Atzo, osteguna, egin zuten Isilune Zirkuluaren hilabete honetako elkarretaratzea. Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna horretarako baliatuta, saharar herriaren askatasuna aldarrikatu zuten protestara batu ziren herritarrek. "Agintariei gure haserrea adierazi eta errefuxiatuei gure babesa eskaini nahi diegu", esanez hasi zuten kontzentrazioa.
Elkarretaratzea deitu zutenek sahararren egungo egoeraren berri eman zuten lehenik. "49 urte daramatzate errefuxiaturik Tindufeko basamortuan bizirauten, Aljeriako lurretan. Beste saharar batzuk, berriz, Marokok okupatutako lurraldeetan daude, etengabeko errepresioa jasaten. Mendebaldeko Sahara 2.720 kilometro luzeko harresi militar batek banatzen du: alde batetik, okupatutako lurralde-zatia dago, eta bestetik, Fronte Polisarioak liberatutako lur-zatia. Harresia, munduko harresi militar luzeena da, eta pertsonen kontrako minez eta munizioz beterik dago; urtero, ehunka biktima uzten ditu", adierazi zuten. Saharar herriari "elkartasuna" adierazi zioten bertaratutakoek, eta beraien egoera "gordina eta ankerra" salatu zuten.
Segidan, zenbait puntu zerrendatu zituzten deitzaileek sahararren egoera deskribatzeko. Haien arabera, Mendebaldeko Saharan oinarrizko giza eskubideak "ez dira errespetatzen" eta eskubide horiek "egunero urratzen" dituzte. Gainera, lurralde okupatuetako sahararrek, bereziki emakumeek, "jazarpena eta tratu txarrak" jasaten dituzte egunez egun Marokoko okupazio-indarren eskutik. "Baztertuta daude gizartean, ikastetxeetan, lantokietan zein ospitaleetan", esan zuten. Halaber, salatu zuten nazioarteko zenbait enpresa Mendebaldeko Saharan "baliabide naturalen espoliazio ilegala" egiten ari direla, eta horren aurrean inork ez duela neurririk hartzen.
49 urtez Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan bizirauten dauden sahararren egoera "jasanezina" da. "50 gradutik gorako tenperaturak dituzte, eta ur nahiz janari eskasia dute. Urteek aurrera egin ahala, haietaz ahazten ari gara, eta nazioarteko laguntza nabarmen gutxitu zaie; bertan bizi diren emakumeen eta haurren %50ak baino gehiagok anemia nahiz osasun arazoak ditu". Gaineratu zuten, komunikabideetan ez dutela erakusten Mendebaldeko Saharan gertatzen dena, eta "auzia isilarazi" nahi izana egotzi zien horiei.
Mendebaldeko Saharari 1975ean agindutako autodeterminazio eskubidea ez diote aitortu oraindik, eta nazioartera begira ere jarri ziren atzo. "Nazioarteak ez du inolako aurrerapausorik ematen ebazpenek diotena betetzeko eta arazoari irtenbide bat bilatzeko". Horregatik guztiagatik, sahararren gatazkan esku hartzeko eskatu zioten atzo Azkoitiko plazatik Espainiako Gobernuari, Nazio Batuen Erakundeari (NBE) eta Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioari (MINURSO). "Saharako gatazkak, gatazka geopolitiko bat izanik, erantzun politiko bat behar du. Bien bitartean, jarrai dezagun herri horren egoera ikusarazten eta autodeterminazio erreferenduma exijitzen", adierazi zuten.
Arropa bilketa, bihar
Oporrak Bakean programaren barruan uda Euskal Herrian igaroko duten haur errefuxiatu sahararrentzako arropa eta oinetako bilketa antolatu du Darahli elkarteak, eta Azkoitian ere egin dute arropa jasotzeko hitzordua. Bihar, hilak 22, Kontzejupean egongo dira Darahlikoak 10:30etik 13:00etara, herritarrek eramaten dituzten jantziak jasotzeko.