Gogoko dut festen aurreko lasaitasuna. Aurreko egunetan herria lasai egoten da, datorrenerako indarrak hartzen bezala. Abuztuaren 14a iristen denean, 11:00 aldera plazatik buelta bat ematen duenetakoa naiz. Atentzioa deitzen baitit zer bilakaera izaten duen plazak denbora gutxiren barruan. Ezerezetik, festa lehertzera.
Bandako kide izanik eszenatokian egotea egokitzen zait 12:00ak baino zertxobait lehenago. Txupinazoa botatzen dutenean suziriaren eztandarekin pasatzen den segundotxoa ondo koordinatzea garrantzitsua da musikariontzat, Ondo pasa andramaxek kantaren lehen doinuek jendearen aldartean behar bezalako eragina izan dezaten. Festaren lehertzeak hori suposatzen du niretzat; denbora batez herri komunitateak ongi pasatzeko egiten duen paktua. Bazkaltzeko ordua iritsi arte bizitzen den giroa ederra izaten da.
Inoiz entzun ez duenarentzat, arratsaldean Salbea entzuteko gonbidapena luzatuko nioke, ateo, elizkoi edo dena delakoa izanik ere, elizak duen akustikarekin Salbea-ren lehen akordeek ileak tente jarriko dizkiola ziurtatzen diodalako.
Gauean parranda gosea egoten da. Eta sarritan, jende gehien ibiltzen den gaua izaten da. Bandako kideok, ordea, erlojuari begira ibili izan ohi gara hurrengo goizean goiz antzean kalejiran atera behar izaten garelako. Batzuk purrustaka, esnatzen ditugulako; eta beste batzuk gustura, goiz ereserkiak herria nola esnatzen duen entzuten. Beti egoten da aurpegia zurbildutako norbait bandan alkatearen etxera bidean, lo gutxi egin duenaren seinale. Agian ohitura hori nahiko zaharkitua gelditu da. Musika banda alkatearen etxera joan eta ondoren udaletxetik elizara eta bueltan korporazioari laguntzearena. Eguerdian kontzertua kontzejupean, eta arratsaldean pixka bat deskantsatu ondoren, berriz kalera buelta, kalean dagoenaren ikusmiran.
Azken urteetan beti dago zerbait. Magoak, musika edo bestelako ikuskizunak. Iluntzean afari paxara eta film laburrak ikustera. Poza ematen du sortzen duen ikusmirak, ez soilik plazan bertan baizik eta bai lehenago eta bai geroago. Pena ematen dit, ordea, parte hartze maila eskasa izatea. Ea jendea animatzen den. Guk behintzat oso ondo pasatzen dugu sortze prozesuan.
Gauean, nahi duenak, berriro parranda. San Roke eguna ere musikariontzat 'lan' eguna da. Aurreskua, eta gero, kontzertua. Hori da usadioa. Bandako kideok orduan hartzen dugu jai. Horregatik izango da, agian, betidanik parrandarako egun egokiena iruditu izana.
17a oso bestelakoa da. Umeak ditugunok ere goizean kalera ateratzeko egun ederra. Margolariak kaleetan zehar, ganadua Plazaberrin, erraldoi eta buruhandiak plazatik ateratzen… Hirugarren eguneko maratoia eta azken egunaren arteko lasaigune edo arnasgunea. Bestelako gauzak egiteko eguna.
Eta azkenik 18a; bereziki gazteek gozatzen duten eguna. Eguerditik hasi eta eguneko parranda ederra. Gauera luzatzeko aukerarekin noski, azken indarrak xahutzeko. Andramaxek duten ezaugarrietako bat horixe da. Egun bakoitzak bere izaera duela, eta festa beraren barruan festak bizitzeko eta gozatzeko era asko daudela.
Ondo pasau andramaxek!