Azkoitiarren doinuak

Juan Inazio Suduperen euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2022ko api. 20a, 09:00

Juan Inazio Sudupe.

Juan Inazio Sudupe salestarra da Azkoitiarren doinuak serieko hamabigarren protagonista. Ez zaio erraza egin bost kantu aukeratzea eta horiek "gogokoenak" dituela esatea, "oso gustuko" dituen beste hainbat artista eta abeste zerrendatik kanpo utzi behar izan baititu. Dena den, honako hau da bere aukeraketa:

  • Atharratzeko gazteluko kantua (Benito Lertxundi): "Benito Lertxundiren kantagintza oso gustukoa dut. Bere kantu batzuek euskaraz alfabetatzen lagundu zidaten; esaterako, Ez dok hamahiru taldearen ibilbidearen hasierako Gure bide galduak eta Gazte sentimental abestiak. Atharratzeko gazteluko kantua aukeratu dut. Benitok lan bikaina egin zuen Zuberoako kantuak moldatzen eta gerturatzen… 1984-85 ikasturtea Italian eman nuen, Torino, eta uste dut bere kantuak egunero entzuten nituela…".

  • Haizea garizumakoa (Ruper Ordorika): Hautsi da Anphoratik bere azken diskoraino, izugarri gustatzen zait Ruperren kantak sortzeko eta kantatzeko modua. Zuzenean behin baino gehiagotan entzuteko zortea izan dut. Azken diskoak, bakarka eta Kubako erresonantziak
    dituztenak, oraindik eta gehiago gustatzen zaizkit. Bat esatearren, Haizea garizumakoa
    aukeratu dut".

  • Eperra (Anje Duhalde): "Nire ustez, bere Zuzenean diskoa bikaina da; askotan entzuten dut. Hemen ere kantu bat aukeratu behar, eta Eperra hautatu dut. Askotan kantatu dugu
    lagun artean, eta adiskide on batzuen oroigarri bizia da kantua".

  • Xalbadorren heriotzean (Erramun Martikorena): "Erramun Martikorena kantuan bikaina iruditzen zait, a capella abesten dituen kantuak hunkigarriak dira niretzat. Erramun zuzenean entzun eta agurtzeko aukera ere izan dut: benetan argia eta gozoa. Xalbadorren heriotzean aukeratu dut, Erramunengatik eta Xalbadorrengatik. Bertsolaritzaren mundua asko interesatzen zait, eta Xalbadorren bertsoak tartean behin irakurtzen eta entzuten ditut, nahiz eta bere soinu artxibo gutxi ditudan. Xabier Lete da kantuaren sortzailea, eta bere poesia eta musika ere oso gustukoak ditut. Urnietan Xabierrekin tratu pixka bat izan nuen. Bost kantu soilik dira, eta bego Erramun".

  • Errefuxiatuena (Izaro): "Bere ahotsa ederra iruditzen zait. Euskadiko Orkestrarekin batera grabaturiko Errefuxiatuena abestia aukeratu dut. Etorkinen egoerak gero eta gehiago ukitzen dit barrua, Azkoitira eta Euskal Herrira etorri diren etorkinen egoerak, hain zuzen. Ukrainarren egoerak, noski, baita bidegabeko biolentziatik ihesi datozkigun afrikarren eta latinoen egoerak ere. Gai honen inguruan Europak oro har duen-dugun hipokrisiak haserrea sortzen dit. Kantu hau hunkigarria eta zoragarria iruditzen zait".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide