?

J. E. : Bai, gauza pila bat azaldu zizkigun. Dena ulertu genuen, baina urtebete igaro ondoren, erdiak ahaztu zitzaizkigun... Zaila da, baina ondo moldatu gara. Egiari zor, bera hor izan dugu behar izan dugun guztietan. Udaleko brigadari ere esan zion guri laguntzeko. Bai Kinttela eta bai brigada, laguntzeko prest ditugu beti.

Azkoitiko festetan kalera ateratzeaz gain, beste herrietara eramaten al dituzue erraldoiak?

E. L. : Azpeitiko Santio festen barruan antolatzen duten Umeen Eguneko erraldoien desfilean parte hartzen dugu. Lehengoak ere joaten ziren Azpeitiko txapelketara, eta orain guk hartu dugu horren erreleboa ere.

"Dena ulertu genuen, baina urtebete igaro ondoren, erdiak ahaztu zitzaizkigun"

Eta zer moduz daramazue erraldoiak dantzan jartzea?

J. E. : Ez dugu dantzarik egiten... Erraldoiak Azpeitiko Umeen Egunera eramaten ditugu eta han pasiera egiten dugu. Azkenean, han dantzan aritzen diren taldeak herriz herri ibiltzen dira, eta erraldoien ohitura handia dute herri horietan. Guk, ordea, urtean behin ateratzen ditugu.

E. L. : Txantreakoak [Nafarroa] edota Hondarribikoak [Gipuzkoa], adibidez, Azkoitiko festetan izango dira, eta beste herrietan ere ibiltzen dira, festaz festa. Horiek txapelketetan parte hartzen dute. Baina lau erraldoi ekartzen badituzte, hogei pertsona dituzte lau erraldoi horiek mugitzeko.

J. E. : Gu, berriz, sei erraldoi eta sei lagun gara. Ez dugu inoiz pentsatu dantzan hastea.

Erraldoiaren barruan zaudetela, kanpokoa ikusteko aukera duzue. Nola bizi dituzue umeen erreakzioak?

E. L. : Grazia egiten du egoerak, ume txikien erreakzioek batik bat. Urruti bazaude, ondo egoten dira, baina zirikatzera joaten bazara, ezinegona sartzen zaie. Batzuk lehertu egiten dira eta negarrez hasten dira. Beste batzuk, berriz, gerturatu egiten dira, eta orduan galderak egiteko aprobetxatzen dugu; erraldoia barrutik ikusi nahi al duten galdetzen diegu, eta normalean ausartzen dira.

J. E. : Une politak sortzen dira, eta ederra izaten da hori. Gainera, gaur egungo ume askok oso gustuko dituzte erraldoiak, eta erraldoi txikien ikaragarrizko bildumak dituzte.

E. L. : Ume batzuk ezagunak ditugu dagoeneko, eta gerturatu egiten gara haiengana hitz egiteko. Iaz haur bat agurtu nuen eskua erraldoiaren gonatik aterata. Korrika joan zen amonarengana, eta haren gonapean sartuta, modu berean agurtu ninduen. Polita izan zen.

"Askotan esaten diet kuadrillakoei gazteek erreleboa hartzen hasi behar dugula"

Erraldoiekin atera beharra izateak eragina izaten al du festez gozatzeko orduan?

E. L. : Abuztuaren 14a ederra izaten da; kalera irten, eta erraldoiekin desfilean gabiltzan bitartean poteoa egiten dugu, fresko egoten gara. Egunez egun, ordea, poteoko garagardo kopurua gutxitzen joaten da. Gu, gainera, aldrebesak gara; 14an egiten dugu ibilbide motzena, eta 17an herri osoa igarotzen dugu. Pasada ederra hartzen dugu...

Festez gozatzeko aukera baduzue behintzat. Zer da gehien gustatzen zaizuena?

E. L. : Festetan sortzen den saltsa da ederra. Saltsa non, gu han.

J. E. : Herriak behar duen edozertan parte hartzen dugu: paella prestatu, erraldoiak atera, suzko zezenak... Askotan esaten diet kuadrillakoei gazteek erreleboa hartzen hasi behar dugula, bestela ekintzak galdu egingo direla. Eta pena izango litzateke ohitura politak galtzea.

E. L. : Gaupasa eginda ere, hitza eman baduzu, bete egiten duzu. Gainera, badugu pizgarria; gure artean lehia moduko bat dugu: hitzordura azkena iristen denak lehen potea eta txibien errazioa ordaindu behar ditu. Beraz, azkar mugitzen gara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide