Suhar gizonen abesbatza Udaberriko Musikaldiko bigarren kontzertuan

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 9a, 11:00

Datorren zapatuan, maiatzak 11, Suhar gizonezkoen abesbatza izango da protagonista 28. Udaberriko Musikaldian. 18:30ean hasiko da emanaldia, eta ohi bezala autobusa izango da Eroski txikiaren pareko geltokian, 18:00etan.

Abesbatzen munduan esperientzia handia duten 26 abeslariz osaturiko gizonen korua da Suhar. Datorren zapatuan, maiatzak 11, Azkoitiko Santa Kutz monastegian izango da, 18:30etik aurrera. Lehen proiektuan, Suharrek alemaniar eta austriar musikagile erromantikoen musika dakar, gizonen koruentzat obra kopuru amaigabea idatzi zen garaiko musika. 'Soirée' izenburupean, Mendelssohn, Schubert eta Brucknerren musika-lanak aukeratu dituzte, eta «maitasuna» eta «gaua» hizpide dituzten lanak taularatuko dituzte Azkoitian.

2018ko udazkenean sortu zen abesbatza, «gizonen abesbatzentzako errepertorioa maila gorenean lantzeko asmoarekin». Esteban Urzelai Eizagirre da taldearen sortzailea eta zuzendaria, eta helburua da abesbatza munduan duen esperientzia luzea bezain oparoa proiektu honen bitartez erakustera eramatea. Amaia Zipitria piano jotzailea du lagun abesbatzak. «Suhar, gure abesbatzen iraganetik abiatu eta gizonen koruek beren lekua izango duten etorkizunera eramango gaituen katebegia izateko asmoz jaio da», azaldu dute helburua. 

Esteban Urzelai zuzendari lanetan

Pianoko goi mailako titulua lortu zuen Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan, eta Koru Zuzendaritzakoak Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, Musikenen, Gabriel Baltés maisuarekin. Musikenen bertan, Orkestra zuzendaritzako ikasketak ere egin zituen Enrique García Asensio, Manel Valdivieso eta Arturo Tamayo maisuen eskutik. Industri Antolakuntzako ingeniaria da. Donostiako Orfeoiko zuzendariorde artistikoa da eta, era berean, bertako Orfeoi Txiki eta Orfeoi Gaztearen zuzendaria. Oñatiko Ganbara Abesbatzaren zuzendari aritu zen 1996 eta 2009 urteen artean, sari ezberdinak lortuz, aipagarriena 2004an lorturiko Kantu Koraleko Sari Nagusi Nazionala izan zelarik. 2016 urteaz geroztik, Euskal Herriko Gazte Abesbatza zuzentzen du. Gipuzkoako Abesbatzen Federazioa eta Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearekin elkarlan estua du, azken honek antolaturiko Zuzendaritza Akademiako irakasle taldeko partaide delarik 2012tik. Bestalde, zuzendaritza eta interpretazio mintegi ugari eskaini izan ditu Galizian, Badajozen, Kordoban, Malagan, Sevillan, Ciudad Realen, Madrilen, Albaceten edo Asturiasen.

Bisita gidatua Santa Kutz komentura

Kontzertuaren aurretik, Ezkutuko Altxorrak egitarauaren baitan, bisita gidatua egingo da Santa Kutz Komentuan. 'Artea eta Musika Santa Kutz monastegian' izenburupean, 17:00etan izango da. Parte hartzeko, info@tierraignaciana.com atarian edo 943 15 18 78 telefonora deituta eman daiteke izena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide