Veronica Huerto: "Familia asko etortzen dira material bila edo eskerrak ematera, eta zoragarria da"

Erredakzioa 2024ko abu. 9a, 17:00

Sexualitate eta harreman osasuntsuak bultzatzeko eta erasoen aurka egiteko puntu morea jarriko du udalak jaietan. Abuztuaren 14an eta 18an eskainiko du zerbitzua BiziBitxi psikologia eta sexologia osasun zentroak.

Zer zerbitzu eskainiko dituzue?

Informazioa, aholkularitza eta genero eraso matxisten aurkako babesa eskaintzen dituen gune mugikorra da gurea. Harreman eta sexualitate osasuntsuak bultzatzea du helburu, prebentzioa osotasunean landuz eta jai inguruneetara hurbilduz. Harremanen zein sexualitatearen inguruko ahozko zein paperezko informazioa ematen dugu, sexu segurua izateko materiala banatzen dugu, sexualitatearen eta harremanen inguruko aholkularitza zerbitzua ere badugu, eta azkenik, Babes Gunea dugu, genero indarkeriari aurre egiteko bitartekoekin: babes fisikoa, laguntza emozionala, informazioa eta aholkua eskaintzen ditugu, besteak beste.

Zer-nolako garrantzia du horrelako gune bat izateak herriko festetan?

Oso garrantzitsua da. Harreman erotikoetan, adibidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %18,4k arriskuko sexu jokabideak izan dituztela diote. Hiesari dagokionez, sexu jokabideak birusa transmititzeko bide nagusia bilakatu dira, eta, gaur egun, hamar kasutik bederatzitan dira birusaren transmisio bide nagusia. Sexu transmisiozko infekzio guztien kasuak ere ugaritu egin dira. Heren batek bakarrik adierazi dute kondoia erabiltzen dutela bagina edota uzki bidezko koitoan, eta soilik %4k erabili dute aho-genital bidezko harremanetan.

"Ahalik eta intimitate eta goxotasun handiena eskaintzen dizkiogu eraso egin dioten pertsonari"

Bestalde, azterketek agerian utzi dutenez, genero indarkeriaren biktimak diren emakumeak gero eta gazteagoak dira. Euskadiko salaketen %42 32 urtetik beherako emakumeek jartzen dituzte. Argi dago nerabeen eta gazteen artean estereotipo matxistak areagotzen ari direla, eta aldi berean, kontrolean eta jeloskortasunean oinarritutako maitasun ereduetako jarrerak eta jokabideak ari direla normaltzen. Horregatik, berdintasunezko eta begirunezko harremanak lortzeko, abusuzko harremanak saihesteko eta harreman osasuntsuak bultzatu ahal izateko, premiazkoa dela uste dugu ekintza bereziak eta berritzaileak sustatzea. Jai eremuetan, alkoholak eta bestelako substantziek euforia sentipena areagotzen dute, eta ondorioz, indarkeria kasuak ugaritzen dira: irain sexistak, ukituak nahiz eraso larriagoak. Giro normal batean izan ohi ez ditugun jarrera batzuk badirudi jaietan libreki onartzen ditugula. Eta are kezkagarriagoa da askotan drogen kontsumoa emakumeen eta LGTBI pertsonen aurkako indarkeria justifikatzeko aitzakia moduan erabiltzea.

Nolakoa izaten da herritarren erantzuna? Zer profiletako jendea joan ohi da zuen gunera?

Orokorrean, gazteak etortzen dira. Baina familia asko ere hurbiltzen dira material bila edo eskerrak ematera, eta hori zoragarria da.

Zeintzuk izaten dira galdera edo zalantza nagusiak?

Zalantza gehienak osasun sexualaren inguruan izaten dira. Gainera, kanpaina bat ere badugu horri lotuta: Alua tapatu eta gozatu, infekzioak emakumeen artean izugarri igo direlako (heterosexualen, lesbianen eta bisexualen artean).

"Zalantza gehienak osasun sexualaren inguruan izaten dira"

Indarkeria kasu baten aurrean, zer pauso jarraitzen dituzue?

Ahalik eta intimitate eta goxotasun handiena eskaintzen dizkiogu eraso egin dioten pertsonari, karpako argiak itzaliz eta furgoneta barrura sartuz.  Lasaitzen joaten den heinean, dauden aukerak azaltzen dizkiogu: ospitalera joan nahi al duen, salaketarik jarri nahi duen... galdetzen diogu. Garrantzitsuena da erasotuak jakitea eraso sexual baten ostean ez dagoela salaketa jartzera behartuta, eta ospitalera, Gizarte Zerbitzuetara edota Udaltzaingora jo dezakeela, salaketa jartzera behartua egon gabe. Ospitalera joatea oso garrantzitsua dela ere jakin behar du, erasoaren ondorioak arintzeaz gain, laginak hartu ahal izango dizkiotelako, aurrerago salaketa jarri nahiko balu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide