- Habanera (Xabier Munibe Ikastola)
"Gaztetan ikastolan entzundako bertsoa da hau. Azken urteetan Xabier Muniberen urteurrena dela-eta bereziago bilakatu dena. Letrak esanahi handia du, eta beti jartzen dit oilo narrua".
- Orfidentalak (Anari)
"Anariren musika berandu ezagutu dut. Askorentzat musika iluna izango da, baina iluntasun horrek askotan laguntzen du. Ez da egunero entzuten dudan abesti bat, baina duen erritmo eta ahots bereziak kantu borobila egiten dute".
- Biluzik (Neomak)
"Tradizioa eta euskal folklorea zabaltzeko, musika mota desberdinekin fusioa egiten duen talde honen lana paregabea da. Neska hauen irrintziak luzaroan entzungo ditugulakoan nago".
- Pizten ari da (Bulego)
"Bulego taldearen erritmoek ere oroitzapen asko ekartzen dizkidate gogora. Kantu honen kasuan, bideokliparen, doinuaren eta letren bitartez andremariak etortzen zaizkit burura. Dagoeneko usaintzen ditugun momentu hauetan oso ondo dator".
- Denak begira daudelaik (Olaia Inziarte)
"Azkenaldian egin dudan deskubrimenduetako bat da Olaia Inziarte. Bere abestiak tentuz entzuteko modukoak dira. Dantzatzeko naiz lasai entzuteko moduko kantak ditu, eta guztietan ikusten da garbi zeinen mimo handiarekin dauden landuta".