Udako lurrinak

Gauerako plana: Done Laurendiren malkoz betetako zerua

Maxixatzen.eus 2021ko abu. 12a, 08:05

Pertseidek uztailaren 16tik abuztuaren 24ra izaten dute aktibitate gehien, eta aurten, bereziki abuztuaren 12tik 13rako gauean; alegia, gaur gauean. Done Laurendiren malko izenez ere ezagunak dira. Arkamurka natur taldekoek eman dituzte pertseiden gaineko zenbait azalpen, eta horiek ikusteko toki egoki batzuen zerrenda egin ere bai.

Oporrak dira, gau giroa dago, eta oskarbi. Pertseidak ikusteko egun aproposa da. Pertseidak izar euriak dira, 109P/Swift-Tuttle kometak utzitako hauts-partikulak, hain zuzen. Pertseidak deitzen dira Perseus konstelazioaren parean ikusten direlako, Kasiopea konstelazioaren alboan. Euskal Herrian, berriz, Done Laurendiren –San Lorentzo– malkoak izenez ere ezagunak dira.

Fenomeno astronomiko hori uztailaren 16tik abuztuaren 24ra izaten da, eta, aurten, "abuztuaren 12tik 13rako gauean izango du aktibitate gehiena", aurreratu dute Zarauzko Arkamurka natur elkarteko astronomia saileko kideek. Pertseidak ikusteko, orokorrean, toki ilun bat aukeratzea da onena, argi-kutsadurarik gabekoa. "Erraza da pertseidak ikustea: gora, zerura begiratu, eta, hori bai, pazientzia izan", azaldu dute. Gure eskualdean badira hainbat gune egoki horretarako: Aittola Azkoitian, Goena Azpeitian, Aizarna auzoa Zestoan, Santa Ageda gaina Beizaman, Laurgain merenderoa Aian, Torreoia eta kanpin ingurua Zarautzen, nahiz Askizu auzoa Getarian. Aukeratu gertukoena edo gustukoena, emaitza bera lortuko baita batean nahiz bestean: ikuskizun txundigarria.

Behin lekua hautatuta, zer eraman pentsatu behar da, baina nahikoak dira erosoago egoten laguntzen duten beroki eta tapaki bana. "Etzan, eta konpainia onean bada, hobe!", gomendatu dute Arkamurkakoek.

Ikuskizuna betirako gogoan geldituko da, baina argazkiak ateraz gero, une oro pertseidez gozatzeko parada izango da. Argazkiak egiteko, reflex kamera digital bat eta tripodea behar dira. Kamera konfiguratzeko, berriz, argibide zehatzak ditu eskuragarri Somycek elkarteak (Kometa eta Meteoroen Behaketaren Espainiako Elkartea) bere webgunean (www.somyce.org).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide