Azkoitiarren doinuak

Joseba Beristainen euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2022ko uzt. 27a, 09:00

Joseba Beristain.

Joseba Beristain konpositorea da Azkoitiarren doinuak serieko hamalaugarren protagonista. Bost euskal abesti aukeratu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • Amodioaren eza (Sorotan Bele): "Nire lehen taldearekin (Itzain) abestiak egiten hasi ginenean, Sorotan Bele zen gure erreferenteetako bat, garai hartan modan zeudelako eta asko gustatzen zitzaigulako. Ordurako ni buru-belarri nenbilen musika instrumentala entzuten, horregatik estimatzen nuen bereziki abesti hau. Eta nola ez, antzeko kanta bat egin genuen guk ere Sorotan Bele imitatuz. Ederra izan zen gainera beraiekin batera herriko plazan eman genuen gure lehen kontzertuan jo ahal izatea!"

  • Hil da jainkoa (PI.L.T): "Lagunekin herritik kanpora ikustera joan nintzen lehengo kontzertua PI.L.T taldearena izan zen, Zestoako Gaztetxean, hain zuzen ere. Talde honen indarra eta teklatua erabiltzeko zuten modu partikularra oso erakargarria egiten zitzaidan. Zuzenean ikustea bikaina izan zen, eta bikaina duela urte gutxi batzuk haiek berriro ere Bilboko Kafe Antzokian ikusi ahal izateko aukera eduki izana ere".

  • Hel nazazu eskutik (Ken Zazpi eta Fernando Velazquez): "Abestia original ederra iruditzen zait, ederra bezain gogorra, kontatzen duenagatik. Eñaut Elorrieta abeslari bikaina iruditzen zait eta Fernando Velazquezek egindako orkestrarako moldaketarekin, abestia beste maila batera eraman zutela iruditzen zait, fina, dotorea, hunkigarria eta indartsua dela iruditzen baitzait".

  • Egunsentian (Kuraia): "Beti iruditu zait abesti honek izugarrizko indarra duela. Etxean ez nuen inoiz entzuten, baina parrandaren batean tokatuz gero, 'subidoi' ederra!"

  • Oreka (Berri Txarrak): "Autoz nindoala entzun nuen lehenengo aldiz abesti hau irratian, eta harrituta geratu nintzen. Nola egin zezaketen horren abesti potentea horren elementu gutxirekin? Badu abesti honek energia partikularra. Hiru lagunen artean bakarrik eginda egon arren, belarri osoa betetzen duen abestia da (beraien abesti ia gehienek bezala!)"

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide