Azkoitiarren doinuak

Naia Arrizabalagaren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2023ko abu. 23a, 09:00

Naia Arrizabalaga.

Naia Arrizabalaga Erniarraitz bertsozale elkarteko kidea da, eta bera da Azkoitiarren doinuak serieko 30. protagonista. Hauek dira Arrizabalagak aukeratu dituen bost euskal kantak.

  • Aitormena (Hertzainak)

"Kanta hau ezagutu nuenean, Hertzainakek bere ibilbidea amaitutzat emana zuen. Hertzainak taldearen inguruan asko hitz egin izan da nire inguruan betidanik, baina aurten arte ez nuen zuzenean taldea entzuteko aukerarik izan. Hainbat belaunalditatik pasa ostean, gurean ere utzi du bere arrastoa. Parrandan oraindik ere Ez dira betiko garai onenak entzun orduko, abestia lehenengo aldiz entzungo bagenu bezala abesten dugu".

  • Gora gu ta gutarrak (Gu ta gutarrak)

"Talde hau lagun batzuen bitartez deskubritu nuen, nahiz eta ordurako taldea jada deseginda zegoen. Disko honetako abestiak behin eta berriz jarraian entzun izan dut sarritan. Abesti honek, ordea, bereziki une onak gogorarazi eta alaitasuna transmititzen dit".

  • Ilunabar (Xabi Etxaniz eta Ainara Saizar)

"Mahai buelta asko alaitu izan dituzte trikitiak eta panderoak. Abesti hau ere sarritan abestu izan dut lagunartean, bai bazkalostean, bai afalostetan".

  • Irri egiten dunari (Pirritx, Porrotx eta Mari Motots)

"Berezia da abesti hau, Maialen Lujanbioren letrak behin eta berriz abestu izan baititugu lagunartean. Pandemiatik irten ginenean, batez ere, asko abesten genuen; hilabete asko bakarrik pasa eta gero, irri egiteko beharra azpimarratu nahian edo. Pirritx, Porrotx eta Mari Motots haurrak ginenetik entzun izan ditugu, eta abesti honek haurtzaroko oroitzapenak orainaldiarekin lotzen dizkit".

  • Gau urdinak (Ken Zazpi)

"Ken Zazpi noizbait guztiok entzun izan dugun talde horietako bat da. Sarritan izan da nire logela ertzeko zein kotxeko soinu banda. Abesti honek lasaitasuna transmititzen dit, eta askotan entzuten dut kotxean edo autobusean noanetan".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide