Atzo, osteguna, 2019-2023 agintaldiko azken udal aurrekontuak onartu zituen Azkoitiko Udalak. Udal Gobernuko bi bazkideen adostasunarekin atera zituzten kontuak aurrera, hain zuzen, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Azkoitia Bai herri plataformak, berriz, aurkako botoa eman zuten. 2023. urtean, Azkoitiko Udalak 16.760.000 euroko aurrekontua izango du, 2022. urtean izan duena baino handiagoa —16,3 milioi euroko aurrekontua onartu zuen udalak 2022rako—.
Oro har, 2023ko aurrekontuen zati handiena arlo sozialera eta sustapen ekonomikora bideratuko ditu Azkoitiko Udalak datorren urtean, eta "igoera esanguratsua" izango dute Gizarte Zerbitzuen, Kulturaren eta Kirolen sailek. Sustapen ekonomikorako 462.043 euroko partida aurreikusi dute. Kopuru horren zati bat Iraurgi Berritzen garapen eta berrikuntza agentziarentzat izango dela adierazi zuen Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak. Bestetik, udalak 4.128.457 euro bideratuko ditu dirulaguntzetara, aurrekontuaren ia %25.
Inbertsioetara 1.032.000 euro erabiliko dituela adierazi du udalak, aurrekontu osoaren %6,16, hain zuzen. Besteak beste, Madariagako pilotalekuaren (25.000 euro) eta Oteiza pilotalekuen eraberritzera, landa bideen konponketara (100.000 euro), eta kirol instalazioen hobekuntzetara (415.000 euro) bideratuko du udalak inbertsioaren zati bat. Azken partida horretatik 360.000 euro erabiliko ditu erakundeak San Juango futbol zelai artifiziala eraberritzeko. Lanketa horretarako, ordea, Aldunditik 150.000 euroko dirulaguntza jasotzea espero dute. Halaber, bidegorrian komun publiko bat jartzea (35.000 euro) eta Hirigune Historikoa Berreskuratzeko Plan Estrategikoaren azterketa bat ere aurreikusi dituzte. Azterlana egiteko 20.000 euroko partida bideratuko dute. Bide publikoak berritzeko partida bat (100.000 euro) ere zuzendu dute aurrekontuetara.
Gizarte Zerbitzuena izango da igoera handiena izango duen udal saila; izan ere, %20ko igoera izango du datorren urteko aurrekontuetan sail horrek. Udalaren esanetan, "nabarmen" handitu dira etxez etxeko zerbitzuaren partida, gizarte larrialdietarako laguntzak eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei zuzendutako laguntzak. Bestalde, udaleko Berdintasun eta Prebentzio arloa Gizarte Zerbitzuetatik bereiztea eta organo propioa sortzea erabaki dute. Datorren urtean, 193.000 euroko aurrekontua izango du Berdintasun eta Prebentzio arloak. Azkoitia zinegotziak adierazi zuen aurrekontu osoaren %1,15 bideratuko dutela sail horretara, eta horrela, legeak eskatzen dutena betetzeko moduan izango direla.
Halaber, Kultura eta Gazteria Sailak %12,2ko igoera izango du, eta Kirolak eta Festen Sailak ia %14,5ekoa. Musika eta antzerki ekitaldien programaziorako 347.300 euro bideratuko ditu erakundeak. Gazteria Sailak, ostera, 397.100 euro izango ditu datorren urteko udal kontuetan, eta jai-ekitaldiak programatzeko 41.850 euro gehiago. Bestalde, Udal Gobernuak erabaki du eraikin eta ekipamendu publikoen mantenua eta energia gastuak Lan eta Zerbitzuak Sailaren barruan sartzea. "Orain arte, gastu horiek sail bakoitzaren kontuetan jasotzen ziren, eta horregatik, 2022ko partidekiko alderaketak ez du islatzen benetan izan den igoera". Arrazoi beragatik, Lan eta Zerbitzuen partida 2.293.200 eurotik 2.898.500 eurora igoko dute. Euskara Sailari dagokionez, ikastaroetarako dirulaguntzak "gehitu" egin direla adierazi zuen Azkoitiak, eta partida berri bat ere aurreikusi dute bertso lehiaketa bat antolatzeko. Ingurumen Sailaren partidarik esanguratsuena, berriz, Urola Erdiko Mankomunitateari bideratutakoa izango da, hondakinen bilketagatik 1.359.817 euro jasoko baititu.
Alderdien adierazpenak
2020 eta 2021 urteak "konplikatuak" izan zirela esanez hasi zuen Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak aurrekontuen aurkezpena. "Ezohiko egoera bat bizi izan genuen, baina COVID-19a gainditzera gindoazela uste genuenean, Ukrainako inbasioa eta energiaren zein lehengaien prezioen gorakada etorri dira. 2022an, udalak ateratako esleipenak hutsik geratu zaizkigu, eta ondorioz, berriz lizitaziora atera behar izan ditugu. Denboran atzeratzea ekarri digu horrek, eta partidetan diru gehiago jarri beharra; ez da urte erraza izan". 2023rako egin dituzten aurrekontuak "bizi garen egoera kontuan hartuta" aurkeztu dituztela azaldu zuen hark.
Udal Gobernuak aurrekontuak egin eta gainerako alderdiei aurkeztu ondoren, oposizioaren ekarpenak jasotzeko batzordea egin zutela adierazi zuen Azkoitiak. "Batzorde hartan argi gelditu zen bakoitzak zein asmo zituen. Azkoitia Baik aurten negoziaziorako asmorik ez zuela erakutsi zuen hasieratik. EH Bildurekin, berriz, saiakera bat izan da, baina haiek eskatutako partida batzuk sartu beharrik ez dugu ikusi, horiek betetzat ematen baititugu. Beste ekarpen batzuk, ordea, sartu ditugu, baina ez beraiek eskatutako kantitateetan".
Janire Igoa PSE-EEko zinegotziak ere hartu zuen hitza, eta sozialistak adierazi zuen datorren urteko aurrekontuak "pertsona zaurgarrienekin" pentsatuta eta "inor atzean gera ez dadin" egin dituztela. Hala, "Gizarte Zerbitzuak indartzea" eta "ongizatea bermatzea" lortuko dutela adierazi zuen hark. Besteak beste, espazio publikoen eta parkeen mantenu lanak, atletismo pista bat egiteko proiekturako partida bat, kiroldegian spa eremua hobetzeko lanak eta udal eraikinetan piktogramak jartzea adostu dute sozialistek jeltzaleekin.
EH Bilduko eta Azkoitia Bai herri plataformako bozeramaileek ere hartu zuten hitza atzoko udalbatzarrean, eta 2023ko udal aurrekontuei emandako ezezkoa arrazoitu zuten koalizioko Iraitz Otaño eta herri plataformako Jose Joaquin Etxaniz bozeramaileek. Koalizioak adierazi zuen "ia 800.000 euroko proposamena" egin duela datorren urteko aurrekontuetarako, baina Udal Gobernuak "zati txiki bat" besterik ez duela txertatu.
EH Bilduk Floreagako igogailuen proiektuaren hurrengo fasea egikaritzeko lanak aurrekontuetan txertatzea, energia kooperatiba bat sortzeko diru partida bat sortzea, inguruko basoak erosteko eta horiek berreskuratzeko partida bat ezartzea eta Berdintasun Sailerako aurrekontuen partida igotzea eskatu zuen. Berdintasun teknikariak lanaldi osoa izateko eskaera ere luzatu zuten. Horiek, ordea, ez dituzte bere horretan aurrekontuetan. EH Bilduk egindako zenbait proposamen txertatuko dituzte, ordea, hala nola eguzki plakak eraikin publikoetan jartzeko partida, bidegorrian komun publikoa jartzeko partida eta Hirigune Historikoa Berreskuratzeko Plan Estrategikoan aldaketa egiteko partida. Dena den, Otañok adierazi zuen iazko aurrekontuetarako adostutako zenbait puntu ez dituela bete Udal Gobernuak.
Azkoitia Bai herri plataformak, bestalde, aurrekontu propioak aurkeztu ditu aurten. Etxaniz zinegotziak Udal Gobernuari egotzi zion, besteak beste, 2022ko aurrekontuetan udalak ez duela egin jubilatuei bizi baldintza duinak bermatzeko azterketa. Era berean, adierazi zuen herrigune osoko ibai ertzetan sareak ez dituztela jarri, ibaia ez dela garbitu, Elkarguneko Herriko Plaza aretoa ez dutela atondu, Aizpurutxo auzoko indarretxeen azterketarik ez dela egin eta baserri bideen inbentarioa egiteko lizitazioa hutsik geratu zenetik ez dela beste saiakerarik egin.
Herri plataformak "beharrezkoa" ikusten du egoitzaren eta udalaren artean bitartekaritza lanak egingo dituen norbait kontratatzea; Kontzejupetik aldizkariaren eta udalaren webguneko zenbait atalen partidak murriztea edo zuzenean kentzea eskatu zuen; parte hartzera bideratutako partida "jartzeko beharrik ez" du ikusten, "erabaki guztiak Udal Gobernuak hartu" ohi dituelako; udaleko goi-karguen soldatak %20 jaistea eta Maxixatzen Euskaldunon Elkarteari partida osoa eskaintzea proposatu zituen. Ingurumen arloan, laguntzak bikoiztea, korridore ekologikoak bultzatzea, Gabonetako argiak murriztea eta herriko energia gastua aurrezteko azterketa egiteko galdegin zion Udal Gobernuari. Etxanizek adierazi zuen osoko emendakina aurkezteko bidea egina zutela, baina "kontu-hartzailetzari alferrikako gainkargarik" ez ezartzeko, ez aurkeztea erabaki zuten.
Hona hemen erakunde guztien aurrekontuak:
- Aurrekontu Kontsolidatua: 20.091.592 euro.
- Azkoitiko Udalaren aurrekontua: 16.760.000 euro.
- Zubiaurre-Elkargunea Institutuaren aurrekontua: 1.115.000 euro.
- San Jose egoitzaren aurrekontua: 68.300 euro.
- Azkoitia Lantzen sozietate publikoaren aurrekontua: 3.245.092 euro.