Azkoitiarren doinuak

Leire Garateren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2024ko api. 3a, 09:00

Leire Garate mendizalea.

Leire Garate Anaitasuna mendi bazkunako kidea da Azkoitiarren doinuak ataleko 38. protagonista. Maxixatzenek hala eskatuta, mendizaleak bost euskal kanta hautatu ditu, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • Hitzetan (Idoia Asurmendi):

"Abesti honen doinua atsegina egiten zait, baina bereziki bere letra eta gure historiako emakume esanguratsuei egiten dion erreferentzia gustatzen zait (Angela Davis, Maialen Lujanbio, Maurizia, gure amonak…). Gustoko dut artista gazte honen ahotsa eta bereziki abesti hau".

  • Aspaldiko loreak (EH Sukarra):

"Pandemia garai hartan asko entzun nuen abesti hau, eta egia esan, ordutik askotan entzuten dut eta aspertzen ez nauen abesti bat da. Alaia iruditzen zait eta besterik gabe, gustoko dut".

  • Teoria bat (Gorka Urbizu):

"Gorkari miresmen berezia diot artista bezala, umila eta gertukoa ikusten dut. Bere abesti guztiak gustatzen zaizkidala esango nuke, Peyremans-en zegoenekoak, Katamalorenak… eta nola ez Berri Txarrakenak. Baina bat aukeratu behar badut, bere azken diskoko abesti hau aukeratuko nuke. Gaur egun bizi dugun mundu zoro eta alrebes hau primeran islatzen duen esaldi bat duela iruditzen zaidalako: "Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude, eta ez da gauza bera, inola ere”.

  • Nire amaren etxea (Rotten XIII):

"Rotten-en abesti asko gustatzen zaizkit, beraien abestietan dituzten doinuak gustoko ditut. Gure identitateari eta historiari egiten diote erreferentzia beraien letrek abesti askotan, eta hori polita iruditzen zait. Baina bat aukeratzekotan hau aukeratuko nuke.

  • Harria (Garena):

"Abesti hau orain dela ez asko deskubritu nuen, eta hasieratik gustatu zitzaidan. Mendi taldetik Pirinioetara egin genuen mendi eskiko irteera baten bideomuntaia egiteko erabili genuen, eta oroitzapen politak ekartzen dizkit. 10 urte baino gehiago daramatzagu irteera horiekin eta beti oso ondo pasatzen dugu. Motibagarria iruditzen zaidan abesti bat da, eta transmititzen duen mezuarekin ere identifikatuta sentitzen naiz".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide