Azkoitiarren doinuak

Xabier Gantzarainen euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2021ko ira. 8a, 08:58

Xabier Gantzarain.

Xabier Gantzarain idazle eta arte kritikoa da Maxixatzen.eus-ek udan martxan jarri duen Azkoitiarren doinuak serieko bosgarren protagonista. Bost euskal abesti aukeratu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • Ama zer duzu nigarrez (Etxamendi eta Larralde): "Ruper Ordorikaren ahotsean ezagutu nuen kantu hau, biluzian zoragarri. Beti eman izan dit inbidia ondo kantatzen duen jendeak. Kantu honetan biak daude: nola eta zer. Euskaldunak beti izan du borrokarako arrazoirik, eta izango, tamalez, etorkizunean ere".

  • Nere herria (Juan Carlos Perez): "Borrokarako arrazoiak ez dira ordea esentzialak, kontingenteak baizik, eta hori onartzean dena aldatzen zaio bati. Ez genuen aukeratu hemen jaiotzea, baina hau da gure herria. Juan Carlos Perez ez da inoiz nabarmendu letra egile gisa, baina baditu batzuk eder askoak, eta hau da bat".

  • Jaun Zuriano (Hiru Truku): "Hau da gure herria, eta mundiala da ohartzea munduan zehar bueltaka dabiltzan istorioak dabiltzala hemen ere mendez mende. Harritik ateratzen du ezpata Jaun Zurianok, Arturo Erregeak bezala. Hiru Truku epifania bat izan zen niretzat, eta disko hau da bizi osoan gehiena entzun dudanetako bat".

  • Nao Es Tu, Faculdade De Sentir (Mikel Laboa): “Mundukoak garenez, ez genuenez aukeratu hemen jaiotzea eta hala ere hau denez gure herria, euskaraz mintzo bagara eta euskaraz kantatzen badugu, portugesez abesten dugunean ere euskal kantu bat segitzen du izaten, fado kutsuko kantu zoragarri honetan. Lisboan gaude nahi izatera, eta mundukoak gara bi aldiz".

  • Vinu, cantares y amor (Anari): "Mundukoak izateko beste modu bat besteren kantu ederrak geure hizkuntzan ematea da, hura bezain eder, ederrago akaso. Nacho Vegasen kantuaren bertsioa egin du Anarik, eta ereserki bat zena gure ereserki bihurtu du: kantatu, maitatu eta dantza, ezin bada ez da gure iraultza. Kantatu, maitatu eta dantza, ezer hoberik bada?”.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide