"Asmoa ez da sanandresetako danborrada bera egitea, zerbait xumeagoa, berezia eta polita baizik"

Andoni Elduaien 2023ko abu. 12a, 17:00

Andremarietako danborrada antolatzen aritu diren kideetako batzuk. (Erredakzioa)

1948ko abuztuaren 14an egin zen lehenbizikoz Azkoitiko helduen danborrada. Aurten, beraz, 75 urte beteko ditu, eta gaur egun dataz aldatuta dagoen arren, ekintza ugari izango dira urtemuga ospatzeko. Lehenbiziko hitzordua Andremari bezperan izango da, hasierako urte haietako danborrada berreskuratuko baitute. Urteurreneko ospakizunak antolatzeko azpibatzorde bat osatu dute Joxan Mendizabalek, Oihana Sudupek, Marta Arregik, Jennifer Iriondok, Ariane Etxanizek eta Juli San Vicentek. Maxixatzen talde horretako boluntario batzuekin bildu da urteurrenaren berri izateko.

Nolatan sortu da danborrada egiteko aukera?

Marta Arregi: Azkoitiko helduen danborradak 75 urte betetzen ditu aurten, eta andremarietan danborrada egitea erabaki da, lehen Andre Maria bezperan egiten zelako.

Joxan Mendizabal: 1948. urtean izan zen lehenbiziko danborrada, eta 30 barrika jotzaile eta 30 danbor jotzaile atera ziren; 60 bat lagunek parte hartu zuten danborrada hartan. Andremarietako azken danborrada, berriz, 1998. urtean izan zen, 50. urteurrenean. Gero, 1999an, Azkoitiaren 675. urteurrena aitzakiatzat hartuta, Urrategiko festen bezperan egin zen danborrada, eta 2000. urtean hasi ziren San Andres festen barruan ospatzen. Ordudanik izugarrizko indarra hartu du danborradak.

Urteurrenaren harira egingo da, beraz, danborrada andremarietan. Nola egin da antolaketa?

Oihana Sudupe: Helduen danborradaren balorazio bilera egin zen martxoan, eta han parte hartu zuten taldeetako zuzendariek eta arduradunek. Bilera hartan atera zen urteurrenaren gaia, eta zerbait berezia egin beharko zela esan zen. Jendea prest zegoela ikusirik, azpibatzordea eratzea erabaki zen, urtemugako ekitaldien ardura hartzeko, beti ere, Azkoitiko Udalaren laguntzarekin.

Nolako danborrada izango da aurtengo andremarietan egingo dena?

J.M.: Kasualitatez, orain dela 75 urte egin zen haren antzekoa izango da, 60 pertsona inguruk parte hartuko dute: 30 barrikak eta 30 danborrek. Bandarekin irtengo da danborrada, baina txaranga formatua izango du.

M.A.: Bi taldetan banatuta egongo dira parte hartzaileak; alde batetik, barrikak; eta bestetik, danborrak. Zuzendariak, berriz, Joxan eta biok izango gara, eta lau banderadun ere izango dira, kantinerarik gabe.

J.M.: Jendeak oso ondo erantzun du. Danborradan parte hartzen duten kide denei nahi genien mezua helarazi, eta Danborradako Batzordera bidali genuen mezua, hango kideek talde bakoitzera helaraz zezaten. Talde guztietako kideek parte hartzea nahi genuen.

M.A.: Asmoa ez da sanandresetako danborrada bera egitea, zerbait xumeagoa, berezia eta polita baizik.

O.S.: Arropen kontua berezia izan da; izan ere, hasieran talde bakoitzaren arropak erabiltzea zen asmoa, baina arropa batzuk oso negukoak dira, udarako oso beroak. Hala, denak galtza bakeroekin eta kamiseta eta zapatila zuriekin aterako gara. Danbor eta barrika jotzaileek txapel beltzak ere jantziko dituzte, zuzendariek gorriak, eta banderadunek, aldiz, berdeak. Denok zapi gorri bereziak eramango ditugu soinean.

Zeintzuk izango dira abuztuaren 14koak betiko danborradarekin alderatuta izango dituen antzekotasunak eta desberdintasunak?

M.A.: Musika berbera izango da, eta ibilbideari dagokionez, danborrada frontoian hasi eta Balda plazara joango da. Handik bueltan, berriro frontoira joango da taldea, eta bidean geldialdiak egingo ditu.

J.M.: Betiko danborradan 11 taldek parte hartzen dute, hau da, 500 pertsona inguruk, eta andremarietakoa ekitaldi zehatz bat besterik ez da izango, ohiko danborradari keinu bat egiteko antolatutako ekitaldia.

M.A.: 20:30 inguruan hasiko da danborrada, Salbearen ondoren, eta ordubetez, danborrak eta barrikak entzuteko aukera izango da Azkoitiko kaleetan. Danborrada ikustean, herritarrek gogora dezatela duela urte batzuk danborrada egiten zela andremarietan!

Entseguak ere antolatu dituzue, ezta?

M.A.: Bi entsegu egingo ditugu: bata, larunbatean, eta bestea, astelehenean, egunean bertan. Biak 10:00etan izango dira Gurea pilotalekuan. Danborradan irteten den jendea izango da bi saio horietan, eta bi entsegurekin nahikoa izango dela iruditzen zaigu. Gainera, abuztua izanda, garai txarra da entseguak egiteko.

Atzera begira jarrita egingo den danborrada horrek izango al du hasierako urte haiekiko beste keinurik?

J.M.: Bai, urte luzez danborrada antolatzen egindako lana goraipatuko zaie Umore Ona eta Beti Poz elkarteko kideei. Gainera, berezia izango da aurtengo txupinazoa, udalak hasierako danborradan parte hartze esanguratsua izan zuten herritarrei eskaini dielako suziria botatzea.

Danborradaren egunean ospakizun pribaturik izango al duzue?

M.A.: Gure aurreikuspenen arabera, 22:00 aldera bukatuko dugu danborrada. Ondorioz, danborrada amaitutakoan, parte hartzaile guztientzat mokadua izango da Gurea pilotalekuan.

Urteurrenaren harira ekintza gehiago izango direla esan duzue. Zerbait aurreratzerik ba al duzue?

M.A.: Gauza gutxi dugu aurreratzeko, baina esan dezakegu ia ekintza guztiak azaroan izango direla, betiko danborradarekin lotuta.

J.M.: Danborradako Batzordearekin bilera egin genuen uztailean urteurreneko proposamena aurkezteko, eta denen adostasunarekin osatu ditugu ekintzak. Aurreratu ditzakegun gauzen artean badira batzuk: sare sozial bereziak egin ditugu herritarrekin informazio guztia elkarbanatzeko, Maite Galanek logoa egin dio urteurrenari, logo horrekin zapiak egin ditugu...

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide