Azkoitiarren doinuak

Intza Lizarazuren euskal kantu gogokoenak

Erredakzioa 2022ko abu. 3a, 09:00

Intza Lizarazu ISBko saskibaloi jokalari azkoitiarra. (Utzitakoa)

Intza Lizarazu Azkoitia-Azpeitia ISBko saskibaloi jokalari azkoitiarra da Azkoitiarren doinuak serieko hamabosgarren protagonista. Bost euskal abesti aukeratu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

Laztana (Latzen): "Txikitan, lagunekin San Asensiora joaten ginen udalekuetara, eta han egunero abesten genuen kanta hau; begiraleek gitarra jotzen zuten eta guk abestu. Orduz geroztik beti eduki izan dut kanta kutunen artean. Berezia iruditzen zait eta oroitzapen politak ekartzen dizkit: han egindako lagunak, begiraleak, tokia bera… Etxetik kanpo hainbeste egun pasatako lehenengoetako egunak".

Adio laguna (Gozategi): "Agur esateko momentuetan edo despedidaren bat dagoenean, burura datorkidan abestia da honakoa. Irakaslea naizenez, sarritan ikasturtearen amaieran eskola horri nahiz bertako lankide-lagunei agur edo gero arte esateko momentua iristen denean datorkit abestia burura. Gauza bera gertatzen zait saskibaloian taldera batutako fitxaketei agur esateko momentua iristen denean eta agian gehiago harekin ez duzula jolastuko kontziente zarenean ere".

Amaren besoetan (Sorotan Bele): "Gure golf zaharrean urteetan egon izan da Sorotan Bele taldearen CDa, eta hango lehen abestia da hau. Familiarekin hondartzara joaten ginenean edota kotxea hartzen genuen bakoitzean, guztiok buruz genekizkien abesti guztiak. Nire talde gustukoenetako bat izan da".

Bueltatzen (Berri Txarrak): "Berri Txarrak taldearen abesti bat aukeratzea zaila egiten zait, guztiak baitira bereziak. Letra polita izateaz gain, musikak transmititu egiten dute. Bueltatzen abestiak zerbait berezia transmititzen dit. Ta non ezkutatzen zinen orain arte..? Ditugun esperientziek egiten gaituzte garenak".

Badira hiru aste (Mikel Urdangarin): "Lasaitasuna transmititzen didan abestia da, eta lasai egon nahi dudanean askotan entzuten nahiz abesten dut. Abestiak dioen bezala, bizitzak sarri erakusten du badena eta ez dena".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide